Krossfit, zeresana ematen ari den kirola

Asier Imaz 2014ko urr. 30a, 10:29

Karlos Xabier Solisek herritar guztiei zabaldutako ikastaroa dela azaldu du.

Entrenamendu militarrarekin lotzen dute batzuk Krossfit. Ez dabil urrun, baina Tolosan herritar guztientzat egokituko dute. Berazubin, adin guztietako 80 lagunek egin dute proba, eta Karlos Xabier Solis entrenatzailearen esanetan, «oso gustura» gelditu dira.

Krossfit Usabal Kiroldegiak eskaintzen duen beste ikastaro bat da. Baina ez bat gehiago, berrikuntza baita kirola bera. Solisen esanetan «betidanik egiten ditugun ariketak dira». Prestakuntza handirik ez duten pertsonengana zuzendua egon daiteke ikastaroa, edo alderantziz, beste hainbat kirol egiten dituztenentzat osagarri izan daiteke, «gorputzeko atal guztiak lantzen baititugu», dio Solisek.

Ikastaroa azaroan hasiko baldin bada ere, ezagutzera emateko Berazubin hainbat erakustaldi egin dituzte. Parte hartze handia izan da entrenatzailearen esanetan: «neska edo mutil, gazte nahiz 60 urteko gazte. Hankak, bizkarra, bularra... eguneroko ariketetan guztia lantzen dugu. Jendearen erantzunarekin oso gustura gaude». Hauek, flexioak, gurpilekin ariketak, luzatzeak, eskailerak igo-jaitsi...egin dituzte.

Jendeari, hain zuze ere, beldurrik ez izatea eskatu dio Solisek. Internet-en «izugarrizko animaliak azaltzen dira krossfit jartzean», baina aipatu bezala, Tolosan guztientzat egokitu dute, «baita azken sei urteetan ezer egin ez dutenentzat ere». Sekula ezer egin ez dutenek, hasieran pixka bat sufrituko dute, baina astebetean egokituko direla dio Solisek. Tolosan, horietariko batzuk jada probatu dute krossfit-a, eta hasierako egunetako gogorduren ondoren, minberatasunak desagertu egiten direla diote. Horiez gain, futbol eta saskibaloi jokalariak ere izan dira Berazubin, baita suhiltzaileak ere.

Ikastaroekin azaroaren 3an hasiko dira. Aurreikusitakoaren arabera, egunero egongo da krossfit egiteko aukera Berazubin. Ordutegiak, goizez nahiz arratsaldez jarri dituzte. Interesa dutenek, besterik ez bada ezagutzeko, Usabal kiroldegian edo Berazubin bertan jasoko dute informazioa. Izen emateko aukera ere puntu horietan dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!