Izozkiak ere natural-naturalak

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko uzt. 22a, 12:35

Jokin Arrospide Leaburuko Mahala baserriaren atarian

Pasa den urtean hasi zen Mahala izozkiak merkaturatzen, baina aurten egin dute apusturik handiena. 8 zapore atera dituzte, konotan edo hainbat neurritako terrinatan.

Mahala baserrian janariak betidanik ekoitzi badituzte ere, 1996.urtean hasi ziren gaztak egiten. Jogurtak iritsi ziren gero eta 2003. urtean berriz, beste hainbat produktu lantzen hasi ziren. Kateak ez du etenik ordea eta Mahalaren baserriko produktu naturalei beste aukera bat erantsi diote: izozkiak. Hauek ere naturalak direla dio Mahalako Jokin Arrospidek, produktu kimikorik gabeak. «Kontserbagarriak erabiltzen ditugu, baina naturalak, algak eta horrelakoak», esan du.

Aurten ari dira ezagun egiten, baina iaz ere egiten zituzten izozkiak. Uda honetan hasi dira, hala ere, produktuari irudi berezi bat eman eta jendartean zabaltzen. «Iaz ere bagenituen izozkiak, baina aurten zabaldu dugu produktua. Konfiantza hartzen ari gara, publizitatea egiten... Aurtengo urtea neurri batean gure izozkiek zein merkatu hartu ahal duten ikusteko izango da», azaldu du Mahalako arduradunak.

Izozkiak lantzearen ideia orain 6 bat urtetik datorrela ere esan du Arrospidek: «Izozkiak egitearen ideia orain 6-7 urte izan genuen. Ikastaro bat egin genuen, baina denbora eta indar faltagatik utzi egin genuen. Orain bizpahiru urte hasi ginen berriz ere izozkien kontuarekin. Mutil gazte bat etorri zen gure izozkien inguruko eskola amaierako proiektua egitera eta horrela garatu dugu produktua. Hiru bat hilabete egin zituen gurekin».

Kontserbagarri kimikorik gabe

Egiten dituzten produktu guztiak bezala, izozkiak ere ahalik eta modurik naturalenean egiten dituzte, hori da beraien erronka. «Gaia lantzen joan gara, ahalik eta modurik naturalenean egin nahi genuen lana; kontserbagarriak ahalik eta naturalenak izatea nahi genuen eta ez dugu koloragarririk ezta lurrinik erabiltzen ere. Horrek guztiak garapen handia eskatzen du eta lan egiteko modu hori gaur egungo merkatutik kanpo geratzen da. Iaz ontzi arruntetan kaleratu genituen lehen izozkiak. Jendeak ondo hartu zituela ikusi genuen eta hori ikusita aurten inprimazio pertsonalizatua egin dugu. Izozkiak beste ontzi batzuetan atera ditugu, irudi jakin batekin eta abar».

Izozkiak ateratzeko inbertsio txiki bat egin behar badute ere eguneroko lanean abantailak ere baditu: «Izozkiei izozte baldintza egokietan urtebeteko iraupena eman ahal zaie. Esne pixka bat geratzen zaigunean edota denbora librea dugunean egiten ditugu izozkiak. Laneko antolakuntzarako abantaila bat da, bai lehengai aldetik eta baita langile aldetik ere. Desabantailak ere baditu hala ere, izan ere izozkiak dira eta orain arte erabili dugun materialak ez du balio. Hau da, furgoneta bereziak behar ditugu, izozkailuak... Furgoneta berezi bat erosi behar izan dugu».

Bezeroentzako izozkailu txikiak ere erosi behar izan dituzte. «Guk izozkia saltzen dugu, baina badira puntu batzuk non izozki asko saltzen diren eta horietan gure marka duen izozkailu txiki bat eskaintzen diegu. Ez ditugu asko eta bezeroaren arabera eskaintzen ditugu». Orain artean jendeak oso ondo hartu ditu Mahala izozkiak eta oso pozik daudela esan du Arrospidek. «Udaran oso ondo ari gara, zalantza neguarekin dugu, ez dakigu zenbatean geratuko garen, baina gazte jendearen artean geroz eta gehiago jaten dira izozkiak eta neguan sukaldaritzan postretarako ere kontsumitzen da, beraz, ikusiko dugu zertan geratzen den».

Oraingoz hasi besterik ez direla egin dio eta hurrengo erronka gutxienez izozkien kalitatea mantentzea izango dela nabarmendu du, era berean zerbitzu egokia eskaini behar dutela esan du eta salneurria ahal den guztia estutu, «jendeak errazago erosi dezan».

Euskal Herrirako eta euskaraz

Mahala baserrian oso argi dute euren merkatu naturala Euskal Herria dela, batez ere Gipuzkoa, eta hori guztia euren produktuen diseinuan antzematen dela dio Arrospidek; «diseinuan eta publizitate eta abarretan euskara erabiltzen dugula ikusita argi dago Euskal Herria dela gure merkatua. Gure sentsibilitatea argi utzi nahi izan dugu beti».

Mahalan natura zaintzeko, kalitateko produktuak kaleratzeko eta salmentarako sare propioa erabiltzeko konpromisoak ere hartuak dituzte. Orain arte egiten dutena —behi gazta xamurra, gazta freskoa, jogurtak eta postre bereziak, txerrikiak eta izozkiak— ondo egiten jarraitu nahi dutela dio Arrospidek, eta hori dela eta momentuz ez dutela produktu gehiago ateratzeko asmorik. «Oraingoz ez dugu ezer gehiago buruan. Seguruena datozen lauzpabost urteetan ez dugu produktu berririk aterako. Produktu berriak atera baino, saltzeko era egokitu dezakegu. Garai berrietara egokitu beharko dugu. Produktu berriak ateratzea lan handia da eta orain egiten duguna ondo egiten saiatu behar gara, horretan jarraitu».

Izozkiez gain, gainontzeko produktuen salmentarekin ere pozik daude Mahalan, hala ere, merkatuaren joerei begiratzen diete: «Joerek erakusten digute produktu txikiak saltzen direla geroz eta gehiago. Jogurtekin gorantz goaz, gaztari eutsi ezinik gaude... baina merkatuko joerak horrela direla ikusten dugu, gazta gutxiago saltzen dela, eta gu horretara egokitzen ari gara».

«Zoritxarrez geroz eta abiadura handiagoan bizi gara eta eredua industria handiek ezartzen dute. Azkenean beraiek marrazten dute bidea eta guri ere eragiten digute», gaineratu du Arrospidek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!