2013a osasuntsu itxi du udalak, 1,8 milioi euroko superabitarekin

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko mai. 27a, 12:21
Ibai Iriartek eta Lore Agirrek eman dituzte udalaren egoera ekonomikoaren inguruko zehaztapenak.
Sarreren eta gastuen arteko oreka nabarmendu du Tolosako Udalak, iazko aurrekontu-likidazioan.

Tolosako Udalak 2013ko aurrekontu-likidazioaren berri eman du, urtea superabitarekin amaitu dutela azalduz. Ibai Iriarte alkateak eta Lore Agirre alkateordeak eman dituzte udalaren egoera ekonomikoaren inguruko xehetasunak eta, besteak beste, «2013a aurrekontuaren emaitza positiboarekin, aurrezki garbi positiboarekin eta gerakinarekin» amaitu dutela nabarmendu nahi izan dute.
Udalak hiru epe bereizten ditu aurrekontuei begira, Ibai Iriartek azaldu duenez: «Lehenik, aurrekontua prestatzen ari gareneko aldia izaten da, eta, ondoren, aurrekontuen nondik norakoak aurkezten ditugu. Azkenik, likidazioa plazaratzen dugu, urtea itxiz».
Epe horiei jarraituz, aurrekontua herritarrei hurbiltzeko saioak egin dituzte legealdi honetan, epe horietako bakoitzaren berri emanez nahiz parte-hartze saioak antolatuz: «Udala administrazio publikoa da eta, hein handi batean, herritarrek zergen bitartez aurrekontua osatzen dute. Tolosarren eskubidea eta beharra da aurrekontuarekin egiten duguna ezagutzea».

Oreka ekonomikoa
Tolosako Udalak bi helburu nagusi ezarri zituen 2013ko aurrekontua osatzen hasterakoan. Batetik, aurrekontuaren kontrol eta mailari eutsi nahi izan diote, gizarte-gastuak eta oreka mantenduz.
Horren harira, 2013ko aurrekontua sortzerakoan aurreikusitakoa ondo kudeatu dutela azpimarratu dute Iriartek eta Agirrek. Hasieran zehaztutako aurrekontua 25,8 milioi eurokoa izan zen arren, behin betikoa 28,5 milioi euroan geratu da: «Alde horren arrazoia sinplea da oso: oraindik amaitzeke dauden obretan ordaindu gabe daudenak 2014ko aurrekontuan txertatuko ditugu». Larramendiko biribilgunea, jada abiarazi duten Amarozko urbanizazioa eta Euskal Herria plazako bizitokiak leudeke jardun horien artean.
Bide beretik, diru-sarreren eta gastuen arteko oreka izatea ere lortu dute, nabarmendu dutenez. Horrela, beraz, 2013ko sarreren likidazioa 25,1 milioi eurokoa izan den bitartean, gastuak 23,1 milioi eurokoak izan dira; 1.860.424 euroko emaitza positiboa izan du, horrenbestez, 2013. urteko aurrekontuak.
«Kontrolari eustea oso garrantzitsua da guretzat», Lore Agirrek dioenez: «Udaleko kudeaketa egokia izatearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako zerga politika berriak ere eragina izan du, gehien dutenek gehiago ematen baitute orain, guztiok zerbait izan dezagun». Beraz, 2010 eta 2011. urteetako aurrekontu negatiboen aldean, azken bi urteotako emaitza positiboak udalaren egoera ekonomiko osasuntsuaren seinale dira, azaldu dutenez.
Aldeko zenbakiak izanda ere, Ibai Iriarte alkateak gogora ekarri nahi izan du Elosegi parkearen desjabetzeak udalari dakarkion pisua: «8 milioi eurotatik hiru geratzen dira ordaintzeko eta, ez dugu ahaztu behar, zor hori udalaren aurrezki arruntetik ordaintzen dugula, urtean milioi bat euro jarriz».
Aurrekontuaren emaitza, aurrezkia nahiz gerakina positiboak diren arren, Tolosako Udalak «zuhurtziaz» jokatu nahi izan du, Santa Luziako lursailaren epaia orain aterako zela espero baitzuten. 800.000 eurotik gora ordaindu beharko du udalak eta, hori ordainduta geratuko den kopuru txikiarekin proiektu berriak aurkezteko asmoa azaldu dute.
2013ko aurrekontuen likidazioa zehaztasun osoz ikusi nahi dutenek eskuragarri izango dute txostena, www.tolosakoudala.net atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!