Txirritaren kasua mahai gainean jarri da lehen aldiz

Maier Ugartemendia 2016ko mai. 26a, 12:45
Txirritaren irudia aurrean zutela egin zuten txostena aurkezteko prentsa agerraldia egileek, senideek, lagunek eta udal ordezkariek.

Atzo arratsaldean, Tolosako kultur etxean, Txirrita.40 urte txostena aurkeztu zuten; bertan Bernardo Bidaola Txirritaren historia kontatzen da. 1976ko apirilaren 25ean desagertu zen Txirrita, Lizarietan, eta urte bereko maiatzaren 28an agertu zen bere gorpua Sarako basoetan. 40 urte hauetan senideek ez dute gertatu zenaren inongo azalpenik jaso.

Desagerpenaren egunean, eta gorpua agertu bitarte gertatu zena ulertzen saiatzeko, edo horretan lehen pausoak emateko txosten bat (irakurri hemen txosten osoa) osatu berri du Ander Lizarralde oñatiarrak, Iñaki Egaña historialariarekin eta Bidaola sendiarekin batera. Bertan garaiko dokumentuak bildu ditu (nahiz eta dokumentu ofizial asko desagertuta dauden, edo behintzat ez dauden familiaren esku), eta horrez gain, egun hartan Txirritarekin Eulogio Talavera Tala, Gregorio Garitonandia Arrillaga Borda komando kideen, eta Iñaki Hernandez mugalariaren testigantzak ere jaso ditu. TOLOSALDEKO ATARIA-k bihar argitaratu du Ander Lizarralde egilearekin, eta Txirritaren anai-arrebekin prestatutako erreportaje berezia.

Guztiek parte hartu zuten atzo egindako agerraldian, hainbat herritarren babesarekin eta baita Tolosako eta Lizartzako udal ordezkariekin batera ere.

Gazte «mendizale, euskaltzale eta borrokalari» bezala definitu zuen Bernardo Bidaola Txirrita, Jesus Mari Agirre Mauleon lagunak. Txirritarekin gerta zitekeena hobeto ulertzen laguntzeko Iñaki Egaña historialariak garaiko kokapen politikoa egin zuen. Amnistiaren Aldeko Batzorde Nazionalak uda horretan osatu ziren, eta bertan aipatutakoarekin «bete-betean» asmatu zutela uste du Egañak: «Garai modernoetako lehen desagertua izan zen». Izan ere, gaur egun «nazioartean ematen diren neurrien» arabera, Txirrita «desagertua» izan zen, Lasa eta Zabala edo Mikel Zabalzaren kasuen pareko.

Garaiko gazteek «frankismoaren aurkako borrokarekin zuten konpromisoa» azpimarratu zuen Egañak. Manuel Fraga lehen ministro zen garai hartan eta besteak beste, Martxoaren 3ko sarraskia gertatu berri zen.

Desagerpenaren data inguruan bi puntu nagusi azpimarratu zituen: Nafarroa eta bahiketak. Batetik, aipatu zuen apirilaren 17an Iruñean Aberri Eguna deitu zela, eta ondorioz Guardia Zibilaren konboiak bidali omen zituztela «Nafarroa ia osora eta baita mugara ere»; Iruñean «ehunka» pertsona atxilotu zituzten.
Bahiketaren gaian hainbat desagerpenen berri eman zuen Egañak, baina bereziki aipatu zuen Hendaian «Espainiako bi inspektoreren bahiketa» izan zela apirilaren 4an: «Espainiako poliziaren ustez bahituta daude nonbait eta hurrengo asteetan horri aurre egiten saiatuko dira». Egañaren ustez bi polizia horiek «bizirik» zeudela uste zutela, eta horregatik «informazioa jasotzen» saiatzen zirela. Eta horregatik garai horretan bahiketa desberdinak egon ziren, tartean esaterako «Pertur-en ama bahitu zuten hiru egunez eta aste batzuetara Pertur desagertu zen». Txirritaren desagerpena ere horrekin lotuta egon zitekeela pentsatzen du: «Badirudi ez zuela informaziorik eta horregatik beranduago azaldu zen lekuan eta hilda. Hori da nik sumatzen dudana».

Hala ere, oraindik kontakizuna argitu ahal izateko «denbora dezente» pasako dela uste du Egañak, eta «ez dela erraza izango».

Txostenaren nondik norakoak

Ander Lizarraldek, txostenaren egileak egindako datu bilketaren inguruko datu esanguratsuenak aipatu zituen agerraldian. Apirilaren 25ean desagertu zen Txirrita, eta hilabete baino gehiago pasa zen bere gorpua agertu arte. Maiatzaren 28an izan zen, Sarako basoetan. Besteei dagokionez, Borda eta Talak iparraldera ihes egitea lortu zuten. Iñaki, berriz, «lau orduz egon zen Lizarietako zelaian zaurituta», ondoren Donostiako ospitalera eraman zuten: «Han hiru hilabetez egon zen. Haietatik bi inkomunikatuta. Ondoren Carabanchel-eko kartzelara eraman zuten».

Aipatu, Txirrita desagertuta egon zen hilabete horretan zehar inguru horretan hainbat bilaketa saio egin zituztela Txirritaren gertukoek. Tolosatik Oargi Mendi Elkarteko kideek ere irteera pare bat egin zituzten bertara, Txirrita elkarteko kide baitzen.

Txostenean, Ander Lizarraldek Txirritaren heriotzaren inguruan dauden hiru bertsioak azaltzen ditu, eta bakoitzaren ahulguneak eta indarguneak izan daitezkeenak ere aipatzen ditu. Hiru bertsioak honakoak dira Lizarralderen esanetan: «1) Txirritak Lizarietako tiroketan zauritu ondoren Sarako basoetara ihes egitea lortu zuela eta bertan bere buruaz beste egin zuela; 2) Lizarietan zauritu ondoren Sarako basoetan hil zela zauri horien ondorioz; 3) Txirrita Guardia Zibilaren eskuetan geratu zela eta hauek torturatu eta hil ondoren Sarako basoetan utzi zutela bere gorpua». Lehen bi bertsioak iturri ofizialetan eta orduko prentsan agertutakoak dira, baina bertan ere bertsioak ez datoz bat; hirugarrena, iturri ofizialetatik aparteko bertsioa da.

Txostena aurkeztu badute ere, «batu gabe dago oraindik informazio jakin bat» Lizarralderen esanetan: «autopsia, informe poliziala eta abar».

«Oso eskertuta»

Txirritaren senideen izenean, bere ilobek hartu zuten hitza, eta eurentzat «egun garrantzitsua» zela aipatu zuten, izan ere, urte hauetan «zalantza asko» izan dituzte, eta horiek «argitu» nahi dituzte. Horregatik lehen abiapuntu honi ekin, eta txosten hau argitaratzeagatik «oso eskertuta» daudela adierazi zuten.

TXIRRITAREN 40. URTEURRENA GOGORA LARUNBATEAN

Urtero egin ohi duten moduan, Txirritaren gorpua agertu zen egunean gogora ekarriko dute Tolosan Bernardo Bidaola Txirrita.

Larunbatean, 12:00etan bere oroimenezko Uzturreko monolitoan urteroko lore eskaintza egingo diote. 14:00etan, bertso bazkari herrikoia egingo dute Jokin Uranga eta Beñat Lizaso bertsolariekin. Txirrita kide zen Oargi elkartean izango da bertso bazkaria, eta txartelak salgai daude Raku eta Xirimiri tabernetan, ostiral iluntzera bitarte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!