«‘Egin’-en itxiera urtetan eta urtetan luzatu den tragedia izan da»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 6a, 10:00

Jexux Mari Zalakain tolosarra irailaren 27an irten zen espetxetik, zortzi urteren ondoren.

Ez da lan erraza Jexux Mari Zalakainen (Tolosa, 1947) izenaren alboan ofizio eta afizio bakarra jartzea. Kazetaria da ikasketaz nahiz lanbidez, eta baita idazle nahiz irakasle ere. Zortzi urte eman ditu espetxean, behin batez Egin egunkariko administrazio kontseiluko kide izatea onartu zuelako. Santa Luzia auzoko Etxetxo Goikoa baserrian ezarri du hitzordua, aitaren jaiotetxean. Uzturrera iristeko gogoa piztu zaio, eta «oso aldatuta» ikusten du baserria. Baina poza darie bere hitzei, «horrelako gauzek beti eragiten baitute zirrara bihotzean». Ez da gutxiagorako, irten eta egun gutxira jaioterrira egindako bisitan, harrera beroa egin baitiote, familia giroan.

Gazterik utzi zenuen Tolosa.
11 urte bete gabe irten nintzen Tolosatik, eta seminariora joan nintzen. Garai hartan, urtean hilabetez soilik etortzen ginen Tolosara, San Joan inguruan. 16 urtetik 20ra bitarte, ez nintzen batere etorri. Ondoren, Erromara joan nintzen ikastera eta, nola diren kontuak: zenbat eta urrunago egon, orduan eta gehiago etortzen nintzen hona. Behin kazetaritza ikasketak eginda, Bilbon edo Bilbo inguruan geratu nintzen. Baina Tolosa nire herria da eta nire familia guztia Tolosaldean bizi da, eta hori da nik herri honekin daukadan harremana. Kalera irten eta inor gutxi ezagutzen dut jada. Pena ematen dit, egia esan, baina horrelakoa izan da gure bizitza, beti etxetik kanpo bizi izan gara,

‘Egin’ egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik epaitu zintuzten, 18/98 makro epaiketan. Nola gogoratzen duzu itxiera?
Kolpe handia izan zen guretzat, proiektuarekin erabat maiteminduta geundelako. Orain, distantziatik begiratuta, pentsatzen duzu: «Horrelako zerbait espero zitekeen akaso». Baina guk erabat sinesten genuen horrelakorik ez zela gertatuko. Egin itxi zutenean ni Katalunian nengoen, eta txiripaz jakin nuen. Bartzelonara jaitsi nintzen koinata bisitatzera eta, goizean goiz, irratia piztuta zeukan. Bera ez zen jabetu, baina nik ohetik entzun nuen Egin itxi zutela. Bizpahiru egunean ez nion ezer esan ez emazteari, ez inori. Nik entzuten nuen administrazio kontseiluko guztiak kartzelara eraman zituztela, eta nire artean esaten nuen: «Ni falta naiz, nire bila etorriko dira». Eta ez ziren etorri. Beraz, nik hura tragedia handi bat bezala gogoratzen dut: lagunak barruan eta ni erabateko zalantzan, itxaroten.

Eta, azkenean, Baltasar Garzonek deitu zintuen.
Hori uztailean gertatu zen, eta ni ez ninduen irailera arte deitu. Baina aske utzi ninduen, arretazko neurri batzuekin. Egin-en itxiera urtetan eta urtetan luzatu den tragedia izan da, eta denok larrutik ordaindu dugu, Egin-ek izan baititu bere ondorioak.

1998a zen orduan eta, Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, 2003a. Gaur egun, oraindik ere, jendea atxilotzen dute sare sozialetan iritzia emateagatik, esaterako. Noizbait aldatuko al da errealitate hori?
Espero dugu baietz, bestela, gureak egin du. Nik uste dut gure egoera ez dela benetan aldatuko, gure buruaren jabe egin arte. Gure herriaren jabetza, baliabide propioak eta gure bizitzeko moduak aldarrikatzen ditugun bitartean, beti izango dugu jazarpen bat, estatu horien aldetik. Pena handia da, baina horrek adierazten du, gutxienez, gure hizketakide izan daitezkeenak oso demokrazia eskasean bizi direla. Orain jazarpen hori ez da lehen bezain indartsua, baina, aldian aldian bada, eta jarraituko du; bestela, seinale txarra litzateke akaso.

Bi egunkari horiekin izan duzu lotura, modu batera edo bestera.
Bai. Egunkaria Sortzen izeneko taldean aritu nintzen, Joxemi Zumalabek deituta. Oso gustura aritu nintzen, bizitza osoan egunkari bat antolatzeko nahia izan bainuen; ikerketak nahiz unibertsitateko doktore tesia ere horren inguruan landu nituen. Gainera, Egin-en bezala, Euskaldunon Egunkariako administrazio kontseiluan ere egon nintzen, baina hango ondorioak ez nituen pairatu; niri zegozkidan egur batzuk beste norbaitek hartu zituen, Valdemoroko kartzelan, gerora jakin dudanez. Izan ere, ni Egin-en izenean nengoen Egunkaria-ko administrazio kontseiluan, eta denok dakigu hango kideak espetxeratu zituztela, baina libratu egin nintzen.

Adierazpen askatasunaren ikur bilakatu dira biak. Horrez gain, zer eman diote agerkari horiek Euskal Herriari?
Batek, nolabait, naziotasuna edo abertzaletasunaren grina, independentziarantz. Besteak, berriz, euskararekin osatu du hori. Izan ere, guk badakigu prentsa elebiduna ez dela sekula iristen prentsa euskalduna izatera; adibidiren bat egon liteke, baina ia miraria da. Horregatik, uste dut Euskaldunon Egunkaria sortu zenean, eta Berria-rekin jarraituz, euskalduntasuna eta oso ondo mamitutako kazetaritza-dimentsioa eskaini digutela. Lagun eta ikasle asko ditut bertan, eta niretzat Euskal Herriko egunkaririk potenteena da; prest nago, sail batzuetan, halaxe dela demostratzeko, onena. Horregatik, gutxiegi esatea litzateke, Egunkariak eta Berriak Euskal Herriari euskalduntasuna bakarrik eman diotela, abertzaletasunean ere oinak oso finkatuta baititu. Horrekin batera, benetako euskarazko kazetaritza egitea lortu dute, eta eskola egin dutela ere nabari da. Finean, egunerokoak ez diren gauzak euskaraz irakurtzeko, biek ala biek oso emaitza onak eman dituztela uste dut.

Zortzi urteotan zure kazetari senari eutsi diozu, espetxeko egonaldiari buruz kronikak idatziz. Ihesbidea ala hango egoera plazaratzeko modua izan da?
Ondo pentsatutako gauza izan da, nik erabakita baineukan, behin barruan egonda, zerbait idaztea. Baina eskaria Herria 2000 Eliza aldizkarikoek egin zidaten. Gezurra dirudi, baina ni beti euskal prentsa aldarrikatzen, eta urte gehien euskarazkoa ez den kazeta batean eman ditut, 35 urte inguru baitaramatzat Herria 2000 Elizan. Kanpoko gauzei buruz kanpokoek idatziko zutela pentsatu nuenez, barruko esperientzia idaztea erabaki nuen. Ni bizi izan naizen kartzeletako giroa eta nire bizipenak islatu ditut. Oso gustura egon naiz, eta gehiago zergatik ez dudan idatzi ere galdetu didate. Baina ez nuen gehiegikeriatan sartu nahi, eta urtean bi kronika egitea nahikoa iruditzen zitzaidan.

Sakabanaketa bizi izan duzu. Nola hartzen ditu bisitak barruan denak?
Herritik kanpo preso dagoena eskean dago, nolabait, bereak beregana etortzeko. Guk, zorionez, zorte handia izan dugu, elkartasuna, bisitak eta komunikazio hori ez zaigulako falta izan. Han kanpoko pertsonak ikustea eta, gainera, zuk maite dituzunak izatea, kartzelari zati bat lapurtzea da. Bisita asko izan ditugunok, beraz, zati asko kendu dizkiogu kartzelari, horrek pilak kargatzen baitizkizu. Askotan pentsatzen genuen, nola biziko ote duten kartzela batere bisitarik gabe bizitzen direnek; hori preso politikoekin ez da gertatzen, baina preso arruntekin ohiko kontua da, eta oso gogorra izan behar du benetan.

Espetxeratu zintuztenetik hona, Euskal Herriko egoera politikoa aldatu egin da. Nola ikusten duzu duela lau urte abiarazitako garaia?
Aldaketa handia izan da, borroka armaturik ez dagoelako. Bestalde, abertzaletasunak beste bide bat hartu du, lasaiagoa. Uste dut ez dela zeharbide bat, baizik eta, luzera begira, emaitzak emango dituena. Une honetan argi luzeak jarri behar direla uste dut, bestela ezin dugu ikusi zer egin daitekeen. Ni oso pozik nago, baina uste dut erritmo biziagoa sartu behar zaiola prozesuari, bide segurutik joanez. Ez dakit hori nola egiten den eta, gainera, ni entzuteko nago orain, esateko baino.

Kartzelatik kanpoko aktualitatearen berri nola jasotzen zenuen?
Hori ez zaigu falta izan gure kartzelan; txistea da gero, ‘gure kartzela’ esatea.Beste zenbaitetan badakit arazo handiagoak izaten dituztela, baina Dueñaseko espetxean ez dugu inongo arazorik izan prentsa, liburuak zein paperak jasotzeko, eta ia edozein gauza sartu zaigu, ia esku-hartzerik gabe. Euskal Herriko telebista eta irratirik ikusi edo entzun ezin genuenez, euskal prentsa guretzat arnasbide bat zen, gutxienez, gauzak nondik nora zihoazen jakin ahal izateko. Falta izan zaiguna zera da, jendearekin horri buruz hitz egitea, izan ere, bisitetan ez duzu lasai hitz egiten; beti grabazioa martxan dago.

Zure ibilbidea ikusita, argi dago jakinmin handiko pertsona zarela. Espetxeko ordu luzeak baliatu al dituzu jakinmin horietan sakontzeko?
Dudarik gabe. Kartzelak ematen dizun gauza on bakarra denbora dela uste dut, eta denbora kudeatzen jakin egin behar da. Kanpoko zurrunbilo madarikatu horretatik irtenda, denbora nire burua hobeto ezagutzeko erabili dut: nire bizitzaren ibilbideaz hausnartzeko; ordaindu gabe nituen faktura batzuk ordaindu ditut eta, azkenik, gerora begira zer egin dezakedan ere aztertu dut. Idazteko ere baliatu dut hango denbora, eta nire bizitzaren kronika luze bat idatzita daukat jada. Orain ordenagailura pasatzen hasiko naiz, patxadaz. Gainera, nekien katalan apurra hobetu eta ingelesean bost urte ere egin ditut.

Eta, orain, ba al duzu proiektu edo aurreikuspenik?
Dezente idatzi eta itzuli dut. Katalanetik lau liburu itzuli ditut, eta bi, ziur aski, argitaratuko dira. Gainerakoan, bi tokitan jarraitzeko asmoa daukat. Unibertsitatean, oker ez banago, beste hiru urte egiteko aukera ematen didate, eta Herria 2000 Elizako taldean ere sartuko naiz. Bestela, norbaitek zerbait eskatzen badit, emateko prest nago; hori da hemendik aurrera egin dezakedana. Hainbatek aholku eman dit, mantso eta lasai ibiltzeko esanez, eta saiatuko naiz hori betetzen, oso aholku ona baita, batez ere, ipurterre samarrak garenontzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!