«Batak bestearengandik hartu du; indarrak batzea garrantzitsuagoa da»

Mikel Iraola 2015ko urr. 4a, 10:55

Elkarlana ardatz izanik, zerbait «berria» egin du Glaukomak Bad Sound System taldearekin. Sua Zaintzen izeneko single-a argitaratuko dute eta hilaren 31n Bonberenean kontzertua emango dute. Horren inguruan mintzatu da Juantxo Arakama.

Lehenik eta behin argitu beharrekoa: sigle bat argitaratuko duzue.
Bai, bi kantu ditu, Glaukoma eta Bad Sound Systemen artean sortutakoak. Abestietako baten oinarria Glaukomak egin du eta Bonberenean grabatu dugu; bestearena, berriz, Bad Sound Systemek egin du eta beren estudioan grabatu dugu. Hala ere, bi taldeek dugu parte hartzea bi kantuetan.

Beraz, indarrak batu dituzue.
Bai. Urte luzeko erlazioa dugu, estilo antzekoa dugu, eta oraingoan gauza puntual bat egiteko batu egin gara. Betidanik irakasle moduko batzuk izan dira guretzat, eta luxua izan da lan hau beraiekin egitea.

Batak bestea aberastu du, beraz?
Bi ikuspunturen arteko elkarlan bat da, izan ere, estilo antzekoa izanda ere, modu ezberdinean bizi eta ikusten dugu musika. Bad Sound System Hip Hop talde bat bezala definitzen da gehiago; Glaukomak aldiz rock and roll talde gisa funtzionatzen du. Guztiaren arteko batuketa bat izan da lan hau, eta bai, dudarik gabe, guretzat behintzat, aberasgarria izan da. Eta uste dut beraientzat ere horrela izan dela.

Zeren inguruan hitz egiten dute abestiek?
Batak bestetik du izena kantuetako batek. Bertan kontatzen dugu nola ezagutu genuen elkar. Bad Sound System Fermin Muguruzak Jamaica Clash-ekin egindako kontzertu bakar hartan ezagutu nuen, 2006. urtean BEC-en, 18/98 makrosumarioaren aurkako kontzertu batean. Urte batzuk beranduago Bonberenean mikrofonoa pasa zidan Stepik eta beraiekin kantatzeko aukera izan nuen. Errepikak horren guztiaren sintesia egiten du: batak bestetik hartzen dituela gauzak, eta kontra ibili beharrean, batuketa inportanteagoa dela. Beste kantua kritikoagoa da. Gaur egungo egoeraren inguruan hitz egiten du, modu metaforiko batean.

Eta eszenatokira nola eramango duzue?
Oraindik ez daukagu argi guk ere. Asmoa da ikuskizun bakarra eskaintzea, ez bakoitzak bere kontzertua ematea, zerbait bateratua eskaintzea. Esperimentatu egin nahi dugu, gauza berriak probatuz, Glaukomaren eta Bad Sound Systemen materialarekin. Hori da diskoan ere aipatzen duguna: elkartzea, indarrak batzea.

Kantu batean Alberto Iñurrategiri entzundako hitz batzuk aipatzen ditut. Hark esaten zuen mendi bat eskalatzen, bat bakarrik ez dela bat izatera iristen; bi batzerakoan, ordea, bi t'erdi direla. Gure kasuan gauza bera da, talde batek bakarrik bere influentzia du, eta besteak beste bat, baina bien batuketak indar gehiago du. Horretan saiatu gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!