elkarrizketa

«Oso pozik nago egin dudan ibilbidearekin»

Medikuntza ikasi ondoren, Iñaki Arratibel Alemaniara joan zen kirol medikuntza ikastera, eta ordutik, berrogei urte baino gehiago egin ditu kirol talde eta kirolariekin lanean.

Berrogei urte baino gehiago daramatza Iñaki Arratibel (Tolosa, 1959) kirol medikuak hainbat kirol talderekin eta kirolariekin lanean. Bere azken urtea izango du zeregin horretan, nahiz eta ez duen dena uzteko asmorik. Erretiroaren atarian, bere ibilbidea errepasatu nahi izan dugu. Hitz errazekoa, eta aho bizarrik gabe hitz egiten duen horietakoa da.

Zergatik aukeratu zenuen medikuntzako ikasketak egitea?

Txikitatik izan nuen argi medikua izan nahi nuela, eta, aldi berean, kirola ere uztartu nahi nuela. Ikasle ona nintzen, eta Eskolapioetan ikasten nengoen bitartean, bertan zegoen apaiz batek matematikako ikasketak egin behar nituela esaten zien gurasoei, baina, haiek argi esan zien, nik nahi nuena ikasiko nuela. Eta horrela izan zen. Aukera ezberdinak hautatu behar izan nituen, baina oso pozik nago hartutako erabakiarekin. Asko ikasi beharko nuela banekien, eta garai haietan gainera kanpora atera beharra zegoen. Nire kasuan, Valladolidera (Gaztela eta Leon, Espainia) joan behar izan nuen. Ondoren, kirol medikuntzan barneratu nintzen, eta aukera izan nuen Alemaniara joateko. Bertan pasa nituen urte batzuk, eta asko ikasteko aukera izan nuen.

Nola gogoratzen dituzu unibertsitateko urteak?

Lehen urteak zailagoak izan ziren, baina laugarren maila egitera jada Donostiara etorri ginen. Lehen promozioa izan ginen. Oso urte interesgarriak izan ziren. 1975. urtean hasi nituen ikasketak unibertsitatean. Artean hamasei urte besterik ez nituen. Karrera hasi eta hilabete gutxira Franco hil zen, baina bertan gelditzea erabaki genuen. Garai hartan, hiru mila euskaldun geunden bertan, eta gogoan daukat egindako lehen asanbladan, mila pertsona inguru elkartu ginela. Bertan, ordurako, Anjeles Iztueta zegoen irakasle gisa, eta bertan ikusi ninduenean, nik ere irakasle bezala hasi behar nuela esan zidan. Ikasle eta irakasle aritu nintzen aldi berean. Eta halaxe hasi nintzen euskara ikasi nahi zuten hasiberriekin. Oso garai intentsoa izan zen hura.

Ondoren Alemaniara joateko hautua egin zenuen. Nondik sortu zitzaizun aukera hura?

Ikasketak amaitu, eta lanean urte pare bat egin eta ezkondu ondoren, Alemaniara joateko aukera sortu zitzaidan kirol medikuntza ikastera. Pedro Larraiozen eta Matthew Hermans txirrindulari ohiaren bidez, lehenik Maastrichtera (Herbehereak) joateko aukera aztertu genuen, baina segituan esan zidaten han ez zidatela utziko sartzen. Hura eta gero hitz egin zidaten Alemaniara joateko aukeraz. Alemanieraz hitz egiten ez nuenez, Koloniara joan beharrean, onena Friburgera joatea zela gomendatu zidaten.

Zertan hasi zinen lanean?

Lehenik, Alemaniera ikasi behar nuela esan zidan nagusiak! Hilabete pasa nuen ikastaro trinko batean, eta zerbait menderatzen nuela ikusi zutenean, lanean jarri ninduten. Denetik egitea tokatu zitzaidan hilabete batzuetan. Konturatzerako ardurak hartzen hasi nintzen. Bi urte igaro nituen bertan, eta orduan hemen oraindik ezagutzen ez ziren kontzeptu askorekin itzuli nintzen Tolosara. Master bat egitearen antzekoa izan zen egonaldi hura.

Irakasle ere izan zara urte luzez Gasteizko Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean.

Bai, 1989 urtean hasi nintzen eta gaur egun ere bertan jarraitzen dut. Hogeita hamar urtetik gora eman ditut bertan. Bertatik ikasle asko pasa dira, eta oso oroitzapen onak dauzkat urte hauetaz guztiez.

Euskal Herrian gehienbat, ezagun, Abraham Olanoren prestakuntza eramaten zenuelako egin zinen.

Alemanian emandako bi urteetan, bertan txirrindulariekin lan egiten zuen mediku batekin ordu asko pasa nituen lanean, eta jada jantzita nentorren gai horretan. Gerora, Olano etorri zitzaidanean, hutsetik hastea bezala izan zen. Urte askotan lan handia egin genuen, eta lortutako emaitzak hor daude. Zortzi edo hamar urtetako lana izan zen orotara, eta lortutako garaipenak ez ziren kasualitate hutsa izan, lanaren aitortza bat besterik ez zen izan.

Munduko txapeldun izatera ere iritsi zen Olano 1995ean errepideko lasterketan. Nola bizi izan zenuen garaipen hura?

Oso ondo gogoratzen dut egun hura! Diario Vascoren egoitzan jarri zuten pantaila erraldoian ikustera gonbidatu ninduten, Olanoren anaia den Andonirekin, eta beste lagun batzuekin batera. Izugarria izan zen! Bertan zegoen baten batek azken bost kilometroetan izan genituen tentsio uneak grabatu izan balitu, pelikula bikaina osatuko zukeen (barrezka). Zer izan zen hura! Urduritasun handiarekin bizi izan genituen azken kilometroak. Oso luzea egin zitzaidan gurpila zulatuta egin zuen azken kilometro eta erdia. Dena pikutara joango zela pentsatzen nuen, baina zorionez helmugara iritsi zen. Historikoa izan zen!

Zer suposatu zuen garaipen hark zuretzat?

Nik banekien lan handia egin genuela, baina mundiala jokatu eta bi hilabetera konturatu nintzen zenbaterainokoa izan zen. Nirekin hasi zenean, lehen entrenamenduetan ikaragarri sufritzen zuela aitortu zidan Karmele bere emazteak. Txikituta iristen omen zen etxera! Baina lanean jarraitu zuen. Bera pistatik zetorren, eta kilometroak igo behar zituen bere helburuak betetzeko. Hori lortzeko asko entrenatzea tokatu zitzaion. Garai bakoitzean zer entrenatu behar den jakitea ezinbestekoa da.

Garaipenak bai, baina txirrindularitzaren alde iluna ezagutzea ere tokatu zitzaizun oso gertutik.

Bai, 2003-2004 denboraldian izan zen. Denboraldi berdinean taldeko hiru txirrindularik eman zuten positibo dopinarekin. Lehena, Oscar Camenzind suitzarra izan zen, eta Donostiako Klasikoaren bezperan aitortu zidan. Berak, Atenasko Olinpiar Jokoetan irabazi egin nahi zuen, eta EPOarekin zebilela onartu zidan. UCIkoek egindako kontrol batean harrapatu zuten. Esan zidan, lasai egoteko, nik ez nuela zer ikusirik, eta zuzendariari ere esana ziola. Oso harreman ona neukan berarekin, eta nirekin behintzat oso zintzo portatu zen. Pena handia eman zidan. Bere azken urtea zen profesionaletan, eta horrela erretiratu behar izatea… Beste bien kasuan ere ez nuen zer ikusirik. Tyler Hamiltonek eta Santi Perezek ere positibo eman zuten irailean, baina biak Eufemiano Fuentes medikuarekin aritzen ziren. Oso urte gogorra izan zen! Urte bakarra egin nuen, eta uztea erabaki nuen.

Zure eskuetatik pasatako kirolari guztien artean aipamen bereziren bat?

Asko izan dira nire eskuetatik pasatako kirolariak. Agian, denen artean fisikoki indartsuena eta osoena, Abraham Olano izan da. Saiatuena, Imanol Rojo iraupen eskiatzailea. A zer meritua duen Imanolek! Gutxien zainduta etekin handiena ateratzen zuen kirolaria, Mikel Larrañaga aizkolaria. Plaza gizona da Larrañaga! Ezin aipatu gabe utzi Mieltxo Saralegi harri-jasotzailearekin egin behar izan nuen lana. Dena berria zen niretzat, eta erronka handia izan zen hura.

Hainbeste urtetan lanean ibili ondoren, asmatuko duzu lasai bizitzen?

Ikusi egin beharko da (barrezka). Behin bakarrik egin ditut hamabost egun jarraian oporretan, eta, orain, agian, arraroa egingo zait. Emazteak bai, eskertuko du benetan nire erretiroa. Ez nuke dena kolpetik utzi nahi, eta, gauza batzuekin jarraituko dut, baina egunerokotasunaren atsedena gustura hartuko dut. Pentsatzen dut asmatuko dudala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!