Etxeak eraberritu eta jendez betetzeko plan berritzailea abian

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko mar. 6a, 15:22

Egoera txarrean dauden etxeetako obrak finantzatuko ditu Tolosako Udalak, gero alokairuan merkaturatu ahal izateko.

Tolosan 700 etxebizitza huts daude gaur egun, eta hori herriko etxebizitza parkea osoaren %9a da. Horrela, Tolosako Udalak egitasmo berritzailea prestatu du, egoera txarrean dauden etxeak eraberritzeko, batetik, eta etxe horiek guztiak bizilagunez betetzeko, bestetik.

Iaz martxan jarri zuten alokairu sistemaren ondorio da etxebizitza plan berria, Ibai Iriarte alkateak azaldu zuenez: "Bigarren etxebizitzak zituzten herritarrei aukera eman genien etxe horiek alokairuan jartzeko, udalarekin hitzarmen bat sinatuz; trukean, Higiezinen Gaineko Zergan hobariak jaso zituzten". Programa hari ekiterakoan, ordea, izena eman zuten herritarren etxebizitzetan ikuskaritzak egin zituzten udal teknikariek, eta etxe asko egoera txarrean daudela egiaztatu zuten, obra beharrean. Etxe-jabe horien arazo nagusia eraberritze lanen aurrekontua izaki, etxea horrela utzi eta alokairuan ez jartzea erabaki zuten gehienek.

Egitasmo berriak arazo horri irtenbide bat eman nahi dio, beraz, egoera txarrean dauden etxebizitzetako eraberritzeak finantzatuz, alokairu eskaintzaren truke. Horretarako zenbait baldintza bete beharko dituzte programan parte hartu nahi duten jabeek: etxe hutsen erroldan egon beharko dute higiezinek eta, ondoren, izena emandakoan, ikuskaritza egingo dute udal teknikariek, aurrekontu bat adostuz.

Behin aurrekontu hori zehaztuta, udalak finantzatuko du obra, eta etxe hori alokairuan jartzerakoan, alokairu horren bitartez amortizatuko du gastua: "Udalak obraren gastua amortizatu bitarte, jabeak udalaren esku utzi beharko du etxebizitza. Behin amortizazioa gauzatu denean, ordea, udalak egoera onean itzuliko dio etxea jabeari".

Aipatzekoa da, arautegia idatzi duten arren, oraindik ere ixteko dagoela eta, horregatik, bilera ireki bat egin nahi dute interesa izango luketen jabeekin. Martxoaren 30ean izango da bilkura, 19:00etan, pleno aretoan; ekarpenak eta iradokizunak jaso nahi dituzte, arautegia osatu eta hurrengo osoko bilkuran onartzeko.

40.000 euroko muga

Ane Calvo teknikaria izango da etxebizitza plan berriaren arduraduna, eta, agerraldian azaldu dutenez, arautegian muga ekonomiko bat zehaztu dute jada: 40.000 euroko gehienezko finantzazioa eskainiko du udalak: "Jakitun gara zenbaitetan eraberritzeak kostu handiagoa izango duela, baina, hala ere, gehiena udalak ordainduko du".

Tolosako Udalak hiru helbururi erantzun nahi die egitasmoarekin, etxe hutsak betez, alokairua sustatuz eta etxebizitza parkea egokituz. Horrela, "aukera berritzailea" dela nabarmendu dute, izan ere, gaur egun alokairuan bizitzeko dauden eskaintzen artean halakorik ez da hitzartu, oraindik, "ez Bizigunen ezta merkatu librean ere".

www.tolosa.eus atarian izen-ematea nahiz informazioa eskuragarri izango da, datorren apirila hasierara bitarte, eta aipaturiko bileran zehaztuko dituzte arautegiko xehetasunak: "Beti esan izan dugu HGZ igotzearen helburua ez zela dirua biltzea, gerora inbertsioak egitea baizik, eta hauxe da aukeretako bat", berretsi du Ibai Iriartek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!