"Edozein paper egingo nuke Josebaren alboan egotearren"

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urr. 9a, 11:00

Banketxeko bezeroaren larruan sartzeko deitu zion Fernando Bernues zuzendariak Zuhaitz Gurrutxagari, eta bera izateko eskatu; umoretik, muturreko egoera horretara eraman du pertsonaia.

Hilabete inguru da obra estreinatu zenutela. Hasiera, zer moduzkoa?

Lau egunez jarraian egon ginen Antzoki Zaharrean, eta jende asko etorri zen. Uste dut, gainera, jendea pozik irten zela eta, ondorioz, gu ere pozik atera ginen.

Antzezlanaren argumentua egoera sinple batetik abiatzen da, eta zure pertsonaiari ez diote krediturik ematen bankuan. Nola prestatu duzu paper hori?

Egia esan, Ttanttakak lau hau egiteko deitu zidanean eta pertsonaiari buruz hitz egin genuenean, zuzendariak ni neu izatea eskatu zidan nolabait. Horregatik, nik egoera horretan nola jokatuko nukeen irudikatzen saiatu naiz, esajerazio pixka batekin eta umorearekin, noski. Baina, funtsean, niri zuzendariak esan zidan neu izateko.

Eskarmentudun aktore bat duzu alboan, Joseba Apaolaza. Bere erreferentzia garrantzitsua izan al da zuretzat?

Lana eskaini zidatenean, eta Josebarekin izango zela esan zidatenean, ez nuen testurik irakurri beharrik ere izan; berarekin zerbait egite hutsak merezi zuen. Zorionez, testua eta obra onak dira, baina edozein paper egingo nuke Josebaren alboan egotearren. Hilabete eta erdiko entseguetan berarekin ikasi dudan guztia ikasteko, interpretazio kurtso asko egin beharko nituzke, beraz, zorionekoa ni, bere ondoan egotearekin.

Apaolaza euskal antzerkigintzako erreferentzietako bat dela esan dugu, baina, era berean, 'Kreditua'ren estreinaldi ondoreneko kritikek zure lana goraipatu dute. Gustura aritu zara?

Josebak sekulako lana egiten du obra honetan, baina urte asko daramatza lan onak egiten. Horregatik, akaso ez du jendea hainbeste harrituko. Nik ardura handia sentitu dut obra honekin, bi aktore soilik baikara eszenatokian, ordu eta hogei minutuz. Bietako bat Joseba da, eta bere mailara iristerik inondik inora buruan ez dudanez, nire ardura obrari eustea izan da, antzerki munduan hasiberria izanik. Obra nirekin ez hondoratzea nahi nuen eta, zorionez, uste dut lortu dugula bion artean, eta gustura geratu naiz horregatik.

Leidor izango duzue Tolosako estalpe, eta zu lehendik ere izan zara bertan, 'Hiru' antzezlanarekin. Hainbeste eserlekuren aurrean aritzeak aipatu duzun ardura hori areagotzen dizu?

Errespetua beti sortzen du jende aurrean aritzeak. Josebarekin askotan aritzen naiz honen inguruan, eta bizitza horrelakoa denez, lehen ere, futbolean egokitu izan zait jende askoren aurrean aritzea. Uste dut askoz ere urduriago jartzen nintzela orduan, estadio batean, orain antzoki batean baino. Beraz, orduko eskarmentuak uste dut balio didala orain eszenatokietara lasaiago ateratzeko.

Futbolaren harira, 'Futbolisto baten istorioak' kontatuz hasi zinen antzerki mundu honetan. Hain zuzen duela bi aste aritu zinen Topic zentroko aretoan, bakarrizketa horrekin. Zer moduz joan zen saioa?

Oso gustura. Topic aretoa zoragarria da edozein gauza egiteko, baina, uste dut bakarrizketa bat egiteko perfektua dela. Areto oso goxoa da, eta Tolosako publikoa ere benetan jator egon zen, eta esango nuke nire lanean sartu zirela. Dena oso ondo joan zen eta eskertu besterik ezin dut egin, bai bertaratu zen publikoari, eta baita han aktuatzeko aukera eskaini zidatenei ere.

'Kreditua'ren bira hasi besterik ez da egin, baina hitzordu asko itxita dituzue jada.

Oraingoz, Gabonak bitarte agenda betea dugu. Tolosaren aurretik, Elorrion aritu ginen joan den astean, eta beste 23 edo 24 emanaldi ditugu Gabonak bitarte. Beraz, lana badaukagu, eta asteburu gehienak beteta.

Erlazionatuak

Emaidazu, bestela...

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 urr 09 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!