50 tolosaldearrentzat lan aukera I. Enplegu Azokan

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 24a, 09:20
Tolosako Udalak eta Tolosaldea Garatzenek elkarlanean, Lanbideren finantziazioarekin, Eskualdeko Enplegu Programa jarri dute martxan, enplegua sortzeko helburuarekin. Programaren barruan, Tolosaldeko Lehen Enplegu Azoka antolatu dute, irailaren 11 eta 12rako Lehiberri zentroan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Enplegune deituriko ekimenean, aurrez aurre jarriko dira langile berriak kontratatu nahi dituzten eskualdeko enpresak eta lan bila dabiltzan Tolosaldeko herritarrak.

50 langabetutik gora lan merkatuan sartzea izango da helburua. Horretarako, sektore pribatuko enpresei diruz lagunduko zaie, kontratazioak egin ditzaten. Kontratuak irailaren 15etik aurrera egin ahal izango dituzte eta apirilaren 30era arte luzatu.  Bestalde, lanaldi osokoak edo partzialekoak izango dira kontratu horiek eta 3 eta 6 hilabete bitarteko iraupena izango dute.  
Izen ematea, Lanbiden
Tolosaldea Garatzenek egin du prospekzio lana eta programan parte hartzeko prest dauden enpresekin baldintzak lotu ditu. Ondorioz, zehaztuta daude eskainiko diren lanpostuen baldintzak eta xehetasunak. Kontratuak hiru eta sei hilabete bitartekoak izango dira eta eskualdeko langabetuek izango dute lehentasuna.
Enplegunen parte hartuko duten enpresa guztiak Tolosaldean kokatuta daude, eta oro har, enpresa txikiak dira. Horiei kontratuen kostuaren (gizarte segurantza eta soldata) %75era arte finantzatuko zaie, ondorengo mugekin: hiru hilabeteko lanaldi osoko kontratua 3.000 eurora arte; sei hilabeteko lanaldi osoko kontratua 6.000 eurora arte; eta kolektibo bereziren batekoa bada (35 urte baino gutxiago dituena; azken 18 hilabeteetan hamabi hilabetez jarraian langabezian dagoena edota RGIa jasotzen ari dena) sei hilabeteko lanaldi osoko kontratuagatik 9.000 eurora arte. Behin enpresa kontratatzaileak lotuta, orain, lan bila dabiltzan herritarrak martxan jartzeko unea da. Horretarako, lan eskaintzaren baterako izena eman nahi dutenek Lanbidera joan beharko dute abuztu amairarako eta bertan izena eman. Izan ere, hautaketa prozesua Lanbideren bitartez egingo da, eta bertan izena emanda daudenek eta baldintzak betetzen dituztenek soilik parte hartu ahal izango dute Enplegunean.
Behin Lanbidek hautagaiek oinarrizko baldintzak betetzen dituztela baieztatuta, Tolosaldea Garatzen arduratuko da bigarren galbahea pasatzeaz eta enpresek eskatzen dituzten gutxi gorabeherako hautagaiak aukeratzeaz.
Informazio gehiago nahi duenak Lehiberri zentroan eskuratu ahalko du, izan ere, datozen egunetarakozenbait saio informatibo antolatu dituzte. Saio horiek uztailaren 30ean (osteguna), abuztuaren 22an (ostirala), abuztuaren 27an (asteazkena) eta irailaren 3an (asteazkena) izango dira, Lehiberri zentroan (Apatta industrialdea), 10:00etan.
Zalantzaren bat izan eta saioetara joan ezin duenak emailez edota telefonoz ere egin ditzake kontsultak, 943 654 501 zenbakira deituta edota lan@tolosaldea.net-era idatzita. Zerbitzua zabalik egongo da, abuztuaren 1etik 20ra izan ezik, eta www.lanbide.net eta www.tolosaldeagaratzen.net orrietan ere eskuratu ahalko da informazioa.

 

50 lanpostu
-Gasolindegiko langilea
- Biltegiko langilea
- Mangera elektrikoen prozesatuetarako langilea
- Kableen muntaia eta kokapenerako langilea
- Trenbideen erreduktoreetarako langilea
- Dendaria
- Dendari eta etxez etxeko banatzaile lanpostua
- Ileapaindegiko laguntzailea
- Belardendarako saltzailea
- Harakin eta txarkuteroa
- Biltegiko langilea eta dendaria
- Bide iskin eta areken garbitzailea
- Soldatzailea
- Garbitegiko langilea
- Ikuskatzailea (ekoizpena eta plegatua)
- Komertziala
- Produktu ekologikoen ekoizlea eta saltzaile laguntzailea
- Sukaldari laguntzailea
- Loteria eta apustuetarako leihatilako saltzailea
- Paketatzailea eta ontziratzailea
- Aseguruen komertziala
- Casemaker makinaren gidaria (arte grafikoak) bigarren mailako ofiziala
- Laborategi kimikoko analista
- Motorren muntatzailea
- Gozogintza ekoizpeneko peoia
- Administratzaile komertziala
- Zeinu hizkuntzako interpretea, laguntzaile teknikoa
- Sukaltari laguntzailea
- Bisuteria muntatzailea eta saltzailea
- Elektrizista, bigarren mailako ofiziala
- Teleoperadorea ingelesez eta euskeraz
- Teleoperadorea frantsesez eta euskeraz
- Teleoperadorea alemanez eta euskeraz
- Teleoperadorea euskaraz
- Komertziala telekomunikazioen salmenta
- Fresadorea
- Makina montatzailea
- Komertziala
- Diseinu mekanikoko ingeniaria
- Hostalaritza teknikoa (sukaldaria)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!