«Sistema berriarekin ez da gaikako bilketaren portzentajea jaitsi, eta hori zen gure erronka nagusia»

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 20a, 14:06
Patxi Amantegi, agerraldiaren une batean.

Patxi Amantegi Tolosako Udaleko zinegotziak herrian jarri den hondakin bilketa sistema berriaren balantzea egin du: "Lortu dugu genuena merkatzea, erosoago bihurtzea, garbiagoa izatea eta ekologikoagoa. Eta hau guztia gaikako bilketa tasa %70tik jaitsi gabe".

Otsailean jarri zen martxan bilketa sistema berria, eta aldaketa nagusiak zein izan diren azaldu ditu Amantegik: "Papera eta ontzi arinak beti bezala jarraitzen dute. Errefusaren eta organikoaren edukiontziak aldatu egin dira, 140 puntu izatetik 70 izatera, edukiontzi handiagoak dira, beti irekita daudenak, beraz kontrolik gabekoa. Hor erronka batzuk gainditu behar zirela ikusten genuen"

Urte hasieratik gaika jasotako tasen berri eman du zinegotziak: "Sistema zaharrarekin urtarrilean %73a izan zen, otsailean bi sistemak zeudela %67a jaitsi zen, martxoan %73a, apirilean %70a eta maiatzeko lehen bi asteetan %68a". Amantegik zehaztu du apirileko eta maiatzeko datuetan ez dagoela beira oraindik kontuan hartuta. "Mankomunitateak ez du beira jasotzen, Ecovidriok jasotzen du, eta datu horiek falta zaizkigu. Beira hilean 70.000 kilo izaten da gutxi gorabehera, eta horrek esaten digu erraz gaindituko dugula %70a". Amantegik argi du sistema berriarekin ez dela "gaikako bilketaren portzentajea jaitsi, eta hori zen gure erronka nagusia, sistemaren aldaketarekin lehen lortutako emaitza horiek lortzea".

Bestetik, sistemaren kostua jaitsi egin dela esan du zinegotziak, zehazki 482.000 eurotatik 428.000 eurotara. "Emaitza berdinarekin kostua jaistea oso garrantzitsua da", esan du. Kostuaren murrizketa bilketan erabiltzen den denboragatik dela gaineratu du: "Orain denbora gutxiago pasatzen dugu hondakin berdina jasotzeko. Horrek esan nahi du kamioiak denbora gutxiago daudela kalean. Batetik, traba gutxiago egiten dute, eta bestetik karbono monoxido eta dioxido gasen kopurua jaitsi egiten da. Orduan esan dezakegu sistema honek, tasa maila mantenduz, alde batetik merkatu egin duela, erosoago egin duela, eta kutsadura aldetik askoz ere ekologikoagoa dela".

Edukiontzien tamaina eta kontrol ezak "sistema erosoagoa bihurtu duela" esan du Amantegik, eta tolosarren erantzuna horren aurrean espero zutena izan dela, "ona": "Sistema errazten da eta jendeak egiten duena da ardura hori partekatu. Udalak egin du egin beharreko guztia ahal den errazena jartzeko gauzak, eta horren erantzuna da herritarrek ere bere partea egitea".

Edukiontzien dimentsioak "ondo kalkulatuta" daudela dio. "Zenbait puntutan maiztasuna handitu egin da, baina lortu duguna da edukiontzi puntuak gutxiago izatea, eta zabor guztia bertan sartzea". Arazoak badaudela dio Amantegik: "Hainbatek ezin dituzte sartu zaborrak bere lekuan, tamaina dela eta, baina lurrean uzten dituzte. Kale garbitzaileak hori ikusten duenean bere lekuan sartzen du. Horrek ahalbideratzen du puntu horiek garbi mantentzea. Lehen, puntu gehiago izanik, zailagoa zen hori horrela mantentzea". Kale garbitzailearen lanarekin, zinegotziak azaldu duenez, "alde batetik birziklatze maila igotzen da kaleko garbitzaile horrek zaborra bere lekura sartzen duelako, eta lekua askoz errazago mantentzen da garbi".

Amantegik herritarrak zoriondu ditu: "Esaten genuen bezala, sistema bat edo beste izan, jendearen parte hartzerik gabe ez dago ezer egiterik. Gure aldetik mila esker".

"Gauza asko ditugu hobetzeko"

Dena ez dela ona esan du zinegotziak: "Guk ere arazoak aurkitu ditugu. Beti esan dugu sailkatze sistema etengabeko lan bat izan behar dela. Gauza asko ditugu hobetzeko. Edukiontzia ireki eta barrura begiratu behar da hori ikusteko".

Batetik, poltsak edukiontzik kanpo geratzen direla azaldu du. "Edukiontzi horian poltsa handiak sartzeko zailtasunak daude. Edukiontzi zaharrak dira, eta orain 50.000 euroko kreditu aldaketa eskatu dugu edukiontzi berriak erosteko". Edukiontzi hori eta urdin zaharrak kendu, eta pedaldunak jartzeko asmoa dute; "horrek erosoago egiten du zaborra botatzea". Gastuaren erdia aldundiaren diru laguntzekin ordaintzea espero dute. "Saiatuko gara ere organikoen eta errefusarako edukiontzi berrientzako ordaindu genituen ia 90.000 euro horien erdia ere errekuperatzea".

Beste arazoetako bat organikoentzako edukiontzietan plastikozko poltsak aurkitu daitezkeela da. "Zenbaitzuk ondo sailkatzen dute organikoa, baina botatzerakoan plastikozko poltsa arrunt batean botatzen dute. Udalak urtean 60.000 euro gastatzen ditu konpostagarriak diren poltsetan. Poltsa horiek doan ematen dira, eta lortu daitezke musika eskolan Sporako langileak dauden lekuan, eta kultur etxean eta zezen plazan dauden makinen bitartez". Makina horietan aurreko sistemarekin erabiltzen zen txartela erabili behar da poltsak konpostagarriak hartzeko. "Doan izanik eta erraz eskuratu daitezkeenez, ikusten dugu ez dela aproposa bestelako poltsak erabiltzea. Poltsa konpostagarriak ez badira erabiltzen, konpostaje lana zaildu egiten da, eta guk nahi duguna da gure lana ahalik eta ondoen egin".

Beste zenbait gai ere aipatu ditu Amantegik, "sistema hobetzeko". Horrela, bihartik aurrera martxan jarriko dute sentsibilizazio kanpaina bat azoketan. "Ikusi dugu kartoiak, plastikoa, organikoa sortzen dela azoketan. Horiek gaika biltzeak arazoak ekartzen ditu. Bihartik aurrera edukiontziak jarriko dira eta saiatuko gara hori ere ondo jasotzen". Gai hori ez dela arazo handia kopuruaren aldetik dio zinegotziak, "baina bai iruditzen zaigula aproposa, bat egiten duelako bertako azoken filosofiarekin. Izan behar du bertako produktua eta zikloa ixten duen esparru bat. Zikloa ixte horretan zaborraren kudeaketa ezinbestekoa da. Produkzio ekologikoa badugu eta gero zaborra dena nahastu egiten badugu, ez da oso egokia".

Bestetik "berrerabilpena sustatu, landu eta bultzatu" beharko dela esan du, eta garbigunea erabiltzea ere bai. Azken gai bat ere aipatu du Amantegik: "Kartoi komertzialarekin ere lanketa egin beharko dugu. Asko ari gara jasotzen, baina oraindik ere baditugu hainbat puntu gatazkatsuak direnak. Oraindik kartoi hori uzteko puntu bezala edukiontziak erabiltzen dira". Hori ekiditeko bi arrazoi azaldu ditu zinegotziak: "Batetik, sistema ez kolapsatzea, eta bestetik, prezio ezberdina duela. Kartoia paper bezala saltzen bada etekina txikiago da".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!