XIV Orduko Martxa 2016

Jatorrira itzuliko da XIV Orduko Martxa

Mikel Iraola 2016ko api. 13a, 13:17

1925. urteko izaera abenturazalera gerturatu asmoz, bi berrikuntza nagusirekin aurkeztu dute maiatzaren 29an ospatuko den XIV Orduko Ibilaldia. 

Urte olinpikoak bereziak dira Tolosaldeko mendizaleentzat, XIV Orduko Martxa tarteko. 1925. urtean hamalau laguneko talde batek ekin zion abentura baten aitzakian sortua, 1972. urtetik aurrera, lau urtez behin, ehunka mendizale elkartzen dira Tolosatik Aralarrerainoko joan-etorria egiteko.

Aurten maiatzaren 29an ospatuko da, eta antolakuntzak hastapen horietara atzera begiratua egin du aurtengo edizioa prestatzeko. "Izaera abenturazalea izan zuen lehen urteetan martxak, eta hortik zerbait berreskuratu nahi izan dugu", azaldu du antolaketan diharduen Aralarko Adiskideak elkarteko Asier Hilariok.  hori dela eta, bi aldaketa garrantzitsu izango ditu aurtengo XIV Orduko Martxak.

Janaririk ez, anoaguneetan

Lehen aldaketa anoaguneen ingurukoa da, ibilbidean izango diren sei anoaguneetan ura bakarrik emango baita. Hau da, ez da janaririk banatuko. Ez da ideia berria, 90. hamarkadara arte ez baitzen janaririk ematen. 

"Mendizaletasun buruaskia" bultzatu nahi dute horrela: "Edozein igandetan mendira ateratzen garenean beharrezko gauzak motxilan sartzen ditugu. Antolakuntzak janaria ematearekin mendizaletasun dependiente bat bultzatzen ari garela uste genuen", dio Hilariok. 

Horrek ere eragina izan du izen-ematean, prezioa merkeagoa baita. Azken edizioan mendizale bakoitzak 35 euro ordaindu behar zituen parte-hartzeko. Orain 15 euroko kostua izango du txartelak. 

Amezketa eta Tolosa artean, bi aukera

Bigarren berrikuntza, ibilbideari dagokiona da. 1925. urte hartan ibilbide osoa mendiz egin zuten, eta azken urteotan egin dituzte hainbat saiakera horra itzultzeko -egun 30 kilometro egiten dira errepidez-. Duela zortzi urte Lekunberriko sarrera Plazaolatik barrena egin zuten, eta azken edizioan San Migelek Guardetxerako bidea aitzinako bidetik egin zuten. "Erabaki aproposa izan zen, jendeak eskertu zuen". 

Baina errepide zatirik gogorrena, hain zuzen, amaierakoa da, Amezketa eta Tolosa artekoa. Hori dela eta, aurten zati hori egiteko bi aukera egongo dira, mendiz itzultzeko bidea ere diseinatu baitute: Amezketara jaitsi aurretik, minetako bidea hartu aurretik, Balerdi mendia inguratu eta Zarate eta Añi muinoetatik barrena Tolosara iristeko aukera izango da.

Ibilbide honek hiru kilometro gehiago izango ditu, eta aurreikuspenen arabera, ordubete gehiagoko iraupena izango luke. "Ibilbidea oso polita da, baina gogortasun aldetik asko exijitzen du. Jendea hori egitea gonbidatzen dugu, baina horretarako oso ondo prestatu beharko da". Halaber, parte-hartzaileek, bi ibilbideetako zein egin beharko duten ohartarazi beharko dute izena ematerakoan.

Amezketa da, gainera, ikusle gehien biltzen diren puntuetako bat. Horrek trafiko arazoak ere sortzen ditu, aparkatzeko batez ere. Hori dela eta, antolakuntzak doako autobusak prestatu ditu. 16:00etatik aurrera, Tolosako Zezen Plazatik ordu erdiro bi autobus ibiliko dira Amezketara joan etorriak eginez. Autoz joan beharrean, autobus horiek erabiltzeko deia egin du Aralarko Adiskideak elkarteak. Tolosan, berriz, Kiroldegiko eta San Esteban auzoko aparkalekuak erabiltzeko deia egin dute.

Izen-ematea eta beste hainbat ohar

Dagoeneko izen-ematea zabalik da kirolprobak.com atarian, eta dagoeneko 1.200 mendizalek eman dute izena. Muga 3.400 parte-hartzaileetan jarri du antolakuntzak. Aipatu bezala, aurten 15 euro ordaindu beharko dira, eta trukean kamiseta bat jasoko dute opari. 

Izen-ematea, ordea, ez da hor amaitzen, txartelaren bila pasa beharko baitute Aralarko Adiskideak elkartetik (Araba Etorbidea, 5). Horretarako epea mendi martxa bi aste lehenago zabalduko da, maiatzaren 15etik aurrera. Astegunetan 18:00etatik 21:00era; larunbatetan, 10:00etatik 13:00era, eta 16:00etatik 19:00etara. Txartela hartu gabe ezingo da parte hartu.

Horrez gain, lo egiteko aukera ere izango da. Berazubi Estadioko gimnasioetan tatamiak jarriko dituzte, eta zerbitzu hori erabili nahi dutenek izena ematerako orduan zehaztu beharko dute. 

«Martxa da, ez lasterketa»

Askotan errepikatu izan duten gaia da, baina aurten ere azpimarratu nahi izan dute XIV Orduko Martxa ez dela lehia bat, “lagunartean edo familiarekin, naturaz gozatzeko egun aproposa da, ez gehiago, ezta gutxiago ere”. Horregatik, kontroletatik zein ordutan pasa ahal izango duten zehaztuko zaie mendizaleei gainean eramango duten txartelean. Lehenago pasaz gero, ez dute kontrol hori pasako.

Hain zuzen, mendi martxa honen arrakasta izaera horretan dagoela uste du Olatz Peon Tolosako alkateak: “1925. urtetik mantendu da. Garai hartan ez ziren horrenbeste kirol proba antolatuko, baina orain maila altuko asko daude, baina arrakasta mantentzea ez da gauza erraza. Ezaugarri bereziak dituelako da hori, lehena iristea ez delako helburua, mendizale bakoitzak bere buruarekin lehiatzen duelako”. Zentzu horretan, Tolosako herriaren izenean, eskerrak eman dizkie martxa honen antolatzaileei: “Etenik ez dezala izan”.

Naturaz gozatzeko bide horretan, mendia errespetatzeko deia egin du Aralarko Adiskideak elkarteak. "Mendizaleak bagara mendia maite dugulako da", dio Hilariok. Horregatik mendia garbi mantentzeko eskatu dute. Horretarako, zaborrak gaika egoki sailkatzeko edukiontziak jarriko dituzte, eta bidean sortutako zaborra motxilan gordetzeko eskaera luzatu dute. 

Hainbat datu

2012. urtean 2.354 mendizalek parte hartu zuten mendi martxan, eta horietatik 2.209 iritsi ziren helmugara. Edizio jendetsuena, ordea, 2000. urtekoa izan zen, 3.000 lagunetik gora izan baitziren orduan. Gorakada nabarmenena 90. hamarkadan izan zen, zifra bikoiztera iritsi baitzen: 1988ko mila parte-hartzaile pasatxotik, 2.000ra pasa zen 1992an. 

XIV Orduko Martxak 69 kilometroko ibilbidea (hain zuzen, 68.529 metro) eta 1.946 metroko pendiza izaten du. Ibilbidearen ia erdia errepidez egiten da (30,3 km), beste 17,8 kilometro pistaz; 15,3 mendi-bideetan eta gainontzeko bost kilometroak jaitsiera oso maldatsuetan.

Orotara 17 herri zeharkatzen ditu martxak, Gipuzkoako 10 eta Nafarroako 7. Gutxienez 12 ordu behar izaten dira ibilbide osoa amaitzeko, eta gehienez 16 orduko muga jarria du antolakuntzak.

05:00etan irtengo dira lehen mendizaleak. 80 pertsonako taldeak irtengo dira minutuero, hortaz, Uli gainean egunsentia ikusteko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!