«Giza hizkuntzaren garapena argitzea dugu helburu»

Iosu Iturrioz 2016ko ots. 14a, 21:06

Ingeniaritza Mekanikoan eta Psikologian graduatua da Manex Lete. Lehenik ingeniaritza ikasi zuen. Gradu horrek sortutako sentsazio «gazi-gozoa» bide, psikologia ikasteko hautua egin zuen. Ikerkuntza munduan lanean jarduteko helburua zuen betidanik, eta bete du. Ez edonon: Basque Center on Cognition, brain and language ikerketa zentroan (BCBL).

Gazte tolosarra «oso pozik» dago BCBL-k eskainitako aukerarekin. Duela urtebete eskas hasi zen burmuinaren eta hizkuntzaren ardatz dituen nazioarteko ikerketa-zentroan parte hartzaile lanetan. Eta denbora baterako geratu da.

Ingeniaritzan eta Psikologian zaude graduatuta. Bestelako alorrak dira, baina uztartu daitezke, ezta?

Ez dute antzekotasun gehiegirik. Ingeniaritza Mekanikoa industria munduari zuzenki lotua dago. Gradu hori ikasten hasi nintzenean mundu hori nuen gustuko. Ingeniaritza ikasketek sentsazio gazi-gozoa utzi zidaten, ordea. Betidanik izan nuen psikologia ikasteko gogoa, eta ingeniaritza amaituta psikologia ikasteari ekin nion. Egungo lanean bien uztarpenik topatu ez arren, BCBL barruan ingeniaritza ikasi dutenak aurki daitezke. Nolabaiteko lotura izan dezakete, hortaz.

Duela urtebete 'BCBL'-ko atea jo zenuen. Eta bertan geratu zara. Zure lekua topatu duzu?

Nire lekua topatu dudalakoan nago, bai. Hitzaldi batean BCBL erakundea ezagutu nuen. Lehen unetik oso erakunde interesgarria iruditu zitzaidan. Beraiekin harremanetan jarri eta babyLAB departamentuan parte hartzaile gisa aritzeko hartu ninduten. Lehen bi hilabeteetan erakundeko hainbat atal ukitu nituen, baina azken lau hilabeteak departamentu horretan igaro nituen. Guztira, bertan sei hilabete egin nituen. Oso-oso gustura nengoen. Behin parte hartzaile lanak amaituta, unibertsitateko praktikak bertan egiteko baimena eskatu nion unibertsitateari. Baimena lortu eta urritik abendura bitartean graduko praktikak ere bertan egin ditut. Bigarren praktika aldia amaituta lankide batek lana utzi eta bere ordez, babyLAB departamentuan bi urtez lanean aritzeko aukera eskaini didate. Oso gustura nago, egia esan.

Zer egiten duzue 'babyLAb' proiektuan?

Proiektu horren bitartez giza hizkuntzaren garapena argitzea dugu helburu, haur elebakar zein elebidunen hizkuntza-garapena, hain zuzen ere. Hiru eta hamabi hilabete bitarteko umeak ditugu lagin gisa. Horien hizkuntza-trebetasunak zehazteko egokitzapen bisuala, buru-mugimenduen lehentasuna eta begiraden lehentasun intermodala neurtzeko prozedurak garatzen ditugu. Era berean, 28 hilabete bitarteko haurren ezagutza sintaktiko eta lexikoa ere ikertzen ditugu.

Zein da zure egitekoa?

Momentuz laguntzailea naiz eta argi dut laborategian denetik egin beharko dudala. Besteak beste, erresonantzia magnetikoko ikastaro bat gauzatu behar dut babyLAb proiektuko zenbait ikerketa atal aurrera eraman ahal izateko.

Egiten duzun lanarekin gustura zaude?

Psikologia ikasten hasi nintzenean ikerkuntza munduan lan egitea nuen helburu. Graduan zehar ikerkuntza munduaren lanketa prozesuan hutsune handia sumatzen nuen. Psikologiaren inguruan hainbat gauza ikasi bai, baina ez genuen batere ikertzen. Hutsune hau bide, BCBL nire nahiak asetzeko aukera aparta zela jabetu nintzen. Bertan ia urtebete igaro ondoren, zuzen nenbilela ohartu naiz.

Hainbat alor lantzen ditu ikerketa zentroak, guztiak hizkuntzaren jabekuntzarekin, ulermenarekin eta ekoizpenarekin lotuak. Euskararen garapen prozesua ere bai?

Ez dugu euskararen azterketa zehatzik gauzatzen. Bai euskararekin oso lotuak dauden hainbat ikerketa, ordea. BabyLAB-en kasuan esaterako, ikertuak diren ume guztien elebidun maila aztertzen dugu. Elebidunek eta elebakarrek eginiko frogak elkarren artean alderatzen ditugu.

Bestalde, hirurogeita bost urte edo gehiagorekin euskara ikasten hasi direnekin ere ikerketa bat abian dugu. Hauek adin tarte bereko euskal hiztunak ez direnekin alderatzen ditugu, beren garunaren eboluzioa aztertzeko.

Hitanoak ere badu bere lekua. Euskal hiztunen eta hitanoaren hiztunen arteko alderaketan oinarritutako ikerketa bat dugu eskuartean. BCBL-ek hitanoarekiko berebiziko interesa du. Hartzailearen sexuaren inguruko informazioa jasotzen du hitanoak. Berau aztertu nahi dute. Igorleak garunean zein unetan sexua kodifikatzen duen, alegia.

Zein dira ikerketa lerro nagusiak?

Lehenik eta behin, hizkuntza, irakurketa eta garapen arazoak aztertzeaz arduratzen den lerroa aurkitzen da. Nire departamentua lerro horretan kokatzen da. Bigarrena berriz, eleaniztasuna eta bigarren hizkuntzak ikasteaz arduratzen direnen ikerketa lerroa da. Azkenik, hirugarren lerroan, neurodegenerazioa, burmuinaren kaltetzea eta zahartze osasuntsua bezalako gaiak jorratzen ditugu.

Eta ikerketa teknikak?

Makina bat erabiltzen ditugu. Batetik, Erresonantzia magnetika funtzionala (FMRI). Aski ezaguna den erresonantzia makina xumea. Baita Elektroentzefalograma ere. Horren bitartez, garunaren azalaren jarduera elektrikoa neurtzen dugu. Teknika hori erabiliko dugu aurrez aipatutako hitanoaren ikerketa egiteko. Teknikaren zehaztasuna bide, sexu kodetzearen une zehatza topa baitezakegu. Bestetik, Eye tracking teknikak ere badu gure ikerketetan bere lekua. BabyLAB proiektuan lagin gisa izango ditugun hainbat umeri, paisaia ugariren irudiak erakutsiko dizkiegu. Ze puntutara begiratzen duten, puntu bakoitzean zenbat denbora igarotzen duten, begirada zenbat aldiz aldatzen duten... aztertuko dugu, besteak beste. Teknika horrek elebidun eta elebakarren begiratzeko moduaren inguruko ondorioak lortzeko balio izango digu.

2015 urte amaieran jasotako 'Severa Ochoa' sariaren harira, Migel Arozena 'BCBL'-ko zuzendariak lehen mailako ligan sartu berri zaretela aipatu du. Zer esan nahi du horrek?

Akreditazio hau jasotzea oso-oso garrantzitsua da guretzat. Horren bitartez, Estatu mailan liga indartsuenean sartzea lortu dugu, beste hogeita bi zentrorekin lehiatuz. Egiaztagiria lortzeagatik gainera, kudeaketan eta ikerketan jarraitzeko lau miloi euroko diru laguntza jaso dugu. Baina, badu berezitasun bat. Diru hori eraberritzeko erabili behar dugu. Gure eguneroko gauzak ezin ditugu diru horrekin finantzatu. Ikerketa berriak sortzeko, ikertzaile berriak ekartzeko... eta beste hainbat egitasmo berrietarako soilik erabil dezakegu.

Egiaztagiri horren bitartez, erakundearen hazkuntza prozesuan pausu garrantzitsua eman duzue. Etorkizunera begira zein berrikuntza nagusi egingo dituzue?

Batetik, logopeden eta terapeuten lanaren osagarria izango den euskarazko software bat sortuko dugu. Programa informatiko horrek dislexia, garapen arazoak edo ikasketa arazoak dituzten umeei hainbat froga egin ondoren, hainbat gaixotasun dislexia, diskalkulia, ataxia... diagnostikatzeko balio izango du.

Bestetik, Bilboko Gurutzetako Unibertsitate Ospitalearekin proiektu bat gauzatzen ari gara. Garunean tumorea duten bertako zortzi gaixorekin ikerketa bat egiten ari gara. Burmuinean hizkuntza kudeatzen den guneetan dute tumorea. Arrazoi hori bitarteko, hizkuntza galdu dute. Operatuak izan baino lehen, guregana jotzen dute hainbat froga egitera. Operazioan zehar, esna daudela eta kirurgialaria tumorea kentzen ari den bitartean, beste hainbat froga egiten dizkiegu. Behin operatu eta hiru eta sei hilabeteetara, berriz ere hobekuntzak ikusteko froga ugari egiten dizkiegu. Emaitza ikusgarria da benetan.

Bestalde, jende guztia parte hartzaile gisa aurkeztea bultzatzen dut. Bizipen interesgarria da eta gainera, diru pixka bat ere irabazteko balio du. Hautatua izateko ez da inongo baldintzarik bete behar. Ikusi besterik ez da ni nola hasi nintzen eta egun zein egoeratan nagoen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!