«Herri kohesioa lantzea da garrantzitsuena»

Leyre Carrasco 2023ko aza. 1a, 07:57

Orexa herri bizia izateko helburuarekin duela legealdi batzuk hasi zuten ‘Orexa bizirik’ herri estrategiari jarraipena emateko asmoarekin daude.

Eneko Maiozen lekukoa hartu zuen aurreko legealdiaren azken zatian Gurutze Etxezabal Iturriozek (Orexa, 1995), eta legealdi berriari «pozik eta gustura» ekin diola esan du. Aurrera begira, azken legealdien antzera, «Orexa bizirik» mantentzea izango dute helburu, «elkarlanean aritzeko espazio bat sortuz eta herri giroa sustatuz».

Azken 11 urteetan Eneko Maioz izan da Orexako alkatea eta bere lekukoa hartu duzu.

Legealdi berria desberdina izaten ari da, azken lau urteetan udalaren funtzionamendua barrutik ezagutu izanak asko lagundu baitit. Hala ere, egia da hasieran kosta egiten dela udalaren erritmoa hartzea, eta administrazioa pisutsua iruditzen zaizu. Aurreko lau urteetan zortea izan dut Eneko Maiozen ondoan egon naizelako. Berarekin lan egin izanak asko lagundu dit ikasteko, sekulako eskola izan da niretzat. Beraz, karguak duen errespetutik, arduraz baina gustura eta lasai.

Aldaketa handia izan da kargu batetik bestera igarotzea?

Azken batean, Orexa bezalako herri txiki batean udala bera beste eragile bat da; guk behintzat horrela ulertzen dugu Orexan. Herriko elkarteak, kooperatibak edo ostatuak funtzioak dituzten bezala, udalak ere bereak ditu, baina beste era batera. Beraz, herriaren alde lan egiten duen beste espazio bat da; beste lan lerro bat bezala ulertzen dugu udala.

Nola baloratuko zenuke maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako emaitza?

Horrelako balorazioetan sartzea kosta egiten zait. Azkenean, hain herri txikia izanda eta ez daukagunez oposiziorik, gure funtzionatzeko modua, Orexan behintzat, herri batzarraren bidez da. Bertan, herritarrekin egon, entzun eta denon parte hartzearen bitartez hartzen ditugu erabakiak. Hori da guretzako termometroa. Elkarlan horretan pasatzen da azterketa. 

Zein proiektu nagusi dituzue lau urte hauetarako?

Buruan ideia asko ditugu. Duela legealdi batzuk Orexa bizirik izeneko herri estrategiarekin hasi ginen lanean, eta legealdi honetan horri jarraipena emango diogu. Orexa herri bizia izateko bidean, bertakoak bertan gustura bizi daitezen eta bertako gazteak ere bertan bizitzeko hautua har dezaten proiektu desberdinak aurrera ateratzea da asmoa. Beraz, gaur gaurkoz, esan genezake udala eta herritarren arteko kooperazio proiektuak sustatzea eta tresnak sortzea izango dela gure helburu nagusia. Gaur egun, udalak parte hartzen duen bi kooperatiba ditugu martxan Orexan; bata, Oihan Txiki lehen sektoreko kooperatiba da, eta bestea, Energia Berriztagarrien kooperatiba, dagoeneko bere bidea egiten hasi dena eta Orexa energia burujabetzara joateko bidean pauso garrantzitsuak ematen ari dena. Orain, hirugarren kooperatiba bat ari gara lantzen ostatuaren gestiorako. Izan ere, iruditzen zaigu herri baten kudeaketa eta herri baten garapena herritarren artean sortu behar dela eta herritarrek gidatuta egon behar duela. Udal bezala, guri sustapen lanak edo motor lanak egitea tokatzen zaigu, baita ekosistema bat sortzea ere, non denon parte hartzeari eta erabiliko diren tresna ezberdinei esker, zerbitzuak eskaini eta herritarren beharrak aseko diren.

Herri giroa sustatzeko egitasmorik duzue eskuartean?

Nik uste, azkenean, Orexa Bizirik proiektu osoa dela herri giroa sustatzeko modua, parte hartzen, aktibo izaten eta herri kohesionatua lortzen laguntzen baitu. Orain, gainera, aste kulturala daukagu ate joka, eta kultur ekitaldi ugari izango ditugu herrian. Kultur elkarte bizia dugu Orexan, non herriko gazteek parte hartzen duten eta elkarlanean aritzen dira ostatuarekin eta herriko beste eragileekin batera. Guretzako hori oso garrantzitsua da.

Proiektuak eta ekimenak aurrera ateratzeko auzolana garrantzitsua da Orexa bezalako herri txikietan, ezta?

Bai, izan ere, guk herritik ez badugu egiten, zaila da beste batzuen zain egotea. Beraz, auzolanaren funtzioari ere buelta bat eman nahi diogu edo auzolan tradizionala aldatu nahiko genuke, esaterako, herria txukun mantentzeko. Beste auzolan mota bat garatzen hasi nahiko genuke, nola egiten den balorean jarrita. Azkenean, herri bizia eta herri kohesioa lantzea da garrantzitsuena.

Horrekin lotuta, gainera, beste erakundeen laguntzak beharrezkoak zaizkizue zuena bezalako udal txikiei. Eskualde mailako kooperazioa nola ikusten duzu?

Ezinbestekoa dela uste dut. Herri txiki eta ez hain txikiek zerbitzuak jasotzeko edo gizartea bezala eskuartean dauzkagun erronkei aurrera egiteko. Beraz, garrantzitsua da eskualde mailan egitura indartsuak egotea, erronka bateratuei bidea egiteko eta adostasunak bilatzen saiatzeko. Indarrak batuta erantzun hobea ematen diegu eskuartean dauzkagun erronkei.

Ba al dago bereziki kezkatzen zaituen gairik?

Bai, Orexan funtzionatzeko dugun era edo herritarrekin dugun kooperazio eta kolaborazio sistema hau beste instituzio batzuek oraindik ez ulertzeak kezkatzen nau. Uste dut horrelako tresna ezberdin batekin administraziotik harago doazen gaiei eta herritarren edo herriaren beharrei erantzuna eman diezaiekegula. Azkenean, erantzun hori herritarrekin batera edo herritarren inplikazioarekin batera emateak epe luzeko erabakik izango direla esan nahi du. Beraz, bai kezkatzen nau funtzionatzeko era hau beste administrazioek ez ulertzea eta ez lagundu nahi izatea gure herriaren garapenean.

Zein mezu zabalduko zenuke herritarren artean?

Gero eta garbiagoa gelditzen da gurea bezalako herri txiki baten garapena gure esku dagoela, alegia, herritarren esku dagoela. Beraz, sinistea nahiko nuke orexarrak Orexatik bezain hobeto ez duela inork herri hau kudeatuko.

Erlazionatuak

Gurutze Etxezabal, Orexako alkatea

Leyre Carrasco 2023 aza 01 Orexa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!