Amestutako debuta

M. Iraola 2014ko urr. 22a, 11:53

54-66 irabazi du TAKEk Askartzaren aurka EBA ligako estreinaldian. Ion Izagirre eta Yon Gonzalezen hitzak partida amaieran:

Udara luze joan da. Asteak motel joaten hasiak ziren. EBAn estreinekoz jokatzeko gogo biziz ziren TAKEko jokalari, entrenatzaile eta zaleak, antsietatea sortzeraino eta guzti. Burutik galdera asko pasatzen ziren taldearen inguruan: «Zein da taldearen eta aurkarien maila?», «Ongi egokituko dira maila berrira?».

Erantzunak emateko oso goiz den arren, bigarren galderaren erantzuneko lehen hizkia, 'B'-a, idatzia dute. Izan ere, lehen jardunaldiarekin batera iritsi zen lehen garaipena. Eta gainera, aurreikuspenen arabera, zuzeneko aurkari izango duten talde baten etxean... hamabi puntuko tarteaz! 54-66. Akabo antsietateak!

Norgehiagoka tentsio bizikoa izan zen. «Horrelako gehiagorekin ez naiz zaharra izatera iritsiko» zihoen entrenatzaileak ATARIA irratiko mikrofonoen aurrean. Baina kanpotik, taldeak bere buruarengan konfiantza handia eta segurtasuna erakutsi zuen uneoro. Jokalariek baloi guztiak borrokatu zituzten, gogor defendatu zuten, eta taldeko jokoa egin. Horra lehen garaipena lortzeko gakoak.

Horri esker, TAKE nagusitu zen lau laurdenetan, eta 7-7ko berdinketaz gain, aurretik izan zen markagailuan. Ion Izagirrek bere urtebetetze egunean klubeko lehen puntua sartu zuen EBA ligan. Merezia zuen partida amaieran Tolosatik joandakoek kantatu zioten «zorionak zuri» hori. Kaiet eta Ibai Gil gaztea ere bikain aritu ziren uztai azpian. Lakunza eta Azaldegik bikain gidatu zuten taldea. Estuasuna hirugarren laurdenean iritsi zen, baina Miguel Cruzen puntu mordoak lasaitasuna eman zuen. Finean, norberak bere lana bete zuen. «Eta hobetu dezakegu» zioten, gainera jokalari eta entrenatzaileek.

Ba, presta daitezela larunbaterako igoera lortzeko faborito diren Easokoak, tolosarrek beren benetako maila EBAn dagoela demostratzeko helburuarekin hasi baitute denboraldia.

Bigarren porrota neskentzat
Ez dira ongi hasi TAKEko neskak. Lehen jardunaldian galdu egin zuten Donostian, eta larunbatean ere ezin izan zuten irabazi Bera Beraren aurka. Hirugarren laurdenean bi puntu besterik ez zituzten sartu eta hor galdutakoari ezin izan zioten buelta eman. Azkenean, 35-42. «Zer hobetua» badutela azaldu du Iker Otaño entrenatzaileak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!