Irati Zabalak binakako txapelketaren finalerdia jokatu du igandean

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 4a, 18:49
Irati Zabala, ezkerrean, finalerdirako pilota aukeraketan. JAVIER CONDE

Ados Pilota elkarteak antolatzen duen txapelketaren finalerdia Labrit pilotalekuan jokatuko da, eta Zabalak aurrelari moduan Zabaleta izango du, eta aurkariak Ruiz de Infante eta Galeano izango dira.

Iruñeko Labrit pilotalekuan Ados Pilota elkartearen binakako txapelketaren finalerdia jokatuko da igande honetan, apirilak 7, 11:30etik aurrera. Bertan Irati Zabala lizartzarra ariko da lehian, aurrelari Zabaleta duela, eta beraien aurkari Ruiz de Infante eta Galeano izango dira. Sarrerak bost euro balioko ditu.

 

Zabaletak azaldu duenez, finalerdi «zaila» izango da: «Ligaxkako partidan ikusi zen oso borrokatua izan zela eta uste dut tankera bera hartuko duela finalerdiak. Gu saiatuko gara gure jokoa egiten, nahasten pixka bat, eta Iratik gozatu dezala, eta horretarako egokiak diren pilotak harrapatu ditugu. Ea partida nola joaten den». Bere aldetik, Zabalak ere partida «gogorra» espero du, «batez ere Otxandion jokatu genuen ligaxkako partida ikusita». Lizartzarrak gaineratu duenez, «guk gurea egin beharra dugu irabazteko, aurkariek bikote indartsua osatzen dutelako eta asko defendatzen dutelako». Pilotei buruz «dezente azpitik» ibiltzen direnak hartu dituztela azaldu du, eta pilota bat gustukoa duela zehaztu du.

 

Ruiz de Infantek azaldu duenez, bi bikoteek finalerdirako nahiko antzeko pilotak aukeratu dituzte: «Guretzako erosoenak zirenak eta apur bat biziagoak aukeratu ditugu». Otxandioko ligaxkako partida ekarri du gogora, «gogorra eta erritmo handikoa» izan zela azalduz. «Ea horrela ateratzen den finalerdia eta guk aukera dugun 22ra iristeko». Pilotekin «gustura» geratu dela esan du Galeanok: «Nahiko antzekoak dira laurak, gureak biziagoak, eta partida ona ateratzen bada lau pilotarion aldetik, uste dut neurketa gogorra izango dela».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!