Tolosa&Co txartelak aurrerantzean zuzeneko deskontuak eskainiko ditu

Naiara Roldan de Aranguiz 2015ko ira. 16a, 14:26

Fidelizazio eredu berri bat aurkeztu du Tolosa&Co merkatari elkarteak. Bezeroek orain arte Visa txartela erabiltzeagatik puntuak jasotzen bazituzten ere, aurrerantzean zuzeneko abantailak izango dituzte establezimenduetan.

Gaurtik aurrera puntuen prozedura desagartuko bada ere, azaroaren 30era bitarteko epea izango du bazkide bakoitzak bere txartelean gorderik dituen puntu horiek erosketa txekeengatik ordezkatzeko. Rural Kutxako bulegora joan eta bertan jaso daiteke aipatu txekea; 150-300 puntu bitarteko onuradunek 5 euroko txekea jasoko dute eta 300 puntutik gorakoek 10 eurokoa.

Fidelizazio sistema berria

Fidelizazio sistema berriak, unean uneko deskontuak ekarriko dizkio Tolosa&Co elkarteko txartelaren erabiltzaileei. Izan ere, establezimendu bakoitzak %1eko, %2ko edo %5eko deskontua egingo dio bere erosketan Visa elkartearen txartela erabiltzeagatik. Aipatu deskontua ordea, establezimendu horretan egindako hurrengo erosketan aplikatuko da. Hortik azaldurik, fidelizazio sistema berriaren nondik norakoak. Txartelak berak bere memorian jasoko du erosketa deskontua eta establezimendu horretan egindako hurrengo erosketa egiterakoan, txartelarekin ordaintzerakoan, zuzenean aplikatuko zaio sortutako deskontua.

Erosketek oparia ekar dezakete

Hurrengo bi hilabetetan Tolosa&Co txartela erabiltzeak gainera oparia ekar diezaioke erosleari. Izan ere, irailaren 16tik azaroaren 16ra bitarte, bi bizikleta vintage, 12 tablet eta zinemarako 30 bonu zozketatuko baitira erabiltzaile guztien artean.  

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!