Euskal dantzaren bidetik, Portugaleraino

Itzea Urkizu Arsuaga 2014ko uzt. 23a, 09:46
Hamar eguneko bidaiari ekingo dio Tolosako Udaberri dantza taldeak

Ikasturte bereziki bizia izan du, aurtengoa, Tolosako Udaberri dantza taldeak, eta, bizitasun horri jarraipena emate aldera, udako oporraldia ere dantzan pasako dute, Portugalen.
«Urteroko lanari ideia, gogo eta proiektu berriak» gehitu dizkiotela azaldu dute taldeko kideek, baina, halaber, lan eskerga horrek fruitu oparoak ere ekarri dizkie, eta abuztuaren 3ra bitarte egingo duten bidaia da horren adibide.
2008an Belgikara joan zirenez geroztik, iazko udara bitarte, Udaberrik ez du bidaia luzerik egin, eta asteburuz asteburuko elkartrukeetan zabaldu izan du bere ondarea. Iaz, ordea, autobuseko bidaia luzeen ondoren, Hungarian aritu ziren.
Kontuak horrela. bigarren urtez jarraian euskal dantzaren bidetik atzerriko lurrak ezagutzeko aukera izango dute gazteek.
57 urteko soka ez du oraindik eten Udaberrik eta, hamarkada horietan guztietan eskuz esku transmititu izan dituzten Euskal Herri osoko doinu eta dantzak eskainiko dizkiete portugaldarrei, hiru emanalditan: «Entseguetako fruituak oholtzara eramatearekin batera, noski, Gondomar, Oporto, Lisboa, Cascais, Sintra, Algarve nahiz Punta Umbria bisitatzeko tartea ere hartuko dugu».
Zalantzarik ez da, beraz, eta dantzaren eta kulturaren bideek askorako ematen dute: «Aisiaz eta norberaren gozamenaz gain, talde moduan hazteko ere balio dute halako esperientziek, motibazio eta giroa erabat sendotzen baita», nabarmendu dute Udaberriko kideek.
Modu horretan, «ikasturte berriari indar biziz heltzeko ezin hobeto» etorriko zaie Portugalera bidaia, eta baita datozen emanaldietarako prestatzeko ere. Irailen 7an izango da Tolosan eskainiko duten hurrengoa, Izaskun auzoko jaietan; irailaren 27an, berriz, Deban ariko dira.

Harrobia gero eta sendoago
Aipaturiko belaunaldien soka ez da kasualitatea Udaberri dantza taldean, eta 2014-2015eko ikasturteari begira jarriz gero ere, zorioneko dira arduradunak: «Haur eta gaztetxoen ikastaroak dira gure taldearen sostengu nagusienetakoa, eurak baitira taldearen etorkizuna bermatuko dutenak. Azken urteotan asko sendotu zaigu harrobia, eta aurten bereziki eskerrak eman beharrean gara, Udaberriren proiektuarengan konfiantza osoa jarri duten guraso, osaba-izeba, aiton-amona, anai-arreba, lagun nahiz gaztetxo guztiei», diote.
150 izen-ematetik gora jaso dituztenez, zerrendak ixteko erabakia hartu behar izan dute, eta itxaron zerrenda bat ere sortu dute, ordutegiak argitaratzerakoan-eta bajaren bat balego, taldeak zerrenda horretatik osatzeko: «Poztekoa da, hala ere, harrera bero hori jaso izana».
Horrenbestez, Udaberriko arduradunek datozen egunotan emango dute ikastaroetako talde eta ordutegien berri, www.udaberri.com atarian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!