Tolosako Udalak inauterien inguruan ezarri asmo du hondakin bilketa sistema berria

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko abe. 11a, 13:21
Olatz Peon alkateak bere lan taldeko zenbait kide izan ditu alboan, udaletxeko pleno aretoan eskaini duten prentsaurrekoan.

Asteleheneko ezohiko plenoaren ondoren, Tolosaldeko Mankomunitatean ere onartu beharko dute edukiontziak eta maiztasuna handitzeko proposamena.

Beren helbururik behinenetan iragarri zuten, eta gauzatze bidean da. Duela urtebete martxan jarritako hondakin bilketa sistema berriari zenbait aldaketa egin nahi dizkio egungo udal gobernuak, eta asteleheneko ezohiko osoko bilkuran onartuko dute proposamena; 20:00etan hasiko da. Plenoko erabakigunean eztabaidatu ondoren, Tolosaldeko Mankomunitatera eraman beharko dute afera, eta han proposamena onartuko balitz, hondakin bilketa sistema berria inauterien bueltan martxan izango litzateke. Itxuraz, mankomunitateko foroa bera da aldaketarako oztopo bakarra, baina Olatz Peon alkateak beren erabakia errespetatuko dutela uste du, egindako prentsaurrekoan azaldu duenez: "Aurreko agintaldian herri bakoitzak aukera izan zuen bere bilketa sistema hautatzeko, eta pentsatzen dugu orain ez garela salbuespena izango".

Olatz Peonekin batera izan dira bere lan taldeko zenbait kide, eredu berriaren xehetasunak plazaratu asmoz eta, hasteko, hondakinak kudeatzeko erabakiak "aspalditik" datozela ohartarazi du Peonek: "Hainbat plangintza egin izan dira, urtetan: oinarrizko gaiak biltzetik organikoa biltzera; San Blaseko zabortegia sortu eta, ondoren, itxi; Mankomunitatea bera sortu; Garbiguneak ireki Tolosan zein Andoainen,... Beraz, ardura hori ez da gaurko kontua".

Aurreko agintaldian Tolosako bilketa sisteman egindako aldaketak, ordea, "gatazkatsutzat" jo ditu EAJ - PSE-EEko udal gobernuak, eta bide horretatik erabaki dute neurri berriak hartzea: "Tolosako hondakin bilketaren errealitateak eskatzen du aldaketa horiek egitea, zenbait eragozpen bistakoak baitira".

Egungo sistema moldatzeko arrazoien artean, batetik, alderdi ekonomikoa aipatu du Olatz Peon alkateak eta, bide beretik, hondakinak ateratzeko "mugak" ere nabarmendu ditu: "Herritarren ohituretan eragin handia du sistemak". Bi kontu horiekin batera, edukiontzien tamaina, txipen funtzionamendua eta kaleen txukuntasuna ere irizpidetzat hartu dituzte, aldaketa gauzatzeko: "Eguerditan, kaleak kartoiez beteta egoten dira eta hori, eskualde osoan, Tolosan bakarrik gertatzen da. Hondakin bilketa sistemaren hutsuneak kale garbiketaren bidez konpontzen dira gaur egun".

Argudio horien haritik, beraz, Tolosarako proposatuko duten hondakin bilketa sistema berria "ardura partekatuan oinarritzea" da udal gobernuaren nahia: "Sistema edozein dela ere, herritarren inplikazioa beharrezkoa da, eta etxean ondo sailkatzea da beren ardura. Udalak, berriz, bilketa txukun egin beharko du, gero tratamendua ere egokia izan dadin", dio Peonek.

7 egunez eta 24 orduz

Moldaketen bitartez, "herritarrak sistemaren zerbitzura egon beharrean, sistema bera herritarrei egokitzea" da udal gobernuaren jomuga. Horrela, hiru izango dira aldaketarik nabarmenenak.

Hasteko, edukiontzien neurria handiagoa izango da, proposamenak aurrera eginez gero: egungo 240 litroko edukiontzien ordez, 2.200 litrokoak ezarriko dituzte. Ondorioz, bilketa-guneak ere murriztu egingo dituzte, 84tik 61-65 ingurura. Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak azaldu duenez, edukiontziak kamioien atzeko aldetik bildu beharrean, albotik biltzekoak izango dira, eta bilketa-gune guztietan gai guztiak biltzeko aukera izango da: "Lehen fasean organikoaren eta errefusaren edukiontziak aldatuko ditugu, eta pardelak eta errefusa edukiontzi berera bota beharko dira. Aurrera begira, berriz, ea posible den lurpeko edukiontziak errekuperatzea; irisgarritasun arazoak dituzten pertsonentzat askoz ere egokiagoak dira".

Edukiontzien neurriarekin batera, maiztasuna izango da aldaketarik nabarmenena, udal gobernuaren proposamenak aurrera eginez gero: herritarrek zein ekoizle bereziek 7 egunez eta 24 orduz izango dute hondakinak edukiontzietara botatzeko aukera. Irizpide horrek bi salbuespen izango lituzke, kartoi komertzialari eta arrandegien hondakin organikoari begira. Kartoiaren kasuan, udalak zenbait puntu egokituko lituzke, egunero, 19:00etatik 20:00etara, kartoia bertan biltzeko. Arrandegietako organikoa, berriz, atez ate bilduko lukete: "Beren edukiontziaren bila sartuko dira langileak, berau hustu eta berriro arrandegian uzteko. Horrela, usain txarrak saihestuko ditugu, eta edukiontziak ez dira kalean egongo".

Azkenik eta, maiztasunaren bidetik, Tolosako udal gobernuak kontrol sistema deuseztatu du bere proposamenean.

Bilketa "merkeagoa"

Balizko bilketa sistema berriaren ezaugarririk teknikoenak azalduta, agerraldian datu ekonomikoak ere iragarri nahi izan dituzte. Horrela, Begoña Tolosa zinegotziak azaldu du, proposamen berriarekin sistema "merkeagoa" izango dela: "Udalak hondakin bilketarekin erlazionatutako hiru atal ordaintzen dizkio Tolosaldeko Mankomunitateari: bilketa bera, kudeaketa eta, azkenik, tratamendua".

Oraingoz, hiru atal horietako bakarraren kalkulua da egingarri, bilketarena, eta gastu hori 44.000 euroan jaitsiko litzatekeela azaldu dute: "Gaur egun 482.000 euroko kostua du Tolosako hondakin bilketak eta, gure proposamenarekin, 428.000 euro ordaindu beharko luke udalak".

Kudeaketaren nahiz tratamenduaren kostuak "aldakorrak" direla azaldu du Tolosak, herritarrek egindako sailkapenarekin lotutakoak baitira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!