Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Autogobernuan sakontzea da eskubide sozialetan aurrera egiteko modua»

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 16a, 14:28

Elkarrekin-Podemosek hauteskunde kanpainako ekitaldia egin du Tolosako Berdura plazan. Nagua Alba, Ahal Dugu alderdiko Euskadiko idazkari nagusiarekin batera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Gipuzkoako zerrendako kide Pili Zabala eta Iñigo Cabieces tolosarrek eta Jon Hernandezek hartu dute parte.

Bart gauean, telebista publikoan Alfonso Alonso PPko lehendakarigaiarekin izan zuen eztabaidari –Joxi Zabala zenaren arrebari atzoko eztabaidan esan zion ez dela "terrorismoaren biktima", baizik eta "gehiegikeria baten biktima"– aipua eginez abiatu du hizketaldia Pili Zabalak. "Isilune horrek asko esaten du pertsona baten giza kalitateaz eta giza kalitate gutxiko pertsonek asko dute ikasteko". Gaur goizean bertan, Alonsok txio bat kaleratu du Zabalaren anaia GALen terrorismoak erail zuela aitortuz eta atzoko telebista eztabaidan Pilik agertu zuen saminak hunkitu zuela esanez. Elkarrekin-Podemos koalizioko lehendakarigaiak eskertu egin ditu hitz horiek, baina enpatia keinu hori nahikoa ez dela esan eta pauso bat harago emateko eskatu dio Alonsori: "Bizikidetza eta bakearen bidea behin betiko egiteko, giza eskubideak errespetatzen ez dituzten legeak aldatu behar ditugu, pertsona guztiok egia jakiteko, justizia jasotzeko eta erreparaziorako eskubidea izan dezagun. Gaur egungoak lege injustu eta ankerrak dira".

Gizarte akordio berria

Autogobernuaz hitz egiteko baliatu dute hautagaiek Tolosako ekitaldia. Lehendakarigaiak nabarmendu duenez, "Espainiako Konstituzioak eta Autonomia estatutuak esaten dute pertsona guztiek etxebizitza duin baterako, osasun publikorako, hezkuntzarako eta enplegurako eskubidea dutela. Hori errealitatean ez da betetzen. Beraz autogobernu gehiago eskatzen dugunean, eskubide horiek egikaritzea eskatzen dugu". Akordio sozial bat eskatu du Elkarrekin-Podemosek, "demokratikoa, anitza eta integratzailea" izango dena eta eskubide sozial guztiak bermatuko dituena.

Hain zuzen, gazteek bizi duten prekarietateaz hitz egin du Iñigo Cabieces, Tolosako zirkuluko kide eta Gipuzkoako hautagaiak. "Lan baldintza hauek, geroz eta antz handiagoa dute esklabismoarekin. Dirutza balio duten masterrak ordaindu, etorkizuna hipotekatu gero etorkizunik ez edukitzeko. Hori da EAJtik egiten zaigun proposamena". Gazteek, Euskal Herrian bertan bizi eta lan egin nahi dutela esan du Cabiecesek. "Erakundeek babesten ez bagaituzte, gure oinarrizko eskubideak bermatzen ez badituzte, erakundeak aldatu beharko ditugu. Gauzak ezberdin egin daitezke".

Jon Hernandez, Gipuzkoako hautagaiak ere aipatu du "agortuta" dagoela gaur egungo markoa. "Indar korrelazioa bestelakoa zen garai batean lortutako akordioen emaitza da, baina ikusten dugu akordio horiek ez direla betetzen ari, bereziki arlo sozialean". Estatus berri bat aldarrikatu du Hernandezek gure herriarentzat. "Ni, alderdi komunistako kide gisa, errepublikar eta federalista naiz eta tokia dut koalizio honetan, Elkarrekin-Podemosen estatu plurinazional batean sinesten dugulako eta badakigulako Estatua herrien borondatetik eta nazioen errekonozimendutik bakarrik eratu ahal izango dela". Aukera hori kontsentsu gehien biltzen duena dela esan du zerrendako hirugarrenak.

Autogobernua tresna bezala hartu du Nagua Albak, Ahal Duguko Euskadiko idazkari nagusiak. "Giza eskubide eta eskubide sozialak babestu eta defendatzeko tresna da estatutua eta jendearen bizi kalitatea hobetzeko, autogobernu gehiago eskatuko dugu". Pili Zabala lehendakarigaiak duen "indarra eta energia" nabarmendu ditu Tolosako ekitaldian. "Euskadirako buruan dituen proiektuak ez dira Elkarrekin-Podemosek behar dituenak bakarrik, Euskadik behar dituenak baizik".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!