#TolosaZilarrera

Zilarrera bidean jarri dira

Mikel Iraola 2016ko mai. 27a, 23:51

Handia egin du Tolosa Eskubaloiak. 30-24 irabazi dio Kordobari partida borobila jokatu eta gero. Harmailetan ere gozamena izan da nagusi. 

Denbora luzean gogoratzekoa. Halakoxea izan da gaur Usabalen ikusitakoa. Tolosa Eskubaloiak bere onena eman du, eta horrelakoetan gertatu izan den moduan, maisuki gailendu da markagailuan.

Egia esaterako, Tolosak ez du inongo unetan garaipena arriskuan ikusi. Are gehiago, kantxan transmititzen zituen sentsazioak bikainak ziren: nagusitasuna eta lasaitasuna. Akaso hori izan da gaur garaipena lortzeko gakoa, ez erotzea, lanean zentratuta egotea. 

Lehen minutuak oso parekatuak izan dira, baina Tolosak pare bat goleko aldea hartu du eta horri eusten zion minutuak pasa ahala. Lehen zatiko azken bost minutuetan eman du lehen zartakoa Alex Noguesen taldeak. 9-9kotik 14-9kora igaro dira. Horrek indarrak eman dizkio talde urdinari. Zaleak, bitartean, gozatzen ziren. 

16-12koa zen emaitza atsedenaldian, baina bigarren zatiko lehen minutuetan bigarren zartakoa eman du: 19-12 jarri dira. Zazpi goleko tarte hori, erabakigarria izan da. Andaluziarrak lur jota zeuden, etsita.

Laura ere gerturatu dira kordobarrak (23-19), baina Tolosak lau gol sartu ditu jarraian, eta ia erabakita utzi du partida, oraindik dozena bat minutu falta zirela. Hortik aurrera, lanean berdin jarraitu eta guztia kontrolpean izaten ahalegindu da Tolosa. Baita lortu ere: amaieran, 30-24. Aipatzekoak Urtziren geldiketak partida osoan zehar. A zer nolako partida jokatu duena atezain irundarrak! Erasoan, berriz, Ioritz Goikoetxea izan da onena, zortzi golekin.  

Honenbestez, lehen pausua, emana du Tolosak, Zilarrezko mailara bidean. Bihar, hurrengoa. Aurrera urdinak!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!