«Zaila bai, ezinezkoa ez»

Julen Telleria - Mikel Iraola 2013ko abe. 11a, 18:56

Jon Iraola, Jon Kaminos, Asier Zubiria eta Iñigo Arratibel, hurrenez hurren.
Tolosa CF eskubaloi taldeak Bidasoa Irunen aurka jokatuko du bihar, 20:00etan Usabal Kiroldegian. Lehen mailako taldea da irundarra, eta amets bat betetzea dela diote jokalariek. Gogotsu eta partida txukun bat egiteko esperantzarekin daude.

Zirrara berezia piztu du herrian bihar 20:00etan Tolosak eta Bidasoak elkarren aurka jokatuko duten Kopako partidak. Ilusio handia dute jokalariek, beti jarraitu izan duten taldearen aurka arituko baitira. Ez da ez edonolako aurkaria. Europako Txapeldun izandakoak dira irundarrak, nahiz eta orain ezer gutxi geratzen den talde hartatik. Arazo ekonomikoak medio, bigarren mailara jaitsi eta taldea beregituratu behar izan zuten, pasa den urtean berriro ere lehen mailara igotzea lortu zuten arte. Zaila izango dute aurkaria menderatzea, baina «ezinezkorik ez da».

Ideia horrekin daude Jon Kaminos, Jon Iraola, Asier Zubiria eta Iñigo Arratibel jokalariak. Baita gainontzekoak ere. «Taldea gogo handiz dago, beti bezala, dena emateko prest», azaldu dute. Izan ere, beraientzat «oso berezia» izango den zerbait da.

Orain artean, Bidasoa jarraitu izan dutela azaldu dute. Pasa den urtean, igoera jokatu zueneko azken partidan izan ziren taldeko hainbat kide. Aurten ere izan dira Bartzelonaren aurka jokatu zuenean. «Ilusio handia daukagu, Euskal Herrian ez baitago maila honetako beste talderik. Gainera, partida ofiziala da».

Hala ere, teorian, irundarrak talde indartusagoa diren arren, tolosarrek badute ezustekoa emateko esperantza. «Partida perfektua egin beharra dago, baina zertxobait erlaxatzen badira, ez diegu erraz utziko. Ez daukagu beldurrik, ez baitugu galtzekorik». Irabaziz gero, aldiz, «kristorena» izango litzatekeela diote. Horretarako jendearen babesa ere garrantzitsua izango dela diote. «Jende asko espero dugu, baina ez daitezela ikustera soilik etorri, gogor anima dezatela ere bai». Giro paregabea espero da Usabalen, txaranga eta guzti.

Eskubaloia hedatzen
Tolosak lan eskerga egin du azken urteotan, herrian eta eskualdean kirol hau hedatzeko. «Bide onetik» doazela diote. Ikusi besterik ez da harrobiko taldeetan izaten ari diren gorakada: «Alebin, infantil eta jubenil mailan taldeak dauzkagu. Alebinetan esaterako, lehengo urtean zazpi ume zeuden eta aurten 19. Nesken taldea ere badugu». Urtero, ume horiek mantendu eta talde gehiago sortzea da Tolosaren helburu nagusia.  

Kirol arloan bakarrik ez, zaletuen artean ere eskubaloia modan jartzen ari da. «Duela bizpahiru urte ez zen eskubaloia existitzen Tolosan. Orain ia 300 pertsona etortzen dira partidak ikustera. Kanpoko partidetara ere etortzen da jendea gurekin autobusean». Biharkoarekin, jende gehiago «harrapatu» nahi dute, hurrengoan 300 beharrean, 400 –edo gehiago– izan daitezen. «Gazte jende asko etortzen da. Atsedenaldietan, kantxara ateratzen dira jokatzera. Lehen hori ez zen gertatzen, eta ona da».

Gainera, pasa den urtean igoera bikoitza lortu zuen. Bigarren Nazional mailan jokatu behar zuen, baina Lehen Nazional mailako organigrama aldatu zen, eta plaza bat eskaini zieten. «Hasieran uste genuen astakeria bat izango zela. Ikaratuta geunden, baina guztiz kontrakoa izaten ari da». Ligan seigarren dira, eta bigarrena bi puntura dute. «Hamalau puntu dauzkagu, eta denboraldi osoan hamar pilatzea aurreikusten genuen. Beraz, oso pozik gaude».

Taldean duten giroak zerikusi handia du emaitza horietan. «Ezin da hobea izan. Entrenatzera eta partidak jokatzera gogoz joaten gara. Larunbat askotan afariak egiten ditugu elkarrekin. Eta horrez gain bideoa eta abestia egin ditugu. Ederki pasatzen dugu denok batera».     

Nola ikusten dute Tolosa Irunen?
Tolosan bakarrik ez, kanpotik ere baloratzen da zuzendaritzak eskubaloiarengatik egindako lana. Bidasoaren jarduna gertutik jarraitzen duten bi kazetariren iritzia bildu du Tolosaldeko Atariak. Biek ala biek, talde tolosarraren proiektuaren sendotasuna azpimarratu dute: «Gipuzkoan azken aldian progresio gehien izan duten taldeen artean dago. Ez litzateke arraroa izango, Zilarrezko Ohorezko Mailan ikustea bizpahiru urtetan. Gainera, nabarmentzekoa da harrobiarekin egiten ari den lana, hori baita bai eskubaloiak jorratu behar duen bidea» dio Jurdan Arretxe Noticias de Gipuzkoako kazetariak. Iñaki de Mujika, Onda Vascako kazetariak, berriz, Tolosako kasua «oasi» bat dela adierazi du: «Gaur egun bizirik irauten duen proiektu orok errespetu eta miresmen osoa merezi du. Errazena bere horretan uztea litzakeelako. Eskubaloia kirol bezala basamortu bat da, eta Tolosa, basamortu horren barnean, oasi bat da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!