Udal hauteskundeetan boto zuria emateko deia luzatu dute Larraulen

Tolosaldeko Ataria 2019ko mai. 21a, 10:35

Etxez etxe postontzietan zabaldu den gutun batean, herritar anonimo batzuk boto zuria emateko eskatu dute, eta bide batez, hurrengo hilabeteetan herriaren kudeaketaren inguruko eztabaidan parte hartzeko gonbita luzatu dute

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetara hautagaitza bakarra aurkeztu da Larraulen. PSE-EEk aurkeztu du eta zabaldu den idatzian aipatzen denez, "zerrenda horretan ez dago inor herrian bizi denik".

Legearen arabera, herritarrek bozketaren egunean zein aukera dituzten jakiteko galdera formala luzatu dute udalean eta erantzuna eman diete: "Legearen arabera, aurkeztu den zerrenda bakar horrek udala gobernatzeko boto baliagarrien %5a atera behar du gutxienez. Boto baliagarriak bi dira: aurkeztutako zerrenda hori eta boto zuria (boto zuria gutunazal hutsa sartuta ematen da, inolako paperik sartu gabe eta ezer idatzi gabe)".

Udalak emandako informazioa laburtu dute etxez etxe zabaldu den idatzian, baina galderak eta erantzunak osorik ikusteko, udaletxeko atean ikusgai jarri dituzte dokumentuak. Bertan zehazten da, aldi berean, zer gertatuko litzatekeen zerrenda honek udala hartuko ez balu: "Gipuzkoako Foru Aldundiak batzorde kudeatzaile bat osatu beharko du.  2015eko udal hauteskundeetan boto gehien jaso zituen alderdi politikoko hautesleez osatua egon behar da. Hori posible ez balitz, aldundiak batzordea osatuko du borondatez aurkezten diren pertsonekin".

Herritar hauek, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan herritik sortutako zerrenda bat osatzeko Larraulgo herriak izan dituen zailtasunen aurrean eta herriaren etorkizunean ekarriko dituen "ondorio kaltegarriekin" kezkatuta, honakoa adierazi dute: "Herriko zerrenda bat ez egotearen ardura hemen bizi garen guztiona dela. Zerrenda hori osatzeko norbanakoen zailtasun eta ezintasunak zilegiak direla. Udalaren ardura herrikideon ardura izan behar duela. Ez genukeela Larraulgo herriaren ardura, herriarekin inongo zerikusirik ez duen eta herritik kanpo osatutako alderdi politikoen zerrenda baten esku utzi behar. Herri honek etorkizuna behar duela, eta horrelako erronkek banandu baino elkartzeko baliagarriak izan behar dutela".

Hau guztia kontuan hartuta eta beharrak horrela aginduta, igandeko udal hauteskundeetan boto zuria emateko eskatu dute gutun anonimo honen bitartez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!