«Hondakinen mahaiak lanean jarraituko du»

Tolosaldeko Ataria 2013ko mar. 19a, 00:01

Pil-pilean dagoen gaia da hondakinena, eta batik bat, batzuen eta besteen artean sortzen den eztabaidarengatik. Eztabaida horren azken liskarra Tolosako Udaleko Hondakinen Mahaian eman da. EAJ eta PSE-EE alderdiek eta Tolosa Txukun plataformak mahaia uzteko erabakia hartu dute «gardentasun falta» egotzita. Tolosako Udalak, berriz, «harriduraz» hartu du erabaki hori, eta «alderdikeriaz jokatzea» egotzi diete mahaia utzi dutenei.

2012 urteko uztailetik zegoen martxan Hondakinen Mahaia.  Tolosako Udal Gobernua osatzen duten Bilduk eta Aralarrek gogoratu dutenez, bi baldintza betetzeko ardurarekin sortu zen: «hondakinak gaika banatzea derrigorrezko bilakatuko zuen sistema bat ezartzea eta gaika biltzeko tasak 2014ean %70era iristea eta 2016an, %85era». Hala, mahaiaren filosofia «adostasunean lan egitea» izan dela hasieratik azaldu dute bi alderdiek. «Mahaiaren azken bileran enpresa kualifikatu batek Tolosako hondakinen sistemaz azterketa bat egiteko ikerketaren pleguak adostu ziren, eztabaida eta iritzi trukaketa luze baten ondorioz».

Horregatik, Bilduk eta Aralarrek ez dute ulertzen zergatik erabaki duten mahaia uztea: «Gainera, EAJko kide bati esker lortu zen pleguak onartzea, berak botatako ideia baten bidez hautsi baitzen blokeoa». Tolosako Udal Gobernuak, erabakia ez ulertzetik harago, mahaia utzi izana «Tolosari ez baino Gipuzkoari erantzuten dion estrategia» dela uste du. Hondakinen Mahaia uzteko eman dituzten arrazoiei erantzunez, «gezur, manipulazio eta alderdikeria jokoek» herriari «kaltea eta nahasmena» besterik ez diela eragiten adierazi dute. Era berean, «orain arte bezala, gardentasun osoz» lanean jarraituko duela adierazi du Tolosako Udalak. «Mahaiak beti bezala ateak irekiak izango ditu, joan direnak berriz ere bueltan etorri nahi badute, bai eta herritar ororentzat ere, eta deialdiak eta informazioa bidaltzen jarraituko du».

«Ez digute informazioa pasa»

Tolosa Txukun plataformako Patxi Amantegik adierazi duenez, «7.000 tolosarren ordezkaritza» dute. Hala eskatutako informazio osoa «ez pasa izana» leporatzen dio Udalari: «Mahaian guk bozka izan arren, ez digute eskatutako informazioa ematen; mankomunitateari dagokion informazioa eskatzen genuen bitartean, prentsaren bidez jakin dugu hainbat udalek atez atekoaren alde egin dutela». Halaber, hondakin bilketaren inguruan egin dituzten azterketekin ere ez dago ados plataformako kidea: «Ikerketak egin dituzten Spora eta Garbitania enpresak, batetik, azalpenik gabe egiten dute atez atekoaren alde, eta bestetik, ez dute konparatu atez atekoa bosgarren edukiontziarekin, baizik eta atez atekoa gaur egungo egoerarekin alderatu dute».

Tolosa Txukunen ustez, Tolosako Udalak «epeak eta organigrama zehaztuta du, eta ez dute aldatu nahi. Beraz, gurekin eta guk ordezkatzen ditugun 7.000 tolosarrekin atera nahi dute argazkia, baina, guk ezetz esaten dugu, sistema nahi badute inposatu, jakinik jendea kontra dagoela, jakinik garestiagoa dela, eta jakinik ez dela gehiago jasoko, euren ardura izango da». Bestalde, Amantegik gehitzen duenez, «bat batean aldaketa egon da Gipuzkoa osoan»; «Zenbait gauza adostuta zeuden hainbat herritan, eta  adostasunak hautsi eta bizkor hasi dira atez atekoarekin, eta ez dakigu zergatik gertatu den».

«Gardentasun falta izan du»

EAJ alderdiak adierazi duenez, berriz, «gardentasun falta» izan da Hondakinen Mahaia utzi izanaren arrazoi nagusia. «Hasieratik argi ikusten zen mahaiaren helburua zein zen, eta horregatik manipulatuak sentitzen gara, erabakia hartua dutela uste dugulako», azaldu du Olatz Peon EAJko zinegotziak. Hala, «mankomunitateko erabakiak unilateralki hartzen dituztela eta eskatutako informazioa ez dietela pasatzen» adierazi du. «7.000 herritarren sinadurak kontuan hartu behar» direla, eta aurrerantzean ingurumen batzordean jarraituko dutela «kontuak eskatzen» dio Peonek.

«Mahaia pantomima da»

Jose Ignazio Asensio PSE-EEko zinegotziak, bere aldetik, Tolosako Udal Gobernuaren asmoa «argi ikusten dela» adierazi du. «Hondakinen Mahaia zertarako osatu den pantomima bat izan da; hondakin bilketaren inguruko ikerketa burutzeko pleguak, esaterako, norabide berean egon dira zuzenduak beti, atez atekora». Hala, euren jarrera beti bosgarren edukiontziaren aldekoa izan dela, eta horrela jarraituko dutela, eta tolosarren sentimendua ere «atez atekoaren kontrakoa» dela adierazi du Asensiok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!