Gero eta zabalagoa den kultur astea ospatzeko prest

Ezkerretik eskuinera, Elena Egiguren Gorosti guraso elkartekoa, Olatz Peon Tolosako alkatea, Arantxa Menendez Samaniegoko zuzendaria, Idurre Basterretxea Orixeko zuzendari ordea eta Feli Izagirre Asmo Berri guraso elkartekoa

Samaniego eta Orixe ikastetxeek III. kultur astea ospatuko dute urtarrilaren 20tik 29ra

Orain arteko bi edizioetan  Samaniego ikastetxea eta Gorosti guraso elkartea izan dira kultur astea antolatu dutenak, baina aurtengoan beste bi kide ere izan dituzte antolakuntza lanetan: Orixe Institutua eta Asmo Berri Guraso elkartea.

Urtarrilaren 20tik 29ra bitarteko ekimenak eskolan, kalean eta Topic-en egingo dituzte, eta saio guztiak irekiak eta doakoak izango direla azaldu dute gaurko agerraldian.

Urtarrilaren 20an, Eta hik zer? tailerrarekin emango diote hasiera kultur asteari. Bizikidetza gaiaren inguruko tailer hau Baketik antolatu du eta Samaniegon egingo da. 40 pertsonek parte har dezakete, baina horretarako beharrezkoa da izena ematea eskolako telefonoan edo email bidez.

Gainera, saio guztietan haur txokoa izango dela adierazi dute. Eta ekimenetara joateko aukerarik ez dutenek sare sozialetan kultur astearen jarraipena egiteko aukera izango dela aipatu dute, bertan zabalduko baitituzte egiten dituzten ekimenen berri.

Olatz Peon alkateak eskerrak eman dizkie Samaniego eta Orixeko ordezkariei "egindako lan guztiagatik" eta "kalitatezko" kultur astea antolatzeagatik. Kulturari ekarpen "garrantzitsua" egiten dietela, eta guztia "gurasoekin elkarlanean" egiten dutela azpimarratu du.

URTARRILAK 20, ASTEAZKENA

17:30. Eta hik zer? tailerra, Samaniegoko Haur Hezkuntzako erabilera anitzeko aretoan.

URTARRILAK 21, OSTEGUNA

Goizez. LH6. maila eta DBH 1. mailako ikasleentzat hitzaldia: Tolosatik Tokiora bizikletaz, Lander Egiaren eskutik, Orixe Institutuan.

URTARRILAK 22, OSTIRALA

17:30. ¡Cómo hemos cambiado! ¿o no? hitzaldia, Marian Morenoren eskutik, hezkidetzan eta berdintasunean aditua. Topic-en.

URTARRILAK 23, LARUNBATA

11:00etatik 13:00etara. Ate irekien eguna Samaniego ikastetxean.

URTARRILAK 25, ASTELEHENA

18:00. Orixe Institutuan ate irekiak. Bertan eraikin berriaren berri emango da.

URTARRILAK 26, ASTEARTEA

17:30. Finlandiako hezkuntza sistemaren giltzarriak, gurean aplikatzeko modukoak? hitzaldia, Finlandiako hezkuntzan aditua den pertsona baten eskutik, Topic-en.

URTARRILAK 27, ASTEAZKENA

17:30. Sukaldaritza makrobiotikoa tailerra, Agurtzane Larañagaren eskutik, Samaniego ikastetxeko Haur Hezkuntzako Jangelan.

URTARRILAK 28, OSTEGUNA

17:30. Educar en y para el conflicto hitzaldia, Paco Cascón psikologo eta UNESCOko katedraren 'Bakearen kultura'-ko irakaslearen eskutik, Topic-en.

URTARRILAK 29, OSTIRALA

16:45. Haur jolasak, Larramendi auzoan. Jarraian, txokolate jatea eta Irantzu Mantxoren emanaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!