ELKARRIZKETA

«Lesioaren ondotik helburua ez zen aurreko mailara bueltatzea lasterketetan»

Ion Azpiroz. Z. IGLESIAS

Lesioko hiru urteak ‹‹luze›› joan zaizkio Ion Azpirozi. Orain dela gutxi itzuli zen lehiara, baina oraindik ere, orkatila ez dauka guztiz osatuta. Harentzat mendi korrikalaria izatea ‹‹ofizioa baino gehiago afizioa da››, eta hain justu, horrek asko lagundu dio lesioa eramangarriagoa egiten.

Hiru urteko sufrikarioaren ostean uztailean itzuli zen mendi lasterketetako lehiara Ion Azpiroz (Berastegi, 1980), eta baita irabazi ere: orkatilan lesioa izan ondotik aurreneko lasterketan lehen postua eskuratu zuen Grain Trail Aneto-Posets lasterketan. Loriak, ordea, gutxi iraun zion: abuztuan Chamonixeko TDS lasterketan erretiratu egin behar izan zuen, orkatilako arazoak zirela medio. Datorren sasoiari begira Azpirozek zenbait arantza kendu nahi ditu. Besteak beste, TDS lasterketan eta Ehunmilak ultra trailean lehiatu nahi du. Bere ibilbidearen errepasoa egin du.

Lehenik eta behin, zer moduz orkatila?

Chamonixetik (Frantzia) bueltan proba batzuk egin ditugu eta lanketa bat egin dugu. Korrika edo kirola egiten gehiegi probatu ez dudan arren, ustez hobeto dago orkatila.

Epe motzera begira, lasterketaren bat duzu buruan?

Momentuz ez, udazkenean ez zaidalako gehiegi gustatzen lasterketak korritzea. Urtean zehar entrenamendu egun asko dira, eta kilometro asko; eta, horren arabera udazkena normalean deskantsatzeko hartzen dut. Hori bai, hurrengo urtera begira, jada hasi naiz entrenatzen

Beraz, orain garrantzitsuena orkatila ondo sendatzea da, eta gerokoa ikusiko da.

Bai, hori da. Hurrengo urtera begira pixka bat konfiantza hartzeko ondo datorkit orain atseden hartzea.

Abuztuan Chamonixeko TDS lasterketan parte hartu zenuen, baina erretiroa hartu behar izan zenuen. Zer sentitu zenuen orkatilan? Zein izan ziren sentsazioak?

Oina operatu aurretik nuen min berdintsua sentitu nuen lasterketan. Erretiroa hartzea erabaki nuen momentu hori izan zen okerrena; berriz hiru urte atzera egitea baitzen.

 

‹‹Gustatuko litzaidake berriro ere TDS lasterketa egitea; arantza handia izan baita aurten erretiratu behar izatea. Puntuak ez ditut lortu eta zaila izango da»



Erabaki zaila izan zen lasterketa uztea?

Oso zaila, eta erabakia zaila izate horrek mina areagotu zidan. 30. kilometroan mina handia zen, baina neure buruak ez zidan uzten erretiratzen. Min hori pasako zen esperantzarekin, beste hamabi-hamalau kilometro jarraitu nuen korrika; baina hortik aurrera gelditu behar izan nintzen, mina jasanezina zelako.

Hiru urtez egon zara lehiatu gabe. Hala ere itzulera ezin hobea izan zenuen: Gran Trail Aneto-Posets lasterketa irabazi zenuen uztailean. Zer sentitu zenuen helmuga zeharkatzean?

Helmuga zeharkatzen baino gehiago disfrutatu nuen lasterketan zehar, eta, bereziki, azkeneko ordubetean. Lehen esan bezala, hiru urteak luze joan ziren, eta egia esan prestaketa ez zen oso luzea izan, egun gutxirekin nahiko forma ona hartu nuelako. Lasterketa guztian zehar ondo sentitu nintzen, eta irabazi egingo nuela ikusi nuenean, momentu hartatik helmugara iritsi bitarteko ordubete-ordu erdia pilo bat disfrutatu nuen: hunkitu egin nintzen eta negar asko egin nuen.

Lasterketa hasieran lehiara bueltatzearen urduritasuna sentitu zenuen?

Urduritasuna ez, normalean lehiako egunetan ez naizelako urduri jartzen. Urduritasuna baino gehiago beldurra sentitu nuen orkatilak, gorputzak, gauez korri egiteak, sabelak… nola erantzungo zuten beldur. Lasterketa hasi baino lehenago dena zen zalantza.

Azkeneko orduan gozatu egin zenuela esan duzu. Zein pentsamendu etorri zitzaizkizun burura?

Lehen pentsamendua izan zen bi alabak ezin izan zutela joan lasterketara, eta horrek sekulako pena eman zidan. Normalean familia osoa joaten gara; emaztea eta bi alabak. Buruan nuen damu bakarra zen alabek ezin zutela gurekin disfrutatu. Bestela, oro har gozamena izan zen.

Irabazi zenuela jakin zenuenean, barneratu al zenuen erdietsitakoa? Hiru urtez egon baitzara lehiatu gabe.

Bai, gainera irabazi nuen nik nahi nuen moduan: minik gabe eta orkatilan sentsazio onekin. Egun hori hartu genuen proba moduan, eta egia esan irteeran ez nion arretarik jarri lasterketako emaitzari. Alabaina, niretzako garrantzitsuena zen gorputza ondo mantentzea, orkatila ondo egotea, eta neure buruarengan konfiantza hartzea abuztuko lasterketa inportanteei begira. Gero, lasterketa joan zen moduan ikusita, oso ondo atera zen dena; orkatilak ez zidan arazorik eman, eta gorputzak ondo aguantatu zuen. Niretzako garaipenik onena hori izan zen.

 

‹‹Chamonixeko TDS lasterketako 30. kilometroan mina handia zen, baina neure buruak ez zidan uzten erretiratzen. Min hori pasako zen esperantzarekin, beste 12-14 kilometro jarraitu nuen korrika; baina hortik aurrera gelditu behar izan nintzen››



Sufrikarioaren ostean, barruan zenuen amorru guztia bota zenuen lasterketa hartan?

Lasterketa horren aurreko asteetan entrenamendu asko egin nituen Pirinioetan, eta asko disfrutatu nuen. Beraz, ez nuen amorru puntu hori. Lesioa azkenean hor dago, eta horrekin bizitzen ikasi dut.

Eta nola ikasten da hori?

Urte asko daramatzat lesio honekin; 18 urte nituenetik ditut arazoak orkatilan. Azkenean nire korrika egiteko modua aldatu egin da, eta lasterketak aztertzekoa ere. Lesioak gauza askotan mugatu nau; besteak beste, zelaian ezin dut hain azkar korri egin. Orduan, urte askotako esperientziarekin orain badakit gutxi gorabehera zer egin behar dudan edo zer den onena momentu bakoitzean.


Ion Azpirozek irabazi zuen Emmona Ultra Trail Proba 2016an. SERGI COLOME


Mendi lasterketak uzteko aukera burutik pasatzeko bezain etsita egotera iritsi zinen?

Beti izan dut ilusioa mendiko lasterketetan parte hartzeko, eta mendiaz disfrutatzeko. Desesperatzeraino ez naiz iritsi etxekoek asko lagundu didatelako. Fisioterapeutara ere joaten nintzenean beti baikortasunez hitz egiten zidan: aurrera egin behar nuela esaten zidan. Horrez gain, nahiz eta ez lehiatu eta ez entrenatu, mendiaz disfrutatzen segitu dut. Hemen bizi garen lekuan, Berastegin, mendiaz beste era batera disfrutatzeko aukera eduki dut, korri egiteko aukerarik ez izan arren. Beraz, ez naiz oso deskonektatuta egon.

Kirolari batentzat zaila da geldirik egotea. Zuk, ordea, aukera izan duzu mendiaz disfrutatzen jarraitzeko.

Bai, medikuak ebakuntza egin eta hurrengo egunean esan nion ez zela nire helburua lasterketetan aurreko mailara bueltatzea, baizik eta orkatila ondo sendatzea eta mendiaz gozatzen jarraitzeko aukera izatea. Bai familiarekin, bai bakarrik, bai korrika, eta baita oinez ere; baina mendiaz gozatzen jarraitzea. Eta hori lortu dugu.



Azken hiru urte hauen ondoren, buruz indartsuagoa zara?

Ez, uste dut berdintsu nagoela. Min hartu nuenean, esango nuke nire bizitzako sasoirik onenean nengoela, inoiz egin nuen urte onena egin bainuen. Berekoikeriaz pentsatuta, COVIDarekin, lasterketa guztiak bertan behera geratu ziren, eta horrek asko lagundu dit eramangarriagoak egiten lesioko hiru urte hauek. Psikologikoki errazagoa izan da etxean egotea, eta beste korrikalariak lehiatu gabe ikustea. Iragan urtetik aurrera, ordea, okerragoa izan zen: antsietatea sorrarazten zidan lasterketa ugari egoteak eta hainbeste lagun korrika ikusteak. Baina, bestela, nahiko ondo eraman nuen.


2018an pregoilari lanak egin zituen Azpirozek Berastegiko Salontzo jaietan. M. IRAOLA


Hain justu, lesionatu zinen urtean, 2019an, inoizko denboraldi onena egin zenuela esan duzu. Zenbat lasterketa irabazi zenituen?

Urte hartan korritu nituen ultra lasterketa gehienetan podiumera igotzea lortu nuen, eta beste zenbaitetan irabaztea. Leitzako Euskal Herriko Mendi Erronka, G2, eta Ultra trail Valle de Vio lasterketak irabazi nituen, eta, gero, Espainiako ultra txapelketan hirugarren geratu nintzen.

Mendizale petoa zara. Errepidean korri egitea ez duzu gustuko?

Errepidean behin ere ez dut entrenatu; ez zait inoiz gustatu. Mendi lasterketak ez zeuden garaietan, mendi martxak egiten genituen. Lagun artean igandero geratzen ginen, bai Berastegin, baita mendi martxak antolatzen ziren herrietan ere. Menditik gatoz, errepidean ez gara inoiz lehiatu, eta horregatik, esaten dut lasterketak ez korritu arren, mendiaz gozatzeko beste aukera asko daudela.

Noiz hasi zinen mendian ibiltzen?

Txiki-txikitatik. Etxean beti hori ikasi eta ikusi dugu. 13-14 urterekin mendi martxak egiten hasi ginen; herriko martxetatik hasi, eta inguruko herrietan egiten zirenetan parte hartzen genuen. Mendi lasterketei dagokionez, 18 urterekin egin nuen lehendabiziko ultra.

 

‹‹Grain Trail Aneto-Posets lasterketan irabazi egingo nuela jakitean buruan nuen damu bakarra zen alabek ezin zutela gurekin disfrutatu. Bestela, oro har gozamena izan zen››



Eta nola joan zen estreinako esperientzia hori?

Nire lehenengo 100 kilometroko lasterketa izan zen. Hiru handiak egin genituen; Gorbeia, Anboto eta Aizkorri, eta anekdota txiki bat dut kontatzeko. 1998an izan zen, eta datu kurioso moduan, korrikalari guztietatik soilik bost ginen 22 urtez azpikoak, eta horietatik bostak berastegiarrak ginen. Lasterketan parte hartzeko beharrezkoa zen 18 urte izatea, eta nik, 18 urte egin gabe nituen. Lasterketa ekainean zen, eta azaroan betetzen nituen 18. Antolakuntzarekin hitz egin genuen, eta esan zidaten arazorik ez zegoela lasterketan parte hartzeko. Izan ere, egiaztagiri moduan, urte hartan parte hartu genuen mendi martxa guztien frogagiriak erakutsi genizkien.

Horrez gain, bizitako esperientzia ondo joan zen. Garai haietan sarritan joaten ginen egunean zehar izaten ziren mendi martxetara; fisikoki indartsu geunden. Martxa horrek zuen desberdintasun bakarra zen gauez irten ginela. 18 urterekin parrandan gauez bai, baina korrika ez ginen behin ibili... [Barreak]. Oro har, bizipen polita izan zen; are gehiago lagunartean izan zelako.

Noiz bihurtu zen afizioa ofizio? Inoiz bihurtu bada ofizio…

Oraindik afizio jarraitzen du izaten; nire ofizioa fabrika batean lan egitea da. Aldi berean, lesionatuta egon naizenean, antsietatea ez izateko arrazoietako bat izan da ez dudala sentitzen ofizio bat denik. Areago, uste dut afizio bat bezala hartzeak lesioa errazago eramaten lagundu didala. Izan ere, ofizio bat izan balitz, presionatuago sentituko nintzateke.


2019an Goierriko 2 Handiak proba irabazi zuen Azpirozek. GOIERRIKO HITZA


1998an lehiatu zinen aurrenekoz mendi lasterketa batean. Eta noiz irabazi zenuen lehena?

2016an irabazi nuen lehen lasterketa Gironan (Herrialde Katalanak). Alpinultras izeneko zirkuitu bat zen; Pirinioetan egiten den goi-mendiko lasterketa tekniko eta gogorrenetako bat. Urte horretan zirkuitu hori osatzea erabaki nuen; hiru lasterketa ziren. Lehenengoa irabazi nuen, 130 kilometrokoa zena, bigarrenean laugarren geratu nintzen, eta hirugarrena ere irabazi nuen, Canfranc-ekoa. Bi lasterketa irabazteaz gain, zirkuituko sailkapen nagusian lehen postua eskuratu nuen.

Mendiko lasterketa ospetsu asko irabazi dituzu. Besteak beste, Ehunmilak, Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka, eta Grain Trail Aneto-Posets. Zein da kuttunena?

Esango nuke Leitzako Euskal Herria Mendi Erronka dela txapelketa kuttunena. Euskal Herriko Txapelketa izateaz gain, niretzako kuttunena da etxeko lasterketa bat delako, eta edizio batean izan ezik, ia denetan parte hartu dudalako. Horrez gain, antolakuntzako ia denak ezagutzen ditut. Leitzakoaz gain, G21ari ere estimu handia diot. Kuttunenak bi horiek dira, eta garrantzitsuena Chamonixeko TDS lasterketa da. Izan ere, TDSan laugarren postuan geratu nintzen arren, mundu mailan edo lasterkariak direnen aurrean ezagun egiten zaituen lasterketa bat da, eta horregatik da garrantzitsua.

TDS lasterketak luze eta gogorrak dira. Urteak joan ahala gorputzak berdin erantzuten al du?

Gorputzak normalean ondo erantzuten dit; zorionez, azkar indarberritzen naiz. 50-100 kilometro bitarteko lasterketak urtean lau, bost edo sei egin ditzaket. Baina, normalean, lasterketa horiek balio dute beste bat prestatzeko. Izan ere, 50-100 kilometroko lasterketetan ez nago ehuneko ehunean, eta helburua beti izaten da beste lasterketa jakin baterako prestatzea.

 

‹‹Lesioak gauza askotan mugatu nau; besteak beste, zelaian ezin dut hain azkar korri egin. Orduan, urte askotako esperientziarekin orain badakit gutxi gorabehera zer egin behar dudan edo zer den onena momentu bakoitzean››



Halaber, lasterketetan lehiatzea gustatzen zait bakarrik entrenatzen ordu asko pasatzen ditugulako, eta lasterketek gauza positibo asko dituztelako. Besteak beste, jendearekin zaude, leku desberdinak ezagutzen dituzu, eta bereziki, etxekoek disfrutatu egiten dute. Zortea dut bi alabak eta emaztea desiratzen egoten direlako lasterketara joateko.

Zein da korritu duzun lasterketa gogorrena?

Denei esaten diet Larraul-Ernio-Larraul lasterketa izan dela inoiz bizitu dudan gogorrena. Lasterketa luzeetara ohituta nago, eta 14 kilometrokoa zen Larraulgoa. 2012an izan zen, eta prestakuntza ez zen egokiena izan, nik ez baitut entrenatzen horrelako distantziak korritzeko. Gezurra badirudi ere, mendiko lasterketa batean izan ditudan sentsazio txarrenak bizitu nituen hartan.

2019an errekorra ezarri zenuen 88 kilometroko G2 lasterketan. Aurten, ordea, Aritz Egeak hautsi du: aurrenekoz hamar ordutik jaitsiz. Hala eta guztiz ere, zer sentitzen du batek errekor bat ezartzen duenean?

Sekulako poza sentitzen duzu. Izan zen lasterketa bat lehengo kilometrotik bukaerara arte ondo atera zitzaidana eta gozatu nuena. Horrez gain, errekor bat haustea —hamar ordu eta minutu batean ezarri zuen marka— maila handiko lasterketa batean izugarria da. Ohore bat izan zen Ehunmilak bezalako G2 lasterketan errekorra nik jarri ahal izatea.



Entrenamenduak planifikatzearen aldekoa zara, ala sentsazioen arabera zoaz?

Urte batzuk egin izan ditut nutrizionista eta prestatzaile batekin, eta oso ondo joan zitzaidan. Neure buruarengan konfiantza irabazi nuen, eta entrenatzen ikasteko asko balio izan zidan. Izan ere, nutrizionista batek gauza asko erakusten dizkizu, nahiz eta niri iruditu ondo eta garbi jaten nuela.

Gerora, konturatu nintzen nuen bizitzeko moduagatik presioa sentitzen nuela entrenamenduetara ez banintzen iristen, nutrizionistak esandakoa ez banuen betetzen… Azkenerako erabaki nuen nire kabuz hastea, eta paperean jartzen zuena baino gehiago sentsazioen arabera entrenatzea. Horrela, nahiko ondo joan zait, eta uste dut gehiago disfrutatu dudala entrenatzen.

Lehiaren aurreko egunak nola prestatzen dituzu?

Orain nahiko lasai hartzen dut. Denboraldiaren hasieran, erdian edo bukaeran egon, desberdina da prestakuntza. Esaterako, sasoi erdian bada, kasik ez dut entrenatzen. Alabaina, lasterketa batetik bestera tarte gutxi baldin badago, errekuperatzen gehiago kostatzen da. Adibidez, lasterketa ultra baten aurretik entrenatu dezaket astelehenean ordubete; asteartean edo asteazkenean fisioterapeutara joaten naiz; eta gero lasterketa eguna baino hiru edo bi egun faltan, karbohidratoen karga egiten dut, entrenatzea bezain garrantzitsua baita.

Profesionalizatzeko aukera dago kirol honetan?

Bai, eta badago jendea profesionala dena. Mendia lanbide duten korrikalariak badaude, baina ez dira ondo bizi; nahi da baina diru gutxi dago. Badago jendea nahiko maila altua duena, eta aski ondo bizi dena. Baina nik ez dut oraindik prest ikusten mendi lasterketetako mundu txiki hau profesionalizatzeko pausoa ematen.



Hoka babeslearekin kontratu bat duzu. Nola doa babesleen kontua?

Nazio bakoitzak talde bat du eta mundu mailan beste bat dago. Ni Espainiako Hoka taldean nago, eta kirolari bakoitzaren mailaren arabera aldatzen dira kontratu motak. Niri urtero berritzen didate kontratua. Azkeneko urteetan babesleek emaitzei bezainbeste begiratzen diete sare sozialei, eta mundu horretan galduta nago; pixka bat kosta egiten zait. Egia da babesleek garrantzia handia ematen diotela sare sozialak erabiltzeari baina…

Ez zara moldatzen?

42 urte egingo ditut, eta lan finkoa eta familia bat dut. Aldaketa handia litzateke sare sozialen munduan gehiago murgiltzea. Nik beti garbi utzi izan diot nire babesleari noraino irits naitekeen; denak garbi dute zer eskaini dezakedan, eta horrekin aurrera noa. Oso zaila egiten zait, lanaz eta familiaz aparte, sare sozialei denbora eskaintzea. Tontakeria bat ematen du, baina denbora asko eskatzen dizu. Are gehiago sare sozialak erabiltzera ohituta ez dagoen pertsona batentzat. Nagoen bezala ondo nago, iristen den diru guztia ondo dator, baina ez nago prest beste pauso bat emateko sare sozialen erabilpenari dagokionez.

 

‹‹Afizioz egiten baduzu, nire kasuan behintzat, gehiago disfrutatzen dut ofizioz baino. Izan ere, ofizioz egiten baduzu, behartuta egon zaitezke korrika egitera, eta urteen poderioz lehenago nekatuko zara››



Hurrengo denboraldira begira, egutegia finkatuta duzu?

Oraindik egutegia zehazteke dago. Gustatuko litzaidake berriro ere TDS lasterketa egitea; arantza handia izan baita aurten erretiratu behar izatea. Arazoa da puntuak ez ditudala lortu eta zaila izango dela. Baina hori ez badut lortzen, beste lasterketa polit bat dago Andorran, ultra gogor bat. 2016an lehiatu nintzen azkenekoz, eta bigarren postuan sailkatzea lortu nuen.

Bestalde, hemen ingurukoetan, Ehunmilak ultra trailean arantza bat dut. 2018an lasterketa utzi behar izan nuelako, eta ez dudalako inoiz bukatu horrelakorik. Hala ere, ikusiko da, dena airean eta zalantza baitago.

Noiz arte ikusten duzu zeure burua mendi lasterketetan lehiatzen?

Gorputzak jasaten duen arte, edota buruak aguantatzen duenera arte. Disfrutatu egiten dut mendian, baita entrenatzen ere. Horrez gain, laneko eta familiako ordutegiak uztartzen ditut entrenatzeko. Beraz, hori dena mantentzen den bitartean jarraitu egingo dut, mendiaz gozatzen dudalako.

Azkenean gakoa da egiten duzunaz gozatzea.

Hori da, eta lehen hitz egin dugun afizio eta ofizioaren arteko ezberdintasuna hori da. Afizioz egiten baduzu, nire kasuan behintzat, gehiago disfrutatzen dut ofizioz baino. Izan ere, ofizioz egiten baduzu, behartuta egon zaitezke korrika egitera, eta urteen poderioz lehenago nekatuko zara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!