ELKARRIZKETA

«Munduko Txapelketak motibazio puntua eman dit helburu anbiziotsua izateko»

Irnee Caminos, Tolosan, Munduko Txapelketatik bueltan. ZURÑE IGLESIAS

«Pozik» bueltatu da Irene Caminos Yarza trial txirrindularia Abu Dhabitik. Bertan jokatu zuen iragan azaroan Munduko Txapelketa, eta bosgarren postuan geratu zen. «Aspaldi» ez zuela hainbeste gozatzen lehiaketa batean. Iragan sasoia «luzea» egin zitzaion Caminosi, eta txapelketa honetan lortutakoak indarra eman dio hurrengo denboraldiari begira.

Munduko Txapelketara joan aurretik zuen helburua «bete» duela berretsi du Irene Caminosek (Tolosa, 1997): finalerako sailkatu zen eta bosgarren egin du. Abu Dhabin (Arabiar Emirerri Batuak) jokatu zuen txapelketa iragan azaroan, eta lortutakoak hauspoa eman dio datorren denboraldian xede «anbiziotsua» izateko. Caminosek hainbat gai izan ditu hizpide. Besteak beste, trialean hasi zenean emakume bakarra izanagatik sufritu zituen keinu itsusiak, Bidea Bike trial eskolaren sorrera, eta alor fisikoan eman duen aurrerapausoa. Horrez gain, tolosarra ez da geldirik egotekoa, eta bi gurpilen mundutik lau gurpilen mundura jauzia eman zuen iaz rallyan. Elkarrizketa Munduko Txapelketatik etorri berri egin zaio.

Munduko Txapelketan lortutakoarekin asebeteta etorri zara, ala sentsazio gazi-gozoak dituzu?

Finala bukatzean oso gustura nengoen egindakoarekin, baina egia da amorrua ematen dizula hirugarren postua hain gertu ikusteak. Izan ere, lehenengo momentutik sentsazio oso onak eduki nituen bai finalaurrekoan, baita finalean ere. Lehenengo momentutik lehian bete-betean nengoen. Gogo askorekin joan nintzen Abu Dhabira, jokatu nuen azkenekoa 2019an izan zelako. Beldurrik ez nuen, baina urduritasun puntu batekin joan nintzen. Azken finean, bizpahiru urte pasa dira Munduko Txapelketa bat jokatu ez dudala, eta presiorik gabe joan nintzen. Lehenengo momentutik disfrutatzeko gogoa nuen, eta asko gozatu nuen. Pozik bueltatu naiz bosgarren postu hori lortuta.

Titular bat jarri beharko bazenio egindako txapelketari, zein izango litzateke?

Hori zaila da… [Barreak]. Egin beharrekoa egin dut, eta helburua lortu dut. Beraz, pozik itzuli naiz.

Joan aurretik esan zenuen helburua zela finalerako sailkatzea. Baina finalaurrekoan sentsazio onak izan zenituenez, podiumera ez igotzearen pena duzu?

Txapelketa hasi baino lehen galdetu izan bazenit, finalerako sailkatzearekin nahikoa nuela esango nizun. Gero, ordea, finalean neure burua hain ondo ikusita, eta jakinda hamar puntura nuela brontzezko domina, pena hartu nuen. Helburua finalerako txartela lortzea zen, eta bosgarren postuan geratu nintzen. Beraz, oso gustura geratu naiz egindako lanarekin. Munduko Txapelketa honek motibazio puntu hori eman dit hurrengora begira helburu anbiziotsua izateko. Izan ere, aurtengoa urte luzea izan da, eta motibazioa galdu egiten da.

 

«Finean, hain ondo ikusita neure burua, eta jakinda hamar puntura nuela brontzezko domina, pena eman zidan»



Helburuez haratago, bizikleta gainean disfrutatu zenuen?

Asko, aspaldi ez nuela hainbeste disfrutatzen lehiaketa batean.

Zergatik egin zaizu luze denboraldia?

Pasa den urtean Munduko Txapelketa irailean izan zen, eta nik ezin izan nuen joan COVIDean positibo eman nuelako. Gero, hilabete horren bukaeran, Munduko Kopan lehiatu nintzen, baina ez nuen ondo egin. COVIDaren sintomak izan nituen, eta bizikleta gainean oso gaizki ibili nintzen. Orduan, irailean bukatu zen denboraldia, eta egon nintzen denbora bat bizikleta hartu gabe, deskantsatzen. Eta jada azaroan edo abenduan hasi nintzen entrenatzen hurrengo sasoiari begira. Ondoren, txapelketekin hasi nintzen apirilean, eta azaroan bukatu nuen; hala, urtea luze egiten da.

Gainera, COVIDa baino lehen, Munduko Kopako proba gehiago zeuden, lehen urtero bost edo sei egiten genituen. COVIDaz geroztik, aurten soilik bi izan ditugu; bat ekainean eta bestea abuztuan. Beraz, ezin duzu geratu entrenatzen; udara guztian aritu naiz Gijonen (Asturias, Espainia) entrenatzen, baina txapelketarik gabe. Orduan, zaila da ez dakizulako lehian zein den zure maila.



Sakrifizioak egin behar izan dituzu, beraz. Zein gauza utzi behar izan duzu alde batera?

Azken finean goran egon nahi baldin baduzu sakrifikatu behar duzu. Baina niretzako ez da sakrifizio bat; urtero berdina da, eta jada ohituta nago udaran Gijonera joatera. Esaterako, udaran ezin duzu oporretara joan lagunekin, ezin dituzu planak egin… Alde batetik bada sakrifizioa, baina beste aldetik, nire lana ere bada.

Gijonera joaten zara entrenatzera hemen ez duzulako nahi adina baliabide?

Javi Alonso nire entrenatzailea hangoa da. Duela bost urte hasi nintzen berarekin entrenatzen; Munduko Txapelketan birritan lortu du bigarren postua, eta Europako txapelduna izandakoa da. Orain dela hamar bat urte hasi zen Gijonen trialeko kanpamenduak egiten udaran. Bigarren urtean harekin joan nintzen, eta ordutik aurrera beti hara joaten naiz entrenatzera. Orain dela bospasei urte nirekin etorri zen Munduko Kopa batera, 2017an, eta oso ondo elkar ulertu genuen. Geroztik, berarekin entrenatzen dut.



Munduko Txapelketara bueltatuz, familia ere bertan izan zenuen. Joango zirela bazenekien?

Bai, banekien. Nire lehenengo Munduko Txapelketa Andorran izan zen 2015ean, eta aita ezustean etorri zen. 2016an Italian izan zen; hara ez ziren joan, eta gero, 2017an Txinan izan zen, eta horra etorri ziren. 2018an eta 2019an ere Txinan jokatu zen, baina ez ziren etorri. Orduz geroztik, sekulako pena zuten. Gainera, Ionen —Ion Areitio trial txirrindularia, Caminosen laguna dena— gurasoak joaten ziren, eta gurasoek beti esaten zidaten pena zutela ezin zirelako joan. Iaz jakinarazi zutenean Abu Dhabin jokatuko genuela Munduko Txapelketa, bi aldiz pentsatu gabe esan zidaten etorriko zirela. Oso polita da Munduko Txapelketa batean aritzea zure familia ondoan duzula, laguntza asko ematen baitizute. Gainera, oso ondo pasatu dute.

Denbora izan duzu Abu Dhabi ezagutzeko?

Ia ezer ez, azken batean astebeterako joan gara, eta ez dugu denborarik izan ezertarako. Iritsi eta hurrengo egunean hondartzan entrenatu genuen, txapelketa jokatu behar genuen tokia itxita zegoelako. Hala moduz entrenatu genuen, eta arratsalde horretan baimena eman ziguten turismo pixka bat egiteko. Gure gurasoek —Areitiorenak eta Caminosenak— hartuta zuten ibilbide bat egiteko basamortutik. Dunatatik kotxean ibili ginen, eta sekulako esperientzia izan zen. Bestela, ez dugu beste ezer ikusteko tarterik izan; zirkuitutik hotelera eta hoteletik zirkuitura ibili gara.

 

«Iragan urtean pentsatu nuen norbait behar nuela nire ondoan bizikletatik kanpoko prestakuntza egiteko»



Eta orain zer?

Orain deskantsatu, behar dudala. Txapelketatik oso motibatuta etorri naiz datorren urtea prestatzeko; gogo handiarekin nago. Gainera, datorren urtea pixka bat motzagoa izango da abuztuan delako Munduko Txapelketa. Orduan, lehenik deskantsatu, eta gero, entrenatzen hasiko naiz, berriz.

Zein da helburua datorren denboraldiari begira?

Podiumera berriz sartzea.

Inoiz munduko txapeldun izatea duzu amets?

Ametsa bai, baina oraintxe oso zaila dago. Lehenengo biak —Alemaniakoa bata eta Madrilgoa bestea— beste maila batean daude; gainerakoak baino martxa bat gehiago dute, eta urruti ikusten ditut. Baina Munduko Txapelketa batean gauza asko gertatzen dira; presioa handia da, eta aurten ikusi da hainbat kategoriatan pare bat parte hartzaile bazeudela irabazteko gai zirenak. Denetarik gertatu daiteke, egun bateko lehia baita.



Lehen esan duzu aurten prestaketa luzea izan dela, eta hain justu, denboraldi honetan eman duzu pausoa Zuheganen —entrenamendu pertsonaleko eta lesioen errekuperaziorako zentroa— entrenatzeko. Zerk eraman zaitu hara?

Orain dela hamar bat urte hasi nintzen nire entrenatzailearekin, Espainiako selekzioko fisioterapeuta denarekin. Oso harreman ona nuen harekin, eta, beraz, batera hasi ginen entrenatzen. Granadakoa zenez, urtean behin saiatzen ginen bertara joaten biok batera entrenatzeko, eta ikusteko nola planifikatu denboraldia. Baina azkenean zaila da: normalean igandeetan bidaltzen zidan aste osorako planifikazioa, baina ni bakarrik nengoen. Gogorra da; askotan bizikletan nabilenean ere nik bakarrik entrenatzen dudalako, eta fisikoa ere zuk bakarrik lantzea pisutsua delako. Hasieran motibatuta zaude, arazorik gabe joaten zara gimnasiora, baina iragan urtean pentsatu nuen norbait behar nuela nire ondoan bizikletatik kanpo dagoen prestakuntza egiteko.



Orduan, Ion [Manuel] eta Ainara [Manterola] —Zuheganeko arduradunak— ezagutu nituen lagun baten bitartez, eta Ainarari idatzi nion. Iragan urteko azaroan hasi nintzen haiekin. Lehenengo momentutik hartu-eman ona izan genuen, eta urte guztia haiekin lan egin dut. Azkenean beste puntu bat ematen dizu; ez zaudelako bakarrik entrenatzen, eta laguntza duzulako ariketa guztietan. Motibazio aldetik ere, asko laguntzen du.

Alor psikologikoan indarra emateaz gain, alor fisikoan nabaritu duzu bizikleta gainean arinagoa eta azkarragoa zarela?

Bai, hori antzeman dut. Haientzako lehen aldia da trial txirrindulari bat entrenatzen dutela. Hasiera batean ikusten egon ginen aurretik zer lanketa egiten nuen, eta uste dut bete-betean asmatu dutela. Bizikleta gainean beste martxa bat dut; arinagoa eta azkarragoa naiz orain.

 

«Bazegoen mutil bat irabazten banion ez zela podiumera igotzen, eta berak irabazten bazuen, ordea, bai»



Bizikletarekin lotuta Bideak Bike eskola sortu zenuen. Hutsune bat ikusi zenuen?

Orain dela 11 urte hasi nintzen bizikletan Oier Lakunza Bidaniko beste mutil batekin. Ez genuen ezagutzen inor inguruan triala egiten zuenik. Azkenean, nire aitak batzuekin hitz egin zuen, eta Unai Iraola ezagutu zuen, Albizturkoa da eta trialean aritzen zen. Asteburuetan Unaiekin geratzen hasi ginen, berak zekiena guri erakusteko. Izan ere, guk YouTubeko bideoak ikusten genituen, eta hor ibiltzen ginen Tolosan edo Bidanian bankuetara edota frontoiko eskaileretara igotzen… Asko ez genekien, eta gainera, inguruan ez zegoen eskolarik.

Orduan, Unairekin batera, Usabalen pabiloi bat utzi ziguten, eta hor hasi ginen Tolosa Trial Eskolarekin, 2012an. Urtetik urtera gero eta jende gehiago etortzen zen guregana; nik hainbat txapelketa irabazi nituen, eta behintzat, jendeak bazekien zer zen triala. Hasieran, Imanol bakarrik hasi zen, eta gero, Oier eta ni batu ginen. Gerora, Imanolek utzi egin zuen, eta Oier eta ni geratu ginen. Geroz eta jende gehiago etortzen hasi zen, eta Tolosako trial parkean eta pabiloian aritzen ginen. Ondoren, Oierrek ere utzi egin behar izan zuen lanagatik, eta ni bakarrik geratu nintzen. Baina ezin nuen utzi, urte asko baitziren, eta gainera, ez zen soilik Tolosako jendea etortzen, baita inguruko herrietakoak ere. Pena ematen zidan hori uzteak. Orduan, trial eskolan zegoen umea helduenarekin hitz egin nuen, Ion Arozenarekin. Hamasei urte zituen, eta hau esan nion: «Begira Ion nik bakarrik ezin dut hainbeste umerekin. Zuk nahiko zenuke irakasle bezala sartu trial eskolan? Nahi didazu lagundu?». Eta erantzun zidan: «Bai, bai, nik lagunduko dizut». Eta orduan hasi ginen biak.



Horrez gain, urte horretan bertan hasi nintzen Zizurkilera joaten. Tolosako hiru eskoletara joaten nintzen bizikletako erakusketak egitera, eta hitzaldiak ematera. Ordutik, jende mordoa etortzen hasi zen. Eta iritsi zen momentu bat 40 ginela, eta pabiloian ez ginela sartzen. Beraz, gurasoekin hitz egin, eta esan nien honek buelta bat behar zuela, ezin genuela horrela jarraitu, handitu behar nuela trialeko eskola. Buruari buelta asko eman eta gero, proiektu berri bat sortzea erabaki nuen: Bidea Bike Eskola. Izena eta irudia aldatu nion markari, eta orain Belauntzako pabiloi batean gaude: lehen genuena baino askoz ere handiagoa da, eta lehenengo pisu bat da. Trialeko parke bat egin dugu bertan, eta oso pozik nago; lehen zegoen jendeak jarraitzen duelako, eta jende berria etorri delako. Umeak gustura daude eta hori da garrantzitsuena.



Zenbat umek parte hartzen dute orain?

36-38 ume izango dira, ez dakit ziur.

Neskaren bat badago?

Araitz izena duen neska bat badago. Gogo askorekin dator, eta ni oso pozik nago. Orain dela lau urte bi ahizpa biki ere izan ziren, baina pandemiaren ondoren utzi egin zuten.

Honi lotuta, gizonak nagusi diren kirola da triala. Nolakoa izan da mutilak nagusi diren mundu batean murgiltzea?

2010ean Hondarribira joan nintzen Euskadiko Txapelketa ikustera, eta neska bat zegoen lehiatzen. Momentu horretan esan nion aitari nik hori egin nahi nuela. Hurrengo urtean, txapelketa horretan lehiatu nintzen, eta ni nintzen neska bakarra. Geroztik, beste txapelketetara joaten hasi nintzen eta beti neska bakarra nintzen. Orduan, ondo edo gaizki lehiatu, beti irabazten nuen. 2012an Espainiako txapelketara joan ginen, 12-13 urte edukiko nituen, eta ez zegoen nesken kategoriarik. Soilik hiru neska geunden txapelketa osoan, eta bakoitza adin batekoa zen, beraz ez genuen kategoria bat osatzen. Horren ezean, mutilen aurka lehiatzen nintzen, eta ez zitzaidan asko axola.

Iritsi zen momentu bat aspertu egin nintzela. Jendeak galdetzen zidan: «Zer egin duzu?». Nire erantzuna: «Irabazi». Eta haiek berriro: «Zein ondo». Eta nik pentsatzen nuen: «Ez, ondo ez, gaizki aritu naiz». Orduan, erabaki nuen mutilekin lehiatu nahi nuela. Ezer ez lortu arren, behintzat lehian ariko nintzen. Eta mutilekin lehian, bai izan nituela pare bat liskar. Azkenean neska batek mutil bati irabaztea… onartzea kosta egiten da.


Irene Caminos. Apper Studio / Pol Tarres


Kontatu mutilekin lehian izandako liskar horietako bat.

Ez naiz oroitzen zein urtetan izan zen, baina denboraldi bukaeratan bilera bat egiten zuten Euskadiko Txapelketetarako. Orduan, nire aitak, bilera horietako batean helarazi zien nik mutilekin lehiatu nahi nuela. Hasieran, arazorik ez zegoela esan zidaten. Mutilen mailan sartu ninduten baina neska izateagatik, Euskadiko txapelketan zegoen arau baten arabera, neska bat mutilekin lehiatzen bazen, hamabost puntu kentzen zizkidaten aurrez —Trialean puntu gutxien dituenak irabazten du—. Horrela, txapelketa batzuetan irabazi egiten nuen, eta kexatzen hasi ziren. Neska batek mutil bati irabazten dioenean beti hori geratzen da.

Orduan beste bilera bat egin zen, eta proposatu zen hamabost puntu kendu ordez hamar kenduko zizkidatela. Okerrena zen bilera horietan denek bozkatzen zutela, alegia, denon arteko erabaki bat zela. Orduan berdina gertatu zen; zenbait txapelketa irabazi nituen. Berriro ere, hurrengo urteko bileran kexatu egin ziren, eta urte horretan ni joan nintzen bilerara; bilera horietan ni nintzelako mintzagai nagusia. Hala, urte horretako bilerara joan nintzen eta esan nien nazkatuta nengoela nire aurkako iruzkinak entzuteaz. Horrez gain, adierazi nien mutilen baldintza berberetan lehiatu nahi nuela, puntu berdinekin, alegia. Denek baiezkoa bozkatu zuten, baina egon zen jendea esan zuena nik ezin nuela mutilekin lehiatu, nire kategorian egon behar nuela, alegia, neskekin.

Beraz, mutilen puntu berdinekin lehiatu nintzen, eta orduan ere zenbait txapelketa irabazten nituen. Bazegoen mutil bat irabazten banion ez zela podiumera igotzen, eta berak irabazten bazuen, ordea, bai. Horiek izan dira egin dizkidaten keinu itsusienak.

Gerora, Espainia mailan hasi zen jende gehiago etortzen. Emakumeak podiumak betetzen hasi ginen, eta orain izugarria da; neska asko daude, eta ia mutilen kategoria bakoitzak nesken bat ere badauka. Elite mailan, berriz, gehiago kostatzen da, jauzi handia dagoelako txikien mailatik elitera. Munduko Txapelketetan ere hazkuntza bat egon da; lehen gutxi ginen eta orain asko gara.


Irene Caminos. Apper Studio / Pol Tarres


Kirol minoritarioa da triala. Zaila da bidea egitea? Emakumea izanik?

Emakumea izateagatik ez dut uste. Azkenean, kirol minoritarioa denez, oso zaila da kirol honetaz bizitzea. Ez badituzu babesleak, eskola bat, trialarekin zerikusia duen zerbait… oso zaila da trialaz bizitzea. Eta nik zorte handia izan dut. Hemen, Euskadin, jendeak asko babesten ditu emakumeak eta kirolariak. Nik zortea dut babesle asko ditudalako, trial eskola bat dudalako, eta bizikleta gaineko erakusketak egiten ditudalako. Asko hitz egiten dut Madrileko eta Bartzelonako jendearekin, eta ez dute guk dugun babesik. Ez soilik babesleen aldetik, ezta hedabideen aldetik ere. Ioni eta niri askotan esaten digute beti gaudela telebistan, aldizkarietan, irratietan… eta han ez da ezer egiten. Uste dut Euskadi mailan kirolari garrantzia asko ematen zaiola, eta alde horretatik zorte handia dugula.


Irene Caminos. Apper Studio / Pol Tarres


Tolosako Udalak jakinarazi zuen proiektu bat egingo zuela trialari espazio bat emateko. Zertan da proiektua?

Egia esateko, ez dakit. Bilerak egin ditugu, eta badakit proiektua hor dagoela. Hainbat gauza aldatu nahi dituzte; besteak beste, skate parkea handiagoa egin, bidegorria erreka aldera mugitu, pump tracka gehitu, tirolina lekuz mugitu, trialeko parkea lekuz mugitu… Gauza asko sartu nahi dituzte toki batean, eta oraintxe ez dakit zein puntutan dagoen proiektua. Orain dela urtebete esan zidaten urte hasieran hasiko zirela, eta orain badakit geldirik dagoela. Guk parkea handitu dugu hurrengo urtean txapelketaren bat egin ahal izateko. Bilerak egin ditugu, eta esaten digute hurrengo hilabetean hasiko direla, baina geldirik dago kontua. Orduan, oraintxe bertan ez dakit nola dagoen.

Trialaren mundua alde batera utzita, baina ez gurpilen mundua, ez zara geldirik egotekoa. Rallyan ere aritu zinen iaz. Nolatan hasi zinen?

Egia da, ez dakit geldirik egoten. Hasi nintzen aitak gaztetan rallyak egiten zituelako; hiru Paris Dakar eginak ditu. Txikitatik beti esan izan diot helduagoa nintzenean Dakar bat egin behar genuela. Eta kamioiaren gidabaimena atera bezain pronto esan nion Dakarra egiteko garaia zela. Aitak hasieran ezetz esan zidan, baina ni tematu nintzen, eta azkenerako lortu nuen nahi nuena. Proiektua oso polita da, eta hor gaude lanean. Ea lortzen dugun proiektua aurrera ateratzea; iragan urtean egin nuen nire lehendabiziko lasterketa pilotu moduan, eta sekulako esperientzia izan zen. Gogo handia dut berriz kotxe bat hartzeko, eta beste lasterketa bat egiteko. Proiektua bi urterako izango da, eta orain garrantzitsuena babesleak lortzea da.
Irene Caminos. Apper Studio / Pol Tarres


Rallya eta triala uztartu nahi dituzu, ala zure asmoa lehenik bata uztea eta besteari ekitea da?

Hurrengo urtean bai ala bai trialeko denboraldi guztia egingo dut. Eta rallyko proiektuari forma ematen badiogu, entrenatzen hasiko nintzateke horretarako. Uste dut uztartu daitezkeela biak, arazorik gabe gainera. Aurrerago ikusiko genuke, baina datorren denboraldira arte behintzat trialarekin jarraitzeko asmoa dut.

Urruti ala gertu ikusten duzu triala uzteko unea?

Ez dakit. Ikusi egin beharko da nola joaten den datorren denboraldia. Orain nahiago dut urtez urte ikusi, seguru nago hurrengo urtea beteko dudala, eta ea hurrengoak nola joaten diren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!