Otsabio Kirol Elkarteak Zumaiara egingo du irteera larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 16a, 15:00

Otsabio Kirol Elkarteak antolatutako 'Ezetz 4!' erronkaren barruan egingo dute larunbatean irteera; herriko plazatik abiatuko dira kotxeetan 08:00etan eta parte hartzaileek bi ibilaldi izango dituzte aukeran.

Seigarren irteera izango dute larunbatean Ezetz 4! erronkan parte hartzen ari diren lizartzarrek. Herriko plazatik 08:00etan abiatuko dira kotxeetan eta Zumaiara iristean, ohi bezala, bi ibilbide izango dituzte aukeran; ibilaldi motzak 10 kilometro izango ditu eta luzeak, berriz, 18 kilometro. Ibilbide luzea egiten dutenek Euskotrena hartu beharko dute Debara joateko, handik hasiko baitute ibilbidea eta Flyscharen bidea egingo dute. Bi ibilbideak amaituta, Zumaian elkartuko dira parte hartzaile guztiak eta mokadurako aukera izango dute.

«Mendiaz gain, kostako bidea ere egin nahi genuen eta Flyscha eta itsas labarrek itsas zabalarekin bat egiten duten guneak ere ezagutu», adierazi dute elkartetik. Halaber, herritarrak animatzeko deia egin dute, «eguraldi ona izango dugu eta jendea animatzea espero dugu, kosta ezagutzeko eta naturaren altxor paregabeaz gozatzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!