Ba al dago belar jangarririk?

Maier Ugartemendia 2014ko uzt. 18a, 09:00
‘Belar jangarriak’ erakusketa zabalik dago igandera arte Larraulgo ekomuseoan

Dina 7 Kultur Elkarteak belar jangarrien inguruko erakusketa bat antolatu du Larraulgo ekomuseoan; erakusketa astelehenean zabaldu zen eta igandera bitarte zabalik egongo da, 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Elkarteko Aitziber Mendiola eta Pili Otaegi izan dira erakusketa osatu dutenak. Izan ere, azken lau urteetan burubelarri dabiltza belarren munduan. Horregatik, Larraulgo ekomuseoan erakusketa hau kokatzea «egokia eta aproposa» zela erabaki zuten. Nahiz eta, horretarako garairik «egokiena» udaberria den. Izan ere, orduan izaten da garairik onena, orain jada zenbait «galtzen» ari baitira.
Erakusketarako 30 bat landare jaso dituzte, «bat izan ezik, gainerakoak inguruko mendietan bildutakoak». Eta landare bakoitzak bere fitxa du, landarearen ezaugarriak bilduz, eta nola eta zer jan behar den azalduz. Horrez gain, herrian zehar beste 17 landare ere izendatuta daude, panel hori batzuen bitartez. Gainera, erakusketan bertan bideo osagarri bat ere badago ikusgai, eta bertan landare bakoitzaren «historia» eta «bizi duen prozesua» ikusteko aukera ematen dituena.
Aipatu bezala, astelehenean zabaldu zuten erakusketa. Orduan, belar batzuk dastatzeko aukera izan zuten, bai alkoholdun eta alkoholik gabeko edariak eta baita eztiak edo jarabeak bezalakoak ere.
Oraingoz «oso gustura» daude erakusketak izandako harrerarekin. Inagurazioaren egunean bertan, Donostiatik eta Beasainetik ere etorri zen jendea. Bisitarietako batzuek «belarrak identifikatu» nahi izaten dituzte; beste batzuek «oinarrizko ezagutza dute, baina ez dakite jatekoak zeintzuk diren». Hala ere, aurrera begira bisitariak belar jangarriak biltzera «animatuko» direla uste du Pili Otaegik.
Erakusketaren helburua, Dina 7 elkarteko kideek duten jakinduria «ezagutzera ematea» da. Honela, «belar txar titulua gainetik kendu eta balioa ematea» espero dute. Otaegiren ustez, gure arbasoek jakinduria hori izango zuten, baina orain «berreskuratzeko prozesuan» gaude. Horretan dihardute azken urteetan lanean Dina 7 elkartekoek, eta orain besteekin elkarbanatzen ari dira euren jakinduria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!