Ipar eta Hego Euskal Herriko sareak umorez indartzeko saioa

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 4a, 08:50

Kike Amonarrizek Pantzo Hirigarairekin batera hitzaldi umoretsua eskainiko du, bihar

Galtzaundi euskara taldeak ahalegin berezia egin du, udaberrira bitarteko egitasmoa prestatzerakoan, Ipar eta Hego Euskal Herriko sareak ehuntze horretan. Ziburuko (Lapurdi) Kaskarotenea ikastolako egoera latza abiapuntu hartu, eta mugaren bi aldeetako herritarren arteko harremanak sendotzeko zenbait hitzordu prestatu dituzte, eta bihar bertan izango da lehena, 19:00etan, kultur etxean.
Kike Amonarriz tolosarra Baigorriko Pantzo Hirigarairekin batera ariko da, Bidaso: Biga so. Irri iparrak eta hego erak hitzaldi umoretsuan. Amonarrizek azaldu duenez, duela hiruzpalau urte Euskal Kultur Erakundeak egindako eskaera batekin hasi ziren saio hori prestatzen, iparraldeko herritarrek hegoaldearekiko dituzten usteak nahiz hegoaldeko herritarrak iparraldearekiko dituztenak umorez plazaratzeko.
Horrela, biharko hitzorduan ere horixe eskainiko diete bertaratuei: «Ikusiko dugu ea topikoak diren, benetako egiak diren edo erabat oker gabiltzan».
Horretarako zenbait galdera izango dituzte abiapuntu, eta horrek emango die bide, harian sartzeko: «Adibidez, zera galdetuko dugu, ea egia ote den gipuzkoarrok oso ozen hitz egiten dugula; ea guk zer dakigun haien inguruan, eta haiek gure inguruan zer ote dakiten».
Umoretik eskaintzen diren hitzaldiak ohikoenak ez diren arren, orain arte eskaini dituzten saioetan jendea gustura irteten dela dio Amonarrizek: «Uste dut jendea ondo pasatzeko gogoz bertaratzen dela, eta baita gauza berriak entzuteko asmoz ere. Kontu serioenak gizarteratzeko metodo onenetarikoa izaten da, sarri, umorea, eta inor bere herrian profeta ez den arren, saiatuko gara bihar ere publikoarekin asmatzen».
Bide horretan, Pantzo Hirigarairekiko laudorio hitzak ere izan ditu Kike Amonarrizek: «Hegoaldean ez da hain ezaguna, baina, une honetan, euskal antzerkigintzak duen idazle eta antzezle onenetako bat da, artista handia da. Eta, irrati mailan ere, lan handia egin du, bai umore klabean, eta baita serioski ere; oholtza gainean maila handia ematen du».

Lurraldetasuna praktikan jarri
Non dugu iparra? hitzaldi zikloan lehena izango da, Hirigaraik eta Amonarrizek eskainiko dutena.
Umoretik joango bada ere, helburu garrantzitsuen bila joateko bidea egitea da antolatzaileen eta hizlarien jomuga, eta, besteak beste, Euskal Herri euskalduna eraikitzeko gakoetako bati helduko diote.
«Iparraldeko eta Hegoaldeko herritarren harreman-sareak indartzea ezinbestekoa da Euskal Herri euskalduna izango bada, bestela beste zer edo zer izango delako: Hegoaldeko zati herren bat, Gipuzkoa handi bat edo beste zerbait. Horregatik, ezinbestekoa da guztiok elkar ezagutzea».
Horren harira, azken urteotan mugaren bi aldetako herritarren arteko distantzia aldatu egin dela uste du Amonarrizek: «Izan liteke gaur egun Hegoaldean frantsesa bigarren hizkuntza moduan ez delako irakasten, eta ingelesa irakasten delako. Finean, susmoa dut Euskal Herriaren lurraldetasuna gehiegitan aipatzen dela teknikoki, eta gutxiegitan lantzen dugula praktikan».

Uztaritzerekin eskutik, etorkizunari begira
Tolosa Uztaritzerekin senidetuta egotearen errudunetako bat da Kike Amonarriz.
Tolosako Udaleko langilea zela eta, lehen Bertsolari Txapelketa prestatze lanetan, Bakeako apaiza ezagutu zuen, Michel Lekuona, eta hark eman zion ideia: «Urteen poderioz asko ahuldu den senidetzea da, eta asko poztu naiz bi udalek eta herriak senidetzea sendotzeko gogoa dutelako. Bi herriak oso garrantzitsuak dira euskararekiko, etorkizunera begira, eta bide oparoa egin dezakete eskutik».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!