‘Ezetz 4!’ mendi erronka aurkeztu dute Lizartzan

Tolosaldeko Ataria 2023ko aza. 14a, 07:59

Zazpi mendi irteera antolatu ditu ekainera bitarte Otsabio Kirol Elkarteak, eta horietako lau osatu beharko dituzte parte hartzaileek.

«Mendira joateko ohitura galtzen ari zela ikusi genuen, beraz, duela bi urte tradizio horri eutsi genion eta herritarrei erronka desberdinak proposatzea erabaki genuen», kontatu du Iraitz Olaetxea Otsabio Kirol Elkarteko kideak. Hirugarren erronka martxan du dagoeneko Lizartzako Otsabio Kirol Elkarteak, Ezetz 4! lelopean. Honela, zazpi mendi irteera antolatu ditu elkarteak, azaroan hasi eta ekaina bitartean iraungo dutenak. Erronkarekin bat egiten duten parte hartzaileek, gutxienez, zazpi irteera horietako lau ibilbide osatu beharko dituzte.

Aurtengo erronkak helburu desberdinak dituela azaldu du Arantxa Mendizabal Otsabio Kirol Elkarteko kideak: «Batetik, Lizartzatik atera eta inguruan dauden mendi eta ibilbideak ezagutzea, mendiaz gozatzea eta mendia maitatzea, familia giroan eta gure artean ondo pasatzea eta disfrutatzea eta, nola ez, belaunaldi berri edo gazteei gure kultura transmititzea». Hala ere, aurtengo erronkarekin talde izaera berreskuratzea dutela helburu gaineratu du Olaetxeak, «urteetan indibidualki planteatu ditugun erronkak alde batera utziz».

Zazpi irteera, bi ibilbide

Mendizabalek jakinarazi bezala, «irteera bakoitzean parte hartzaileek bi ibilbide izango dituzte aukeran; batetik ibilbide txikia, bost kilometro ingurukoa izango dena, eta bestetik, luzea, 15 kilometro ingurukoa izango dena». Ibilbide luzea egiten dutenek 9:00etan irtengo dira Lizartzako plazatik, eta ibilbide motza egiten dutenek, berriz, 10:00etan izango dute hasiera ordua.

«Ikusi genuen egun eta ordu zehatz bat planteatuta ezin genuela irteera guztietara derrigortu inor, beraz, malgutasun horrekin jokatzeko planteamendu zabalago bat egin dugu», azaldu du Olaetxeak. «Irteera batzuk gertuago egingo ditugu, Lizartza inguruan, eta beste batzuk, berriz, asteburu guztiko iraupena izango dute», gehitu du.

Azaroaren 25ean izango dute lehen irteera eta Amezketara joango dira Pernandoren ibilbidea gauzatzera. Datozen hitzorduak hurrengoak izango dira: urtarrilak 20tik 21era Belagua; otsailak 25ean Aiako harriak; martxoak 17an Aizkorri Urbia; apirilak 21ean Zumaiako Flyshak; eta ekainak 15etik 16era Panticosa.

Bilduma eta erakusketa

Lau ibilbideak osatuta, parte hartzaile bakoitzak ekaina bukaeran horren lekuko bat aurkeztu beharko du. Horretarako, parte hartzaile bakoitzari argazki bilduma bat emango diotela azaldu du Olaetxeak, «irteera bakoitzean argazkiak atera beharko baititu, bilduma osatuz».

Jasotako argazki guztiekin, berriz, ekaina bukaeran argazki erakusketa antolatuko dute, baita sari banaketa ere. Mendizabalek esan du, urteroko moduan parte hartzen duten guztiek jasoko dutela saria, «oraindik saria zehaztuta ez izan arren».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!