‹‹Nire onena emango dut esperientzia ahalik eta gehien disfrutatzeko››

Gorka Sorarrain txirrindulari tolosarra BAI-Sicasal Portugalgo taldearekin ariko da denboraldi honetan; «gogotsu» dago txirrindulari profesionalen aurka aritzeko, eta bere maila non dagoen ikusteko.

Joan den denboraldian hasi zen afizionatuen txirrindularitzan lehiatzen Gorka Sorarrain (Tolosa, 1996). Hasieran, bakarrik aritzen zen, eta gero Cafes Baque taldearekin. Sasoi honetan beste urrats bat eman du, eta Portugalgo BAI-Sicasal taldeak fitxatu du. Erabakia hartzerako garaian, «bereziki lanarengatik» izan zituen zalantza gehien, baina azkenerako «abentura honetan sartzea» erabaki du.

Nola sortu zen aukera?

Joseba Santamaria Bilboko kontaktu batek euskaldun batzuk eman nahi zituen hara. Taldea osatzeko hemengo lasterketetan ondo ibili den jendea eraman nahi zuen. Orduan hemengo batzuekin hitz egin zuen, eta ni izan nintzen horietako bat. Hasieran ez nuen aukera posible moduan ikusten, Portugal urruti dagoelako, eta zail ikusten nuelako dena uztartzeko. Baina azkenean berotzen joan nintzen, eta baiezkoa eman nuen.

Joan den irailetik haiekin hitz egiten egon zara, baina erabakia Gabonetan hartu duzu. Zalantzak izan dituzu?

Profesional maila izan arren, baldintzak ez dira profesional batenak: hirugarren maila da, eta bizitzeko ez du ematen. Gainera, lanean nabil, eta ez nuen ikusten talde honetara joan, eta lana uztea. Bereziki horrekin ibili nintzen bueltaka. Hasieran pentsatu nuen lanarekin zaila izango zela, baina azkenean erabaki nuen abentura honetan sartzea, eta ikusiko dugu urtea nola doan.

Mikel Mujika legazpiarra taldean egoteak izango zuen eragina zu hara joateko, ezta?

Bai, Mikel aurten ezagutu dut tropelean. Bera pasa den urtean talde honekin ibili zen. Iazko azaroan BAI-Sicasalek bioi eskaini zigun hara joatea hamar egunerako —tolosarrak ezin izan zuen joan lanarengatik—, eta bera han izan zen, eta kontatu zidan taldean saiatzen ari direla gauzak ondo egiten, eta aukera polita zela. Beraz, erabakia hartzerako garaian, laguntzen du ezagun bat izatea taldean haiekin lehiatzen egon dena.

Taldeko zuzendariekin hitz egingo zenuen. Zer eskatu dizute?

Zerbait hitz egin dut zuzendariekin, baina ez asko. Gehiago hitz egin dut Bilboko Josebarekin. Hala ere, esan didate talde honek Portugalgo egutegi osoa egiteko aukera emango digula. Gehien bat helburua da Portugalgo Itzulian arreta osoa jartzea. Haiek helarazi didatena da talde apala dela, ez dugula lider batentzako lana egin beharko, eta bakoitzak bere aukerak izango dituela; beraz, horren kezkarik ez izateko. Lasterketetan askatasun hori izateak ere lagundu zidan erabakia hartzerako garaian.

Entrenamenduei dagokionez, haiek bidali dizkizute handik egitekoak?

Ez, taldeak ez du ardurarik hartzen txirrindulari bakoitzaren prestakuntzan. Nik hemen nire entrenatzailea dut, eta taldeak egutegia jartzearekin batera, nora nahi duten gu iristea helarazten digu, eta zein diren taldearen helburuak, baina hortik aurrera txirrindulari bakoitzak bere kabuz prestatu behar du. Alde horretatik, taldeak ez digu ezer exijitzen.

Denboraldiaurre bete-betean zaude, baina jada korritu zenuen sasoiko lehena orain dela bi aste, Essor Basquen. Nola joan zen?

Lizentzia batzuekin ibili nintzen atzera eta aurrera, ez nekielako lasterketan korritzeko aukera izango nuenik, baina azkenean lehiatu ahal izan nuen. Bi egunetan korritu nuen, eta sentsazioak onak izan ziren. Egunetako batean lasterketa irabazteko lehian egon nahi nuen, baina azkeneko kilometroetan ez nintzen ondo kokatu, eta katearekin arazo bat izan nuen. Horregatik, bukaeran ezin izan nuen nahi bezain ondo sartu lasterketako lehen postuetan. Hala ere, gustura aritu nintzen.

Martxoaren 18an korrituko duzu Portugalgo lehen lasterketa, Arrabidako Klasikan. Irrikaz egongo zara bertan parte hartzeko, ezta?

Bai, ilusio handia dut profesional mailan profesionalen aurka aritzeko. Ondo ari naiz entrenatzen; denbora gutxi daramat bizikletan, eta ikusten ari naiz hobetzen ari naizela momentu oro; beraz, gogoz nago ikusteko zein mailatan nagoen. Pentsatzen dut saltoa egongo dela afizionatuetatik profesionaletara, baina gogoz nago hango korritzeko era ikusteko, eta gehien bat, ni non nagoen ikusteko.

Alde handia al dago hemengo eta hango korri egiteko moduan?

Egia esan ez dut inoiz korritu Portugalen; pasa den urtean bai izan nintzela Frantzian eta Italian, baina Portugalen ez. Hango lasterketek fama dute zelaian oso azkar joaten direla, eta Euskal Herrian korritu ditudan lasterketekin alderatuta, nabaritzen da zelaian azkarrago doazela. Gero, mendateetan hemen baino azkarrago inon ez da igotzen, Euskal Herrian maila handia dagoelako horretan.

Zein helburu jartzen diozu zeure buruari?

Ez dut helburu argirik: nire onena emango dut esperientzia ahalik eta gehien aprobetxatzeko eta disfrutatzeko. Dena oso azkar pasatu da: pasa den urtean hasi nintzen, eta urte hasieran ere ez nuen helbururik jarri, garrantzitsuena zelako pelotoira egokitzea, eta zer moduz nengoen ikustea. Eta azkenean bi lasterketa irabaztea lortu nuen. Beraz,, urte honetan ere ez dut helbururik jarriko, non nagoen ikusiko dut, eta behin hori jakinda jarriko ditugu xedeak aurrerago.

Urte baterako sinatu al duzu taldearekin?

Bai, urte baterako sinatu dut. Duela dela urtebete ez nekien nola ibiliko nintzen ere, eta hemendik urte batera ez dakit non egongo naizen, ezta zer egingo dudan ere. Oraingoz hau hartu dut, eta ikusiko da urtea nola doan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!