elkarrizketa

«Saltoa ematea errazagoa izan da, iaz ere lehen taldearekin entrenatzen nuelako»

Nahia Aparicio, futbolaria

Hiru denboralditan Realeko bigarren taldean egon ostean, lehen taldera egin du jauzi tolosarrak; pozez eta ilusioz gainezka dago, eta pixkana minutuak pilatzen joatea duela helburu kontatu du.

Txikitatik futbolari amorratua izan da Nahia Aparicio (Tolosa, 2004), eta, gauza ororen gainetik, jokatzen «disfrutatu» egiten zuela dio. Tolosako harrobiko maila guztietatik igaro zen, herriko lehen taldera iritsi arte. Bertan denboraldi bat egin, eta Realak fitxatu zuen. Aurretik begia botata zion talde txuri-urdinak. Inor ez zuen ezustean harrapatu albisteak. Orain, Realeko lehen taldera egin du salto. Goiko taldean «azkarrago» pentsatu behar dela azpimarratu du, eta horretara egokitzen ari da.

Hasi zara jada entrenatzen. Zer moduz?

Ondo. Pixkana entrenamenduetan erritmoa eta intentsitatea igotzen ari da. Bi aste hauetan probak egiten ari gara; herenegun, adibidez, erresistentzia eta abiadura probak egin genituen. Alde horretatik, ahalegin betean gabiltza.

Denboraldi honetan igo zara lehen taldera, baina pasa den sasoian ere aritu zinen gorengo taldearekin entrenatzen, ezta?

Bai, orain dela bi urte hasi nintzen beraiekin. Realeko nire bigarren urtean pare bat entrenamendu egin nituen, eta iaz astean behin edo bi aldiz entrenatzen nintzen. Alde horretatik, saltoa ematea errazagoa izan da aurretik ezagutzen nituelako taldekideak.

Aldea handia al da?

Bai, erritmoa azkarragoa da, azkarrago pentsatzen dute, zuk denbora gutxiago duzu baloiarekin pentsatzeko, eta horrek egiten du jokoa azkarragoa izatea. Noski dagoela saltoa, baina orain egokitzea tokatzen da.

Eta zer moduz ikusten duzu zure burua?

Ondo, uste dut erritmoa pixkana hartzen joan naizela; iaz beraiekin entrenatu nuen, eta horrek asko lagundu zidan maila emateko. Hala ere, badakit oraindik asko dudala hobetzeko, eta taldekideez ikasiko dut haien mailan egoteko.

Hilabete honetan iragarri zuen Realak lehen taldera igoko zinela. Lehenagotik zerbait esango zizuten, ezta?

Otsail aldera Garbiñek [Etxeberria, Realeko kirol zuzendariak] esan zidan aukerak zeudela, eta Nataliak [Arroyo, entrenatzaileak] goran nahi ninduela. Aitarekin nengoen momentu horretan. Sentitzen duzu zuregan konfiantza dutela, eta pozez eta ilusioz hartzen duzu.

Eta lehen taldera igoko zinela baieztatu zizutenean, nola hartu zenuen?

Inoiz ez duzu imajinatzen egun hori iritsiko denik, ezta goiko taldera igoko zarenik ere. Eta gutxiago 19 urterekin. Badakit taldeko gazteena naizela, eta orain egokitzea tokatzen da.

4 zenbakia eramango duzu bizkarrean. Zergatik 4a?

Aukera asko eman zizkidaten. Egia da taldetik aurten zazpi jokalari edo joan direla, eta orduan zenbaki asko zeuden libre. 4a gustatu zitzaidan eta listo. Ez dago arrazoi berezirik.

Pasa den apirilean egin zenuen debuta Zubietan, Valentziaren aurka. Nola gogoratzen duzu egun hori?

Egun berezia izan zen. Denok amesten dugu gure debutarekin, gure ametsetako debutarekin. Aulkian urduri nengoen; ez dakizu aterako zaren edo ez. Azkenean hamar minutu jokatu nituen. Egia da urduri nengoela, baina disfrutatu egin nuen. Gainera, irabazi egin genuen; beraz, oso pozik.

Mezu asko jaso al zenituen?

Bai, betiko jendearenak: familiarenak eta betiko lagunenak. Beraiek badakite futbola zein garrantzitsuan den niretzat. Egun berezia zela bazekiten eta zoriondu egin ninduten.

Zer esaten dizu Natalia Arroyo entrenatzaileak?

Uneaz disfrutatzeko esaten dit, jarraitzeko lanean beti bezala, ez konformatzeko ezerekin eta aukerak egongo direla.

Eta jokalariek? Izarne Sarasola ibartarra eta Nerea Eizagirre tolosarra hortxe dituzu.

Beste tolosar bat taldean dagoelako oso pozik daudela esaten didate, eta erakusteko Tolosako kasta, eta lanean jarraitzeko.

Erreferenterik izan al duzu txikitatik?

Egia esan ez, inoiz ez dut eduki erreferenterik. Beti saiatu naiz ikasten zerbait jokalari guztietatik, baina ez dut izan erreferenterik.

Bigarren taldean hiru denboraldi egin dituzu. Sasoi honetan lortu duzue azkenean 2. RFEF mailara igotzea, hirugarren mailara, alegia. Nola joan da denboraldia?

Denboraldia oso-oso ondo joan da. Egia da hiru denboraldi egon garela helburu berdinarekin, eta azkeneko honetan lortu dugu hainbeste nahi genuen helburua. Sasoi hasieratik denok oso argi genuen zein zen gure xedea: mailaz igotzea. Entrenatzaileak eta jokalariak hori lortzeko lanean egon gara eta azkenean lortu dugu.

Sasoi honi begira, zein helburu jartzen diozu zeure buruari?

Hasieran taldera ahalik eta hoberen egokitzea, erritmoa hartzea, eta denboraldiaurrea aprobetxatzea denboraldirako prestatzeko. Gero, sasoia hasten denean, helburua izango da pixkana geroz eta minutu gehiago jokatzea.

Eta taldeari? Orain dela bi denboraldi Txapeldunen Ligarako sailkatu ziren. Pasa den sasoia, ordea, ez da hain ona izan.

Aurtengo denboraldia ez da oso ona izan, baina nik garbi dut taldeak duen helburua: aurreko sasoia baino hobea izatea. Eta asmo horrekin ari gara lanean orain.

Orain arte erdian eta atzean jokatu izan duzu. Non zaude erosoen? Eta non jokatuko duzu?

Realera iritsi nintzenetik beti erdian jokatu izan dut, euskarri moduan. Baina, azkeneko sasoian atzelariak falta ziren, eta atzean jarri ninduten. Pixkana-pixkana konturatu ziren taldeari gehiago ematen niola atzean jokatuta erdian baino. Egia da kostatu zitzaidala atzean jokatzea, erdian zure saltsan zaudelako eta denoi gustatzen zaigulako… Baina, orain, atzean, geroz eta erosoago nago, eta uste dut nire tokia bilatu dudala.

Tolosan jokatu zenuen 15 urtera arte. Zein oroitzapen gordetzen dituzu?

Oso onak. Nik beti esan dut Tolosan zoriontsu izan naizela. Txiki-txikitatik hor jokatu dut, oso lagun onak egin ditut eta gaur egun oraindik batzuk mantentzen ditut. Bertako txapelketa, eta esperientzia guztiekin geratzen naiz. Oroitzapen oso onak ditut, egia esan.

Realeko bigarren taldean egon zaren hiru denboraldietan Tolosaren aurka jokatu duzu. Gustuko al zenuen zure betiko taldearen aurka jokatzea?

Bai, pare bat partida jokatu ditugu elkarren aurka. Beti da berezia zure lehengo taldearen aurka jokatzea eta nik nabaritzen nuen urduritasun puntu bat. Gainera, gustatzen zait ikustea Tolosako taldea nola aldatu den; gazte asko ikusi ditut, eta pozik nago mailari eustea ere lortu dutelako.

Txikitatik jokatu duzu futbolean. Inoiz pentsatzen al zenuen lehen mailan jokatuko zenuela?

Ez, txikia nintzenean futbolean jokatzen nuen gustatzen zitzaidalako, eta disfrutatzeko. Helburua ez zen Realeko lehen taldera iristea. Baina, urteak aurrera joan ahala, jada jakitun zara non zauden, eta helburu hori beranduago bai jarri nuela. Baina hasieran disfrutatzeko jokatzen nuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!