Hilekoari buruz askatasunez hitz egiteko gunea

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Iglesias Sarasola 2023ko aza. 7a, 07:59
Maialen Mujika Diazek eskainiko ditu bi saioak.

Tolosako Jabetze Eskolaren barruan, hilaren 9an eta 16an, Hilekoa, autoezagutza eta ziklotasuna tailerra eskainiko du Maialen Mujika Diazek. 11- 14 urte arteko neskei zuzenduta dago eta izen ematea irekita dago.

11 eta 14 urte arteko neskek izaten dituzten aldaketen inguruko tailerra da Hilekoa, autoezagutza eta ziklotasuna. Maialen Mujika Diazek eskainiko du eta garai horretan neska askok izaten dituzten zalantzen inguruan ariko dela esan du: «Oraintxe bertan nago aldaketa prozesu batean, ez dakit zer den normala, ez dakit zer ez den normala, bat-batean menarkia dator, eta aurreiritziak daude, bat-batean emakumea naiz, rol hori hartu behar dut, ez dakit prest ote nagoen, ez dakit zer esan nahi duen hilerokoa edukitzeak, ezta nola zaindu nire burua aldaketa horien aurrean...». Bi saio izango dira, hilaren 9an eta 16an, eta gazte horiei euren burua zaintzen lagunduko die, «euren burua nola zaindu dezaketen entzungo dute eta, batez ere, autonomia izaten lagunduko diet, baita autoestimua aurkitzen eta ahalduntze prozesuan laguntzen ere». 

Adituak esan du adin horretan besteen usteek garrantzia handia dutela eta ondorioz, askotan pentsatzen dela bakoitza egokitu behar dela taldera. Ideia horri tiraka barruan dauden beldurrei aurre egiten lagunduko die parte hartzaileei. Azken finean, oso ohikoak diren galderei erantzuten saiatzeko gune segurua sortzen saiatuko dela gehitu du, «helburua askatasunez hitz egitea» baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!