Tolobolei vs. karrozak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Etxebarrieta 2017ko aza. 28a, 00:30

Bartzelonako olinpiadetako naranjitoak bezala, azken boladan kamiseta laranjak tolosako balkoi eta kaleak hartu dituzte.

Boleia praktikatzeko espaziorik eduki ez eta protesta forma hau erabiliz beraien mezu eta eskaera zabaltzea erabaki dute toloboleieko kideek. Metodoak fruituak eman ditu, eta herritarrengan sortu duten enpatia eta atxikimendua medio, udalak ferialekutik ez kanporatzea eta espazioa uztea erabaki du. Horretarako noski, karrozentzako beste leku bat bilatu behar izan du. Baina nolako kasualitatea, honen altuera ez dela nahikoa eta karroza batzuk euren altuera murriztu beharrean aurkitu omen dira (A ze komeriak, ezta?). Hau dela eta, karrozakoek, naranjitok egin bezala bere haserrea adierazi diote udalari, irtenbide bat bilatu ezean inauterietan ez direla aterako helaraziz. 
 
Gainera, tragikomedia honi beste elementu fundamental bat gehitu beharrean gaude, oraindik beraien jarduna gauzatzeko espaziorik gabe dauden agente sozial guztiak. Emakumeen etxearen alde bada mugimendu bat jada; nork ez du oroitzen Tolosako gazteak gaztetxearen borrokan jaso zituzten kolpeak Limousin etxean; edo entseatzeko baliabiderik gabe dauden musika talde guztiak; udal liburutegiaren kapazitate mugatuaren ondorioz ikasketak edo ikerketak gauzatzera Donostiara joaten direnak ere ez dira gutxi…
 
Hau honela, udaletxea herritarron zerbitzura dagoen eta herritarron errepresentazio omen den instituzioak bere-bereak dauzkan topeak aurkitzen ditu. Behar batzuk asetzeko baliabide material mugatuak baititu eta azpiegitura ezberdinen prezioak ikaragarri garesti zaizkio bere aurrekontuentzako. Azken finean, merkatuan aurkitzen den agente bat gehiago denez, duen diru kopuruaren arabera neurtzen da bere gaitasuna bertan.
 
Hala eta guztiz ere, Tolosaz harro egon behar du tolosar batek eta herrian harrotasuna sortzen duten azpiegiturak ere baditugu, Leidor, Topic edota kiroldegia adibidez. Hauen zerbitzuez gozatzeko eskubidea dugu herritarrok, baita agente sozialek bertan ekintza anitzak antolatzekoa ere, noski, beti ere eskubide hori gauzatzeko nahikoa diru badugu, nola ez... Ez da kasualitatea herriko azpiegitura nagusiak pribatuak izatea eta gutxi batzuen eskuetan egotea honen kudeaketa. Ez al zaizue iruditzen ondare kulturala babesteko edo oinarrizko beharrizanak asetzeko funtzioa duten azpiegituren zein baliabide guztien jabetza eta kudeaketa herritarroi dagokigula? Hau da, hauen beharra dutenei eta hauek erabiltzen dituztenei? Orokorrean jakin badakigu herritar xumeok Leidorren jabe den akzionista batek baino diru gutxiago dugula, baino diruak ematen al du horretarako “pribilegioa”, boterea? Tristea da, baina baiezkoa dirudi.
 
Beraz, nire uste xumean behintzat, gatazka honi aurre egiteko bi modu dauzkagu. Finean, talka edo lehia noren edo zeren artean dagoela ulertzen dugun dago bi aukeren arteko desberdintasun nagusia: A) Tolobolei vs karrozak. B) Jabetza eta kudeaketa kolektiboa vs. pribatua. “A” aukerak gure artean kokatzen du talka edo borroka (berdinen, anai-arreben arteko borroka), gure arteko elkarbizitzan, elkartasunean eta harremanetan zuzenean eta modu oso kaltegarrian eraginez; “B” aukerak aldiz, etengabeko talkan bizi diren bi ereduen artean. Hauek ordea badirudi elkarbizitzaren kontzeptua ondo dutela ulertua, ia ez baita nabaritzen hauen arteko talka. Mundua ulertu eta antolatzeko bi ereduren artean hain zuzen ere, elkartasunean zein kolektibizazioan oinarritutako komunitatearen eta indibidualismoa eta lehia oinarri duen gizartearen artean alegia.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!