Euskal Herria plazako hotela, bidean

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko eka. 29a, 12:55
Hainbat adostasun bildu zituen atzo, ekaineko ohiko osoko bilkurak.

Atzoko ohiko osoko bilkuran obra publikoko kontzesio espedientea onartu zuen udalbatzak; Ezpala gaztetxearen inguruan sorturiko auzi judizialak bertan behera uzteko akordioa ere onartu dute.

Gai-zerrenda luzea eta gai-zerrenda potoloa, biak zituen ekaineko ohiko osoko bilkurak. Bi orduz luzatutako saioak, ordea, zenbait fruitu eta akordiori bide eman zioten pleno aretoan, Euskal Herria plazan eraikitzekoak diren hotel eta jatetxearen obra-kontzesiorako espedientea aho batez onartzea, kasu.

Badira jada, zenbait urte, Euskal Herria plazako gazte-etxebizitzen azpian turistei ostatu emateko proiektu bat martxan jarri zenez geroztik, eta orain iritsi da aurreproiektua. Ibai Iriarte EH Bilduko ordezkariak azaldu zuenez, "garai txarrak izan dira finantziazioa eskuratzeko, baina orain, egiteko aukera dago, eta gure ustez herri honek behar du horrelako zerbitzu bat".

Bide horretan, Nerea Letamendia (EAJ) azoka eta turismo zinegotziak argitu zuen, plenoan, aurreproiektuaren edukia. LKS enpresak Tolosan eta Tolosaldean eginiko azterketa bat oinarri hartuta diseinatu dute Euskal Herria plazako hotela eta, besteak beste, bi izarreko establezimendua izango dela argitu zuen Letamendiak: "Tolosako eskaria eta eskaintza aztertuta, beharrezkoa da kalitate eta prezio oneko eskaintza turistikoa garatzea. LKSk landurikoaren arabera, udalerrira iritsiko den bisitari kopurua igo egingo da, Donostiatik batez ere, eta erronka berriak sortuko dizkigu horrek".

Horrela, beraz, nahiz eta hasiera batean eraikin horretan gazteentzako aterpetxe bat egiteko aurreikuspena izan, turismo ikerketak honakoa erakutsi du: bikoteak eta familiak dira Tolosa gehien bisitatzen dutenak, eta baita enpresa nahiz kultur kontuengatik eskualdera bertaratzen diren bisitariak ere. "Gazteak gutxiengoa dira bisitarien profilean eta, beraz, aterpetxea aldian-aldian soilik erabiliko litzateke", azaldu zuen Letamendiak.

Obra publikoa kontzesio bidez esleituko du udalak, eta eraikineko lehen solairuan 19 logela – 2, 3 eta 4 pertsonarentzat– eta egongela izango dituen hotela eraikiko dute; guztira, 52 pertsonari ostatu emateko lekua izango du bi izarreko establezimenduak.

Beheko solairuan, berriz, jatetxe eta kafetegia onduko dituzte, hotela osatzeko: "Bi jarduerak eskutik joateak errentagarritasuna emango dio proiektuari, gainera, eta oso egokia da".

Ibai-ertzaren ajeei, irtenbidea

Herritarrek Laborde-Labaien izenez ezagutzen duten eremuak urteak daramatza egoera txarrean, geldirik. Agintari kaletik Gorriti plazara doan esparrurako proiektu eta aurreikuspenak 1990eko hamarkadan garatu zituen Tolosako Udalak, baina udaletik kanpoko erakundeek oztopatu dute herriko eremu hori eraberritu eta egokitzea: Ur Agentziak eta Kantauriko Konfederazio Hidraulikoak.

Erakunde horiek ez dute bat egin izan, uholde arriskua duen gune horretako lanak nola bidera litezkeen erabakitzeko. Ondorioz, EAJk nahiz EH Bilduk salatu zutenez, Tolosako herritar, komertzio nahiz udalak kalteak jasan ditu urteotan guztiotan: "Alde Zaharreko espazio horretan udalak ezin izan du ezer garatu, eta bizilagun askok alde egin behar izan dute; baita komertzioek bezeroak galdu ere. Herritar askok ez dute ezagutzen hori geldirik egotearen arrazoia, eta ondare galera izugarria iruditzen zait", azaldu zuen Ibai Iriartek.

Dena den, gobernua nahiz oposizioa "oso pozik" azaldu ziren bi erakundeen adostasunak Laborde-Labaien eremuko azpiegiturak egitea ahalbidetu izanarekin. "Etxebizitzak eraiki ahal izango dira bertan, eta eremu osoa berrurbanizatu ere bai. Gainera, ibaiaren ondoan pasealeku bat egingo dugu, eta lurpean aparkalekuak eraikitzeko baldintzak onak direla berretsi dute bi agentziek, askotan zalantzan jarritako puntua den arren. Azkenik, ibaiari pasabide zabalagoa utziko zaio, uholdeak saihesteko", zehaztu zuen Olatz Peon alkateak.

Prozesu luze horretan hainbat udalbatzak lan egin dutela azpimarratuz, horiei guztiei zorionak eman zizkien alkateak, eta udalbatzako kide guztiak bat etorri ziren, 1990eko hamarkadatik honako kalte-ordainak eskatze horretan.

Musika Sevendeneara

Herriko musika talde gazteek entsegu lokalak behar dituztela eta, Tolosako Udalak permuta bat –truke bat– onartu zuen bilkuran, Sevendenea eraikina jabetzan hartzeko. Donostia etorbideko eraikina da, antzina hiltegia zena. Eskolapioen jabetza zen azpiegitura, baina udalak onarturiko permutaren bitartez, Sevendenea Larramendi auzoko 14. zenbakiko lokal komertzialarekin trukatuko diete Eskolapioei.

Udal gobernuaren ustez trukea "aukera bat da, sormenari lekua eman behar zaiolako". Sevendenea egokitzeko eta gazteen beharrei erantzuteko gazteekin eurekin elkarlanean ariko direla azpimarratu zuen Olatz Peon alkateak, "egokiagoa baita hori, zuzenean eraikina berritu eta ondoren taldeak bertan kokatzea baino". Horrekin batera, Tolosako Gazte Asanbladako kideekin egindako bileretan "Sevendeneak beren beharrak ase ote zitzakeen galdetu genien, proposamena luzatuz"; gobernuaren iritziz, Larramendiko lokalean musika taldeak aritzeak bizikidetza arazoak sor ditzake.

Oposizioak, ordea, desadostasun nabarmena azaldu zuen hiltegi zaharra gazteek ustiatzeko trukatu izanaren inguruan. Ibai Iriarteren hitzetan, "eraikina oso egoera txarrean dago, eta udalak baino askoz ere gehiago irabazten du beste aldeak, trukearekin". Halaber, EH Bilduk egokiagotzat du Larramendiko lokal berriari insonorizazio egokia egitea, Sevendenea erabat berritzeko proiektu eta lanak gauzatzea baino.

Negoziazioek, fruitua

Ohiko osoko bilkura askotan bezala, atzokoan ere zenbait mozio txertatu zituzten gai zerrendan. Horietako bat herriko zenbait gazte taldek aurkezturiko testua zen, baina idazkariak irakurri aurretik, alderdi politiko bakoitzeko ordezkariak eta gazteen ordezkariak aretotik irten ziren, edukia negoziatu eta akordio batera iristeko.

Ia 45 minuturen ondoren, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta gazteek bi puntu adostu zituzten, mozioa bertan behera utziz. Batetik, Ezpala gaztetxearen aferak sorturiko prozesu judizialak bertan behera uzteko eskaria egingo du Tolosako Udalak, gazte horien egoera gainditzeko. Era berean, beharrezkoa balitz, Tolosako Udalak bitartekaritza erabiliko luke gazteekin elkarlana lortu eta adostasunetara iristeko.

Azkenik, aipatzekoa da LGTBIQ eskubideen aldeko mozioa eta Orixe BHIko eraikina berritzea eskatzeko mozioa ere onartuak izan zirela. Azken horren kasuan, beharrak larritasuna duenez, 2016a bukatzerako egutegi zehatza eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzari, eta eraberritzea, gehienez ere, 2018ra bitartze luzatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!