Larunbatean lore eta landarez apainduko dute Tolosako Azoka

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 26a, 11:42

Bisigu Festa eta Musikherriaz gain, larunbat honetan lore eta landare azoka berezia ere izango da Tolosan. Berdura plazako ohiko postuez gain, Trianguloan beste 18 mintegi izango dira. Bi lehiaketa ere izango dira.

Alde batetik, iaz egin zuten moduan, lore-konposizio lehiaketa izango da Tolosako Udalak antolatuta. Udalak parte-hartzaileen esku jarriko ditu loreontzia, lurra eta zazpi landare, eta 11:00etatik 12:00etara sormena erabiliz, norberak bere konposizioa egin beharko du. Irabazleak, Tolosako loradendetan gastatzeko 140 euroko txartela irabaziko du, eta bigarren sailkatuak, berriz, 105 eurokoa. Parte hartzeko, Tolosako udaletxean izena eman beharko da aurrez.

Beste lehiaketa bat ere antolatu du Tolosa&Co-k, loreak ezaugarri dituen Tolosako txoko baten argazkiena hain zuzen ere. Pertsona bakoitzak argazki bat aurkeztu ahal izango du, eta 10:00etatik 12:00etara ikusgai jarriko dituzte. Hiru argazki sarituko dituzte, eta bakoitza 50 euroko txekeekin sarituko dute.

Hauek izango dira Lore eta Landareen Azoka Berezian parte hartuko duten postuak:

  • Urretabizkaia mintegia (Arama) – Lore eta landareak
  • Aranburu mintegia (Aginaga)-Lore eta landareak
  • Zunoyar mintegia (Oiartzun)
  • Blasenea (Zarautz)- Landare ekologikoak
  • Aritzkuren
  • El Montañes-Usaindun loreak
  • Viveros Landarbaso (Pasaia)-Lore eta landareak
  • Guillen (Pueyo)-Loreak
  • Sara Letamendia (Aizarna)- Sendabelarrak eta kosmetika naturala
  • Lurberry mintegia (Aia)- Landare jangarriak: aronia, banana txikiak…
  • Sojonatura (Lekunberri)
  • Sustrai mintegia (Etxarri-Aranaz)-Landare apaingarriak
  • El bosquecito (Gueñes)
  • Irun Bonsai (Irun)-Bonsaiak
  • Eugenio Elorza (Segura)-Eztia
  • Zurlan
  • Iñaki Garcia-(Berrobi)
  • Lodaldi-(Astigarraga)

Bestalde, Lurretik Sukaldera ekimenaren baitan, Astelena Jatetxeko Peio Doyhartzabal izango da sukaldari gonbidatua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!