Oilarra jaistearekin batera abiatu dituzte Santa Krutz jaiak

Leyre Carrasco 2023ko mai. 3a, 17:00

Giro ederrean hasi dituzte festak Orexan. Hiru egunetako egitarau zabala prestatu dute, eta igandera arte izango dute zer ospatu bertan.

Egun handia izan dute gaur Orexan, izan ere, giro ederrean hasi dituzte Santa Krutz festak. Suziria lehertu baino lehen tragoa eta mokadutxo bat hartzeko tartea hartu dute herritarrek, eta ostatuan bildu dira denak. Helduek festarako indarrak hartzen zituzten bitartean, elkartean egin behar zuten herri bazkarirako antolaketa lanetan aritu dira gaztetxoenek. Dena prestatuta, 12:30ak aldera gerturatu dira herritarrak udaletxeko atarira.

Urteroko moduan, elizako kanpai hotsekin batera jaitsi dute oilarra, elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira arteko bidea eginez. Suziria lehertuta, bazkaria eta tarta lehiaketa ere izan dute, eta igandera arte izango dute festarako tartea.

Egitaraua

  • Maiatzak 5, ostirala
    • 19:00. Bingo herrikoia, ostatuan.
    • 20:30. Afari-merienda ostatuan.
    • Ondoren. Trikitilariak: Gari eta Iñaki.
  • Maiatzak 6, larunbata
    • 16:30. Auzo arteko apustua.
    • 21:00. Herri afaria, ganbaran.
    • 00:30. Erromeria Bide batez taldearekin.
    • Ondoren. DJ Bull.
    • Goizaldera. Gosaria.
  • Maiatzak 7, igandea
    • 12:00. Hamaiketakoa ostatuan. Urdaiazpikoa Joxe Mari Barriolak moztuta.
    • 16:00. Pontx pailazoa frontoian.
    • Ondoren. Txokolate edatea eta puzgarriak.
    • 19:00. Herriko sagardo dastaketa.
    • Ondoren. Oilarraren igoera, festei amaiera emateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!