Haize berriak Amarotz auzora

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko abe. 10a, 19:14

N-1 errepidearekiko lotura urbanizatzen hasiko dira datozen hilabeteetan, eta futbol zelaia berdegune bilakatuko da.

Tolosako Amarotz auzoa eraberritze prozesu baten atarian da. Auzora doazen sarbideak zaharberritzeaz gain, itxura urbanoagoa hartuko du Iruña etorbideak, eta 40 urteko bizitza luzea duen futbol zelaiari ere iritsi zaizkio azken egunak.
2014. urte hasieran ekingo diete errepideko obrei. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Tolosako Udalaren arteko lankidetza hitzarmenak ahalbidetu du proiektua eta, besteak beste, errepidea konpondu eta bi biribilgune eraikiko dituzte.
Gaur egungo diseinua hirigune baterako desegokia da bai udalarentzat, bai aldundiarentzat, «eta gainera, ez da bateragarria Tolosan trafikoa mantsotzeko harturiko azken neurriekin», azaldu zuen Ibai Iriarte alkateak.
Horrela, beraz, proiektuak ekarriko dituen eraberritze lanen artean lehena, biribilgune bat izango da.
N-1 errepideko hegoaldeko adarraren eta GI-2135 errepidearen arteko bidegurutzea ordezkatuko du; alegia, gaur egun Tolosatik Donostiara joateko, edo Gasteiztik Tolosara sartzeko loturan egingo dute lehen biribilgunea.
Horrekin batera beste biribilgune bat egingo dute gaur egun Usabal poligonora sartzeko, Txarama aldera joateko nahiz norantza-aldaketa egiteko dagoen bidegurutzean; 250 metroko bide-zatia ere egokituko dute biribilgune horretatik hasita, Araxes ibaiaren ezkerraldean.
Azkenik, GI-2135 errepideko edo Iruña etorbideko galtzada ere egokituko dute bi biribilguneen artean, aipaturiko bide-zatiari egokitzeko. Nabarmentzekoa da, norantza bakoitzean bi errail daudela orain, eta lanen ondoren errail bakarra egongo dela alde bakoitzean.
Eraberritze lanen finantziazioa hiru iturritatik iritsiko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak 128.382,45 euro bideratuko ditu azpiegitura horretara, eta Tolosako Udalak, berriz, 888.548,90 euroko inbertsioa egingo du. Azkenik, aipatzekoa da Amarozko papelerako etxebizitzen ardura daraman Orubide enpresak ere zati bat finantzatu beharko duela, urbanizazio lanak direla eta; 423.919,88 euro jarriko ditu, horrela, Orubidek.
Obraren adjudikazioa udalaren esku geratuko da, eta pleguak onartzearekin batera, datorren urteko otsaileko lehen egunen inguruan hasiko dira errepideko lanak. Ibai Iriarte alkateak oso beharrezkotzat jo du proiektua, «aspaldidanik egiteko zegoen zerbait» dela uste du: «Lan hauei esker Iruña etorbidea hirigune izatera pasako da, gaur egun ez baitu eremu urbano baten itxurarik. Horrek herritarrei bidea zabalduko die, eta kale itxura emanez etorbidea auzoan integratzea eta auzoa Tolosako erdigunera hurbiltzea da gure nahia».
Errepidea egokitzearekin batera, Amarozko futbol zelaia berdegune bilakatuko da laster, auzotarrentzako parke itxura hartuz, eta duela bizpahiru urte egindako herri-galdeketatik abiatua, auzunerako sarbideak ere egokituko dituzte. Iriarte alkateak «auzo elkartearekin etengabeko elkarlana» izan dutela nabarmendu zuen.

Futbol zelaiari merezitako agurra
Amarotz auzunea 1970ko hamarkadan sortu zen, eta hainbeste familiaren bizilekua bilakatzearekin batera, ehunka haur ere hasi ziren auzoan jolasean. Amaroztar gaztetxoenen beharrak asetze aldera, amaroztarrek auzolanean egin zuten gaur egungo futbol zelaia, 1973. urtean.
Garai hobeak izan ditu egungoak baino, Amarotz Kirol Elkartearen sorreraren eskutik. 1977an osatu zuten taldea, eta amateur mailako futbol-txapelketa arrakastatsua antolatzen hasi ziren, 1998ra bitarte. Gerora ere, hainbat gazteren entrenamendurako gunea izan da, eta baita gaztetxoen mailetako partidak jokatzeko zelaia ere.
Datozen hilabeteetako eraberritze lanen ondorioz futbol zelaia desagertu eta auzotarrentzako parke bilakatuko da, Amarotz auzoari berdegune bat gehiago gehituz.
Horregatik, zelaiari merezitako agurra eman nahi izan diote, eta larunbatean egingo dute ospakizuna. Goizean partidak jokatuko dituzte, eta hamaiketakoa ere egingo dute. Ondoren, Usabal sagardotegian bazkaria izango da, eta herritar guztiak gonbidatu nahi izan dituzte. Txartelak Amarozko Goiz-Argin, Tolosako Ikatza eta Iurren eta Ibarrako Zubiaurren daude salgai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!