Aste Santuan, karakolak protagonista

Tolosaldeko Ataria 2014ko api. 16a, 17:11
Aste Santuko ohiturari jarraiki, karakol lasterketa eta karakol saltsa dastatzeko aukera izango da larunbatean Tolosan.

Apirilaren 19an karakola izango da protagonista Tolosan. Izan ere, beste urteetako bideari jarraituz, aurten ere hainbat ekintza antolatu dituzte.

Hasteko, 11:00etan, Trianguloan, karakol lasterketa izango da. Edonork parte hartu dezake proban, eta bakoitzak bere karakola eramatea gomendatzen da, nahiz eta Udalak Trianguloan ere jarriko dituen eskuragarri. Lasterketa hiru fasetan banatuko da: sailkapenak, finalaurrekoak eta finala. Hiru mahai izango dira guztira, eta horietako bakoitzean 10 karakolek lehiatuko dute. Finala, berriz, sei karakolen artean jokatuko da.

Lasterketako irabazleak, garaikurra eskuratzeaz gain, Tolosa&Co elkarteko kide diren dendetan gastatzeko 100 euroko txeke bat jasoko du Orbela tabernaren eskutik. Bigarrenak, berriz, domina eta 50 euroko txekea jasoko ditu.

DASTATZEKO AUKERA

Txapelketa berezi honen ondoren, merkatua eta Ostegun SAntuan karakolak jateko dagoen ohitura haintzat hartu eta berreskuratu asmoz, Astelena jatetxeko Peio Doyharzabal eta Botarriko Txemari Estebanen eskutik karakolak dastatzeko aukera izango da. 2.000 karakol baino gehiago prestatuko dituzte bi sukaldarien artean, eta 12:00etatik aurrera, Eguzkitzako sagardo trago edo ardo batekin, dastatzeko aukera izango da 1,5€ren truke.

Trianguloan bakarrik ez, Astelena, Botarri, Orbela, Ikatza, Patxine (Asteasu) eta Plaza Etxeberri (Zizurkil) jatetxeetan ere izango da karakolak jateko aukera.

BISITAK ETA TAILERRAK

Horrez gain, aukera gehiago eskainiko ditu Tolosak Aste Santuan. Esaterako, Tolosaldeko turismo bulegoak bisita gidatuak emango ditu apirilaren 17tik 21era arte. Interesatuek, tour@tolosaldea.net helbidean edo 943697413 telefonoan izango dute horren berri.

TOPIC eta Gorrotxategi museoek ere tailerrak antolatu dituzte. Lehenak, txotxongiloak egiten ikasten irakatsiko du apirilaren 22tik 25era bitarte. cit@cittolosa.com helbidean edo 943650414 telefonoan eman dezakete izena. Gorrotxategiren bidez, berriz, Tolosako teila eta zigarrotxoak nola egin ikasi ahal izango da. Hori, karakol egunarekin batera izango da, larunbatean, 11:00etatik 13:30era. Erreserbak, 943697413 telefonoan edo tour@tolosaldea.net helbidean egin daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!