Bihartik aurrera, edukiontzi berriak erabilgarri izango dira Tolosan

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ots. 11a, 12:15
Patxi Amantegi eta Olatz Peon, Zerkausian egin berri duten agerraldian.

Tolosako Udalak abenduan iragarri bezala, inauterien ondoren gauzatu dute aldaketa; edukiontzi handiagoak izango dira, eta guztiak irekita izango dira, 24 orduz.

Inauteriak amaitu bezain pronto, Tolosako Udalak ekin dio hondakin bilketa sistema aldatzeari: bihartik aurrera indarrean izango da bosgarren edukiontziari lotutako bilketa, eta jada kalean ikus daitezke edukiontzi berriak.

Olatz Peon alkateak eta Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak eskaini dituzte bilketa sistema berriaren inguruko zehaztasunak eta, besteak beste, hauteskunde kanpainaren aurreko parte hartze prozesua hizpide izan du Peonek: "Ekarpen gehienak hondakin bilketaren ingurukoak izan ziren". Bere arabera, aurreko udal gobernuak aukeraturiko sistemak –errefusa eta organikoa egun mugatuetan eta edukiontzi txikietan jasotzearenak– "ez du balio Tolosako beharrei erantzuteko eta, hutsune horri erantzuteko kale garbiketa erabili behar izan da".

Horrela, beraz, proposaturiko sistema berrian, "efikazia eta efizientziaren arteko oreka" bilatzen saiatu dira, edukiontzien tamainak eta maiztasuna aldatuz.

24 orduz zabalik

Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak aldaketa nabarmenena azpimarratu du: "Irekita izango dira edukiontzi guztiak, beti". Horrekin batera, edukiontzien tamaina handiagoa izateak bilketa puntu gutxiago jartzea ere ekarriko du; guztira, 60-65 inguru, denetan edukiontzi guztiak elkartuz.

Errefusa eta organikoa biltzeko edukiontziak soilik izango dira berriak, eta pardelak ere errefus orokorraren edukiontzira bota beharko dira.

Sistemaren 24 orduko erabilgarritasunak merkatariekin izango du salbuespena. Izan ere, kartoi komertziala 20:00etatik aurrera atera beharko dute dendariek eta, arraindegien kasuan, beren hondakin organikoa atez ate jasoko diete.

Bi udal ordezkariek azaldu dutenez, hondakin bilketa sistema eta kale garbiketa estu loturiko bi zerbitzu dira, baina langile desberdinek gauzatzen dute. Horregatik, garrantzitsutzat jo dute informazioa eskaintzeko eskuorriak banatzea: "Aurreko sistema mistoarekin, sekula baino hondakin gehiago ikusi dugu lurrean eta, lurrean geratzen dena, ia beti, zuzenean errefusara joaten da". Horrela, beraz, eskuorri horietan bilketa egokia egiteko pausoak eskainiko dizkiete herritarrei, eta baita neurri berriak ezagutarazi ere: kartelak itsasteko herrian barrena ezarri dituzten panelak eta Toilekanak –txakurren komunak– bikoiztu izana, kasu.

"Etengabeko hobekuntza"

2013an hondakinen mahaia sortu zen Tolosan eta, alderdi guztiek plenoan onartu zituzten hiru baldintzen artean, bilketa tasarena zegoen: 2016an, %85eko tasara iristea. Olatz Peonek azaldu duenez, udalak eta herritarrek ardura partekatua izan behar dute birziklatzerakoan, eta "5. edukiontziarekin emaitza onak" lortuko dituztela dio: "Etengabeko hobekuntzaren alde egin dugu, kontzientzia kanpainak abiaraziz".

Horren harira, aipatzekoa da herritarrek iradokizunak egiteko aukera izango dutela, tolosa.eus atarian edo Udate zerbitzuan –udaletxeko harreran–. Halaber, orain artean musika eskolako hondakin bulegoan lanean aritu diren bi langileak kalera aterako dituzte, herritarrei behar bezala sailkatzen irakasteko, eta puntu beltzak identifikatzeko: "Hondakin gehien erdigunean pilatzen da eta, hor edukiontzi gehiago jarri beharrean, egunean bi aldiz pasatuko gara hondakinak jasotzera", dio Amantegik.

Aipatzekoa da edukiontziak zabaltzeko hankarekin palanka bat zapaldu beharko dela eta "herritarren erosotasuna" bilatu dutela horrekin: "Dena den, gurpildun aulkian doazenei ez die horrek balio, eta hobekuntzak egin behar ditugu", diote. Lurperatutako edukiontziak berreskuratzea izan liteke horretarako neurri bat, baina, Patxi Amantegik azaldu du lehengo guztiak berrezartzeak ez lukeela zentzurik: "Kostu ekonomiko handia da, eta beharraren eta hirigintza ikuspuntuaren arteko oreka bilatu beharko dugu; 3 edo 5 berreskuratzea aztertzen ari gara".

Azkenik, auzokonposta bezalako egitasmoak "sistema berriarekin uztartzeko eta hobetzeko" lan egingo dutela azaldu du Olatz Peon alkateak.

Tolosako zenbait puntutan jada ikusgai dira edukiontzi berriak eta, gainerakoak bihar, egunean zehar, aldatuko dituzte. 2014ko azaroan ezarritako sistemak gaur izango du azken eguna, beraz, baina sistema hartarako sortutako txipa edo txartela gorde egin beharko dute herritarrek: "Hondakin organikoa botatzeko poltsak txartel horrekin hartzen jarraitu beharko dute tolosarrek, makinetan".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!