2014'ko ekaiñaren 14'an Tolosako zezen plazan

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Garmendia 2014ko uzt. 25a, 10:00
Lenago gutxi bagendu bezala, gaitz berri bat agertu da gure artera: «Sanfilippo» bere izena; oraindik erremediorik aurkitu ez badiote ere, badute itxaropen, baiña orretarako diru asko bear eta or kakoa.

Ain zuzen, Ibarrako mutiko bat aurkitzen da gaitz orren mende, eta orrentzako dirua biltzeko jaialdia izan zan zezen-plazako ori. Olasagasti aizkolaria etorri zan Tolosara oraindik iñork egin ez dun lan bat egitera 55 urterekin, ogei oinbiko ebatera alajaiña, egur eta gastu gutziak bere gain artu eta biltzen zan diru guztia mutikoarentzat izateko baldintzarekin. Bere ametsa betetzen 2.09'14'ko denbora bear izan zun. Esan bear da, egurrak etzirala gozo-gozoak; emeretzigarren enborrean aizkorak puska bota zion eta enborrean gelditu eta segundo batzuren galera.

Jaialdia ikusten nengola bertso auek gogoratu zitzaizkidan, eta lenengo biak plazan bertan kantatu nitun.

1. Anai-arrebak arratsalde on
au da gure izatea,
plaza onetan azaldu degu
daukagun borondatea;
bertsolari batek esan zuna
banijoa esatea:
«karidadeak zabalduko du
zeruetako atea».

2. Olasagastik egin duena
ez degu nolanaikoa;
ogei enborrak erdibitzea
da bakoitza oinbikoa;
Ibarran degu pamili on bat
larritasun aundikoa,
ea lenbailen sendatzen degun
gaixo dagon mutikoa.

3. Itxaropenez jarri zaitea
maite Oier Iribarren,
sendabidea izango dezu
garestia izan arren;
borondate oneko jendeak
bilduta gaude alkarren,
ikusiko da alkartasunak
zenbat onura dakarren.

4. Zezen-plaza au ez da aurkitzen
gaur era itsusitan,
jendeak ondo erantzun dula,
ori nere iritzitan;
zoriona ere iritsi leike
ibilli gabe auzitan,
onela biltzen baldin bagera
premiz geraden guzitan.
5. Maitetasuna jende askori
gaur ezbaizaio ajola,
gero laguntza bear danean
eta ez dakite nola?
Onan lekuan etortzen dira
eriotza ta odola,
esango nuke gaurko ontatik
alde ederra dagola.

6. Anai-arrebak gogoan izan
Jesusek esan zigun ura:
«Alkar maitatu nik maite izan
zaituztedanaren modura»;
dotrin ederra erakutsita
ala igo zan zerura,
gizon arroa ez da erortzen
olako pentsamentura.

7. Olasagasti bizkor asi zan
egur gaiñez ebaten da,
bi orduko denbora orire
geiagorekin eten da;
bederatzi minutu pasatxo
epai-maitik esaten da,
kontrariorik txarrena beti
erlojua izaten da.

8. Orra Tolosako zezen-plaza
ekintza onez loratu,
esku zabalez gizaki pranko
da bertara inguratu;
aizkolariak egin zuena
bear degu gogoratu,
marka berri bat, gastuak ere,
xosik etzuan kobratu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!