Tolobolei eta karrozak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Etxebarrieta 2017ko aza. 29a, 22:05

"vs" konfliktiboaren ordez "eta"

Idatzi honen helburua, lehengoan idatzi nuen iritzi artikuluaren inguruko aklarazio batzuk egitea da, ikusi dudalako gaizki azaldu nintzala edo gaizki ulertuak sortu direla. Honekin batera ere eskerrak eman nahi dizkiet Toloboleieko kideei, irakurri eta erantzuteagatik. Bide batez, animoak ematea aurrera jarraitzeko.

Batetik, artikulua idazterakoan ez da nire helburua izan inondik inora ere, fenomeno sozial konkretu hau erabiltzea udal-taldea edo Tolobolei taldea erasotzeko. Are gehiago, kontrako ildotik, udaletxeak instituzio bezala arazo hauen aurrean irtenbideak emateko dituen tope edo mugak azaleraztea baizik. Azpimarratu nahiko nuke ere,  jakin badakidala Toloboleiek ez duela inolako arazorik karrozekin, inongo momentutan ez dut hori esan nahi izan. Bi proiektu ezberdinen arteko talka hipotetikoak ekidin eta elkarlanerako beharra adierazi nahi izan dut une oro.

Nik esan nahi nuena zera da: Tolosan herritarron zerbitzura dagoen azpiegitura-materiala limitatua dela, eta Tolosan ekimen sozial zein kulturalak garatzen doazen heinean tope honekin aurkitzen direla. Honen aurrean, udalaren maniobra margena murritza azaleratzea nuen helburu, azpiegiturak eskuratzeko garaian ez baitauka nahi haina diru. Hau da, instituzio publikoa (udaletxea) merkatuan agente bat gehiago da, eta bere ahalmen adkisitiboaren arabera kokatzen da bertan. Finean, horixe delako merkatua, diru  gehiago duenak gaitasun gehiago dauka baliabideak lortzeko. Hau da, daukagunaren arabera lortzen dugu eta ez beharraren arabera

Laburbilduz, esan nahi dudana da, irtenbidea ez zaidala iruditzen ferialeko espazioa erabiltzeko kirol taldeak edo karrozen arteko aukeraketa egitea. Uste dudalako honek arazoari “partxe” bat jartzen diola, oinarrian dagoen kausa konpondu gabe. Agente sozial zein kulturalak zabaltzen doazen heinean tope berdinekin aurkituko garelako behin eta berriz. Honenbestez, honen aurrean gure kabuz espazio huts eta hilak gureganatzen joan behar dugula uste dut, guregandik aparte dagoen instituzio (botere politiko) batek guregatik egingo duenaren esperantzak gaindituz. Aurrekoan esan bezala, Gizarte eredu bat edo beste aukeratu beharrean gaudela esango nuke. Gure antolakuntza bidez sortutakoa, kolektibizazioa eta elkartasuna oinarrian izango dituena edo gure ordezkaritzaren aitzakiapean gure bizitzenganako kontrola beste batzuen esku dagoena. Nik argi daukat. Mila esker eta animo Tolobolei! Bidean ikusiko garelakoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!