Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Administrazioko hizkuntza eskakizunak berrikusi behar dira»

Rebeka Calvo Gonzalez 2016ko ira. 15a, 08:00

Enplegua eta industria indartzeko neurriak hartu behar direla dio PSE-EEko Christian Fernandezek, izan ere, EAJren gobernuak gai honetan «utzikeriaz» jokatu duela uste du. 

Pasa den martxotik Tolosako Kirol zinegotzia da Christian Fernandez (Tolosa, 1990) Jose Ignacio Asensioren lekua hartu eta gero. Kazetaritza ikasketak egin zituen, baina musika aldizkari batean kolaborazio gutxi batzuk besterik ez dituela egiten dio. Zinegotzi eta militante lanetan dabil buru-belarri. Ekonomia suspertzeko plan berezia egin behar dela esan du.

Zeintzuk dira PSE-EEk Legebiltzarreko hauteskundeetarako dituen lehentasunak?
Lehenik eta behin enplegua eta industria berreskuratu nahi ditugu. Azken urteetan enpresa garrantzitsu asko galdu ditugu EAEn eta hori, batez ere, EAJren utzikeriaren eraginez izan da. EAJren mezua dena ondo doala da, baina ez da horrela. Azkenaldian itxi diren enpresa handien eraginez enplegua murriztu da eta ondorioz, bizi kalitatea eta ekonomia ere murrizten dira. Gure asmoa da plan bereziak diseinatzea honi aurre egiteko. Era berean, hizkuntza aipatu nahi dut, izan ere, ingelesaren bultzada galtzen ari gara, eta honek lehiakortasunarekin, enpleguarekin eta formakuntzarekin du zerikusia. Uste dugu bultzada hori berreskuratzen badugu gure gazteak hobeto prestatuko  direla eta lehiakortasun hobe eta handiagoa izango dutela lanpostu hobeak aurkitu ahal izateko. Enplegua berreskuratzea ezinbestekoa da gure ustez.

Beraz, EAJren azken legealdiko balorazioa negatiboa da.
Alderdi batzuetan ez dugu balorazio negatiboa egiten, baina bai puntu jakin honetan. Industrian eta enpleguan murrizketak eman dira, eta hori beraien utzikeriaren ondorioz izan da. Dena ondo dagoela diote, baina Arcelor Mittal eta ACB galtzean ikusten da dena ez dagoela ondo. Lau urte hauetan ez dute industriarako plan berezirik sustatu eta hori egitea ezinbestekoa da.

Irailaren 11, Diada, pasa berri den honetan, independentziaren aldeko aldarria ere entzun da Euskal Herrian, zein jarrera izango du PSE-EEk independentziaren eta erabakitzeko eskubidearen aurrean?
Autogobernua berritu eta hobetzearen aldekoak gara. Argi dago ez garela independentziaren eta erabakitzeko eskubidearen aldekoak. Herritarren eskubideak defendatu eta bermatu nahi ditugu autogobernuaren berrikuntzaren bidez. Ikusten duguna da alderdi batzuk antzinako kontuekin datozela berriz ere, Elkarrekin Podemos esaterako. Erabakitzeko eskubidea defendatzen dute eta hori bakarrik defendatzen dutela dirudi, ia-ia ez dakigu bere hauteskunde programako beste ezer. Jendearen eskubideak defendatu nahi ditugu autogobernuaren bidez.

Azken urteetako murrizketak direla eta, osasun publikoko zerbitzua kaltetu dela salatu izan dute erabiltzaileek, bat egiten al duzue salaketa hauekin? Zer proposatzen duzue arlo honi dagokionez?
Osasun publikoa defendatzen dugu oso garrantzitsua baita jendearentzako. Zentzu honetan gure proposamena itxaron zerrendak murriztea da. Zerrenda nahiko altuak ditugu eta murriztu behar dira. Gure asmoa da itxaron zerrendak 24 orduetara murriztea.

PSE-EEk erraustegiaren aldeko apustu irmoa azaldu du, baina honetan ere badira  osasunarentzat kaltegarria izango dela diotenak.
Erraustegiaren alde gaude. Ekologia lantzen duten herrialde handi eta garrantzitsuek erraustegiak dituzte. Birziklatze emaitza altuak dituzten herrialdeek ere erraustegiak dituzte. Teknologia asko aurreratu da azken urteetan, eta oso seguruak dira, kutsadura oso gutxi botatzen dute, eta Europar Batasunak urte gutxiren buruan zabortegiak legez itxiaraziko ditu, beraz, guk ikusten duguna da erraustegia dela irtenbiderik egokiena. Birziklatzearen alde gaude, noski, baina dena ezin da birziklatu, eta nora joango dira birziklatu ezin daitezkeen hondakin horiek zabortegiak ixten direnean?

Azken egunetan bolo-bolo dabil PSE-EEK sareratutako bideo baten afera. Administrazioko hizkuntza eskakizunak diskriminatzailetzat jotzen dira bertan eta askok lotsagarria dela esan dute. Zer duzue esateko?
Guk hizkuntza normalizazioa defendatzen dugu. Bi hizkuntzen arteko normalizazioa nahi dugu eta administrazioan lan egiteko dagoen hizkuntza eskakizunen sistema berrikusi behar dela diogu. Badaude lanpostu batzuk non perfil oso altua eskatzen den eta hori ez da posible. Idoia Mendiak ETB1eko eztabaidan esan bezala auzitegiko mediku postua ateratzeko hirugarren maila behar da eta hori ez da posible. Logikoena hizkuntza eskakizunak lanpostuetara moldatzea izango litzateke. Lanpostu bakoitzean behar den maila bilatu behar da. Hizkuntzaren normalizazioaren bidean irizpideak berrikusi behar dira. Euskararen erabilera bermatu eta indartu nahi dugu, baina administrazioan hizkuntza eskakizunen berrikuspena beharrezkoa dela uste dugu.

Hizkuntzaren normalizazioan lan egiten duten euskal komunikabideek jasotzen duten diru laguntzak ere ezbaian egon dira, irizpideak aldatu dituzte eta ondorioz, finantzazioa izoztu egingo da nolabait. Zer iritzi duzue?
Garaia eta egoera ikusi beharko da. Gure asmoa ez da diru laguntzak jaistea edo kentzea, gu beti gaude diru laguntzak mantentzearen alde, baina bizi dugun garaia aztertu behar da. Lan asko egin beharko dugu diru laguntzak mantendu ahal izateko, baina ikusiko da.

Norekin osatuko zenukete gobernua?
Irailaren 26an ikusiko dugu hori, emaitzen arabera, baina gure asmoa alderdi guztiekin hitz egitea eta akordioak bilatzea da.

Espainian gobernua eratzeko ezintasunak eraginik izan al dezake Legebiltzarrerako hauteskundeetan jasoko duzuen babesean?
Honek eragina izango du hauteskundeetan, baina ez bakarrik guri dagokigunez, orokorrean baizik. Euskadiko aurrekontuak egiteko ez dugu Espainian zer gertatzen den ikusi behar, hala ere. Guk gure bidea egin behar dugu. Euskadi martxan jarri behar dugu eta horretarako herritar bakoitzaren botoa ezinbestekoa da.

Zer duzu esateko Arnaldo Otegiri hautagaitzaren debekuaren inguruan?
Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabaki bat da eta guk alderdi bezala ez dugu ezer esatekorik. Auzitegiaren erabakia errespetatzen eta onartzen dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!