Bazkari berezian parte hartzeko deia egin dute txaramarrek

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 16a, 17:26
Txaramako auzotarrak elkartean, bazkarirako deialdia egiten.

Ekainaren 1ean bazkaria egin asmo dute Txaraman eta horretarako txaramar eta Txaramarekin lotura izan duten pertsona oro animatu dute.

Ekainaren 1erako «bazkari berezi bat» ari dira prestatzen Txaraman. Txaramako auzotarrek azaldu dutenez, euren artean biltzean zerbait egiteko nahia sumatzen zen, eta horren harira hasi ziren bazkari baten bueltan egingo duten festa eguna antolatzen.

Txaraman jaio edo Txaramarekin lotura izan duen jendea biltzeko asmoa dute, «Txarama izan zena gogoratzeko,, eta belaunaldi berriei izan ginen hura zabaltzeko. Garai hartako kontuez hitz egiteko eta aspaldiko lagunak biltzeko asmoz egin nahi dugu bazkaria», azaldu dute, auzoko elkartean bertan bildu diren txaramarrek.

Garai bateko Txarama gogoratzen hasita, bertako txokoen izenak aipatu dituzte, hala nola, Matraka, Kartero, Kuatrobientos, Kaskajera, Toledoko benta, Segundo rio, Afrika txiki, Tenisa, Playa Morena eta Porteria. Frontoia, zinea, errota, kanala, garbitegia edo gasolindegia ederki gogoratzen dituzte, eta baita, Rafaelita eta Ana Mariren ile-apaindegia, estankoa, Maritxuren denda, ekonomatoa, Pako eta Luxiaren taberna edota Faustaren arrandegia.

Garai bateko sokatira eta futbol taldeak edo enpresen arteko txapelketak eta lortutako garaipenak ere aipatu dituzte auzotarrek eta baita auzoko beldurrezko istorioak ere. Ikastola eta Pili andereñoa ere euren buruan gordeta dute, eta zer esanik ez festetan jende mordoa biltzen zeneko garaia edo zinean Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Oskorri, Estitxu, Minxoriak edo Egan aritzen zirenekoa.

Horiek guztiak euren oroitzapenetan gordeta dituztela azaldu dute, eta esan dute, egun Txaraman gutxiago geratzen diren arren, «bizirik eta indarrez» jarraitzen duela auzoak: «etorkizunera begira aurrera goaz, festa giroan kultur asteak antolatuz, eta egun berezietan bilduz».

Horixe da, hain justu, ekainaren 1erako prestatu asmo duten bazkarian eta horren bueltako festan egin nahi dutena, ahalik eta txaramar eta auzoarekin lotura izan duten herritar gehien bildu. Horretarako dagoeneko izena emateko aukera dagoela esan dute, Kutxan eta Laboral Kutxan zabaldu duten kontuetan izen-abizenak jarriz, eta menuari dagokion kopurua sartuz. Helduen menuak 35 euroko kostua izango du, ikasleen kasuan 25 eta umeen menuak 15 eurokoa. Auzoko elkartean ostiraletan 19:00etatik 20:00etara ere egin ahalko da izen ematea.

Auzotarrek esan dutenez, izena ematearekin batera, prestaketetan lagundu nahi duenak ere horretarako aukera izango du, eta eskaera bat ere egin dute, ekainaren 1erako festarako deialdia lau haizeetara zabaltzeko, «txaramar edo Txaramarekin harremana izan duen oro baitago gonbidatuta». Elkarrekin «egun ederra» igaroko dutela ziurtatu dute, eta ekainaren 1a «egun handia» izango dela, «izan zirelako baikara eta garelako izango baitira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!