elkarrizketa

«Distantzia luzeagokoak jokatuko ditut datorren denboraldian»

Bi urte daramatza Leire Elola tolosarrak mendi lasterketetan parte hartzen; 15 kilometro inguruko distantzietan aritzen da erosoen, baina maratoi erdiko distantzian gehiago lehiatzea nahiko luke.

2023 denboraldiko sentsazioetako bat izan da Tolosaldean Leire Elola (Tolosa, 1992) mendi korrikalaria. Bi urte besterik ez daramatza mendiko lasterketetan Soronea-Ammma taldeko lasterkariak, baina jokatutako lasterketa gehienetan podiuma zapaltzeko gai izan da. Helburu eta erronka berriak ditu buruan datorren denboraldirako, eta distantzia luzeagoan ere probatu nahiko luke.

Kirolean noiz hasi zinen gogoratzen zara?

Inoiz ez naiz izan neska kirolaria. Mendirako zaletasuna izan dut, baina, inoiz ez korrika joatekoa, oinez joatekoa baizik. Ni mendian korrika apustu bategatik hasi nintzen.

Zein izan zen apustua?

Lehenik, bizikletan, Besabiko (Urnieta) jatetxearen aurreraino igo behar nuen, eta, ondoren, Adarra (817 metro) mendira joan-etorria bertatik. Zortez, apustua irabazi nuen! Apustu hartan konturatu nintzen ez zitzaidala gaizki ematen korrika aritzea. Baina, hura jokatu eta gutxira, pandemia etorri zitzaigun. Ondoren, crossfitean hasi nintzen. Gerorako kontua da mendian korrika hastearena. 2021ean hasi nintzen.

Gogoan daukazu mendian jokatu zenuen lehen lasterketa?

Bai bai! Aiako herrian jokatu nuen lehena 2022an. Aurretik, mendi duatloi zirkuituko proba pare batzuk jokatu nituen bikoteka. Asko gustatu zitzaidan modalitatea. Proba haietan ezagutu nuen gaur egun laguna dudan Irati Larrañaga usurbildarra. Berak aipatu zizkidan lasterketa batzuk, eta, horrela, Aiako Mendi Lasterketara (14,6 kilometro) joan nintzen.

Zein oroitzapen gordetzen duzu lehen lasterketa hartaz?

Oso pozik amaitu nuela gogoratzen dut. Gainera, eta nire harridurarako, hirugarren postuan amaitu nuen. Oso gustura aritu nintzen korrika, eta horregatik jarraitu nuen mendi lasterketa gehiagotan parte hartzen. Ondoren, antzeko lasterketetan eman nuen izena. Lasterketa gehienak ez ziren oso distantzia luzekoak izan, alegia, oso gutxitan egin nituen 20 kilometro baino gehiagoko lasterketak.

Zerk kateatu zintuen mendi lasterketetatik?

Oso giro sanoa topatu nuen mendi lasterketetan. Kirol lehiakorra bai, baina laguntasun handia ere aurkitu nuen. Egia da lasterketetan sufritzea ere tokatzen zaigula, baina, aldi berean, merezi duen sufrimendua da. Asko ematen duen kirola da.

Iazkoa denboraldia amaitzearekin batera sartu zinen Soronea Ammma mendi lasterketetako taldean. Nondik etorri zitzaizun aukera?

Taldea kudeatzen duen Alex Jimenezen eskutik jaso nuen taldean sartzeko gonbita. Talde indartsua osatu dugula iruditzen zait, eta emakumeetan taldekako Espainiako txapelketa irabaztea ere lortu zuten. Zoritxarrez ezin izan nuen parte hartu, baina lasterketa bikaina jokatu zuten taldekideek.

Lehen ere aipatu duzu lasterketa motzetan ibili zarela gehienbat. Distantzia igotzeko asmoa badaukazu hurrengo denboraldian?

Bai. Aurten, esaterako, jada lasterketa batzuetan pasa dut 20-25 kilometrotako distantzia. Iaz baino lasterketa luzeagoak jokatu ditut, eta entrenamenduetan distantziak igotzen joango naizen heinean, lasterketa luzeagotan parte hartzen hasteko asmoa daukat.

Nola antolatzen duzu egutegia?

Bi denboraldi bakarrik daramatzat korrika, eta orain artean egutegi finkorik gabe ibili naiz korrika. Hurrengo denboraldira begira, badaukat asmoa mendiko lasterketen egutegia hartu eta lasterketa batzuk begiz-jotzeko. Aurten ere, esaterako, lasterketa batzuk jokatu nahi nituela argi neukan, besteak beste, T2T-Tolosaldeko Bi Tontorrak (24 kilometro, +1.400 metro). Horietarako, azkar eman nuen izena, baina beste lasterketa askotan ia azken egunera arte ez nekien ziur joango nintzenik ere. Sasoiaren arabera joan naiz lasterketetan parte hartzen.

Zein distantziatan sentitu zara gusturago?

15 kilometro inguruko distantzian sentitzen naiz erosoen. Gaur gaurkoz, errendimendu onena distantzia horretan eman dut, baina etorkizunean maratoi erdiko distantzian gehiago lehiatzea gustatuko litzaidake. Argi daukadana zera da, oraingoz behintzat ez naizela maratoi distantzian arituko. Ez dut nire burua hain eroso ikusten lasterketa luzeetan. Oraindik ez nago ondo prestatuta horrelako distantzia luzean maila emateko.

Aurtengo denboraldirako zein asmo zenituen?

Iazko denboraldian jokatutako gehienetan parte hartzeko asmoa neukan, eta beste lasterketa berri batzuetan ere parte hartu nahi nuen. Helburu bakarra, T2T lasterketa ahal nuen ondoen egitea zen, nahiz eta hezetasunak ez zuen asko lagundu. Oro har oso gustura gelditu naiz egindako denboraldiarekin.

T2Tko parte hartzeak presio berezi bat sortu zizun?

Presio pixka bat bai, baina ilusio berezia neukan lasterketarako. Gertuko jende asko joaten da lasterketa ikustera, eta gehiengoak ezagutzen ditut gainera. Ezagun asko ikusten egonda, beste gogo batekin korritzen da. Baina horrek ere presio gehiago sortzen du. Lasterketa on bat egin nahi izaten dugu horrelakoetan.

Asebeteta utzi zintuen lasterketak?

Ez nuen erabat gozatu. Hezetasunarekin sufritzea tokatu zitzaidan, eta, orain, hotzean pentsatzen dut hobeto egin nezakeela. Arantza txiki bat utzi zidan lasterketak. Itzultzeko asmoa daukat.

Denboraldi amaieran, datorren urteko asmoak eta erronkak izaten dira mendi lasterkari askoren hizketagai. Zerbait pentsatuta al daukazu 2024 denboraldirako?

Aipatu berri dizudan bezala, hasiera batean argi daukadan gauza bakarra, zera da, T2T lasterketara itzuliko naizela. Egutegia ez dut bereziki begiratu, baina ziur nago aurtengoaren antzerakoa izango dela, nahiz eta gutxinaka distantzia luzeagoko lasterketetan parte hartuko dudan. Ez dut baztertzen Euskal Herritik kanpo lehiatzea, nahiz eta etxe inguruan lasterketa bikainak ditugun.

Zer espero duzu datorren denboraldirako?

Hobekuntza bat izatea espero dut nigan. Fisikoki indartu egin nahi dut lasterketa luzeagoetan ez sufritzeko, eta gehienbat orain artean bezala gozatzen jarraitu nahiko nuke. Ez diot ezer berezirik eskatzen denboraldi berriari.

Euskal selekzioarekin amesten duzu?

Bai, burutik pasa zait. Datorren urtean Euskal Kopan lehiatzea ere pentsatzen ari naiz, eta, noski, egunen batean euskal selekzioarekin lehiatzea gustatuko litzaidake lasterketaren batean besterik ez bada ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!