Lizartzako Otsabio Kirol Elkarteak mendi erronka antolatu du

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 8a, 12:55

Aurkezpena ostiralean egingo dute, 18:30etan, udaletxeko aretoan.

Urtero erronka berri bati eusten dio Lizartzako Otsabio Elkarteak, eta aurtengoa ere martxan dute Ezetz 4! lelopean. Honela, elkarteak hainbat mendi irteera proposatuko ditu, azaroan hasi eta ekaina bitartean. Erronkarekin bat egiten duten parte hartzaileek, gutxienez, horietako lauetan saiatu beharko dute parte hartzen, eta bakoitzak horren lekuko bat aurkeztu beharko du ekaina bukaeran. Horretarako, elkarteak album bat entregatuko dio interesa duen bakoitzari. 

Aurtengo erronkak helburu desberdinak dituela azaldu du Arantxa Mendizabal elkarteko kideak: «Batetik, Lizartzatik atera eta inguruan dauden mendi eta ibilbideak ezagutzea, mendiaz gozatzea eta mendia maitatzea, familia giroan eta gure artean ondo pasatzea eta disfrutatzea eta, nola ez, belaunaldi berri edo gazteei gure kultura transmititzea».

Irteera bakoitzean parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran; bata txikia (01:30:00eko denboran egiteko modukoa) eta bestea luzea (4 orduko denboran egiteko modukoa). Ibilbideak hurrengoak izango dira:

  • Azaroak 25: Pernandoren ibilbidea.
  • Urtarrilak 20-21: Belagua.
  • Otsailak 25: Aiako harriak.
  • Martxoak 17: Aizkorri Urbia.
  • Apirilak 21: Zumaiako Flyshak.
  • Ekainak 15-16: Panticosa.

Mendizabalek jakinarazi bezala, erronka burutzen duten guztiek izango dute saria eta sari potoloagoak ere zozketatuko dira amaieran. Guzti honen aurkezpena ostiralean egingo dute, 18:30ean, Lizartzako udaletxeko aretoan. Interesa duten edonork egun horretan albuma jasotzeko aukera ere izango du, albuma osatzen joateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!