Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

«Herri honek prest egon behar du gehiengoak osatu eta hurrengo urratsa emateko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko ira. 20a, 14:58
Trianguloa plazan eskaini zuen mitina, EH Bilduk.

Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena aritu ziren, atzo, Euskal Herria Bilduk Tolosako Trianguloan antolaturiko mitinean; hiru zutabe nagusiren gainean marraztu zuten beren proposamen politikoa.

Astelehen arratsaldez jarri zuen hitzordua, EH Bilduk, Tolosako eta Tolosaldeko herritarrei beren gogo eta jomugak plazaratzeko. Lekua Trianguloa; hizlariak Nerea Kortajarena eta Maddalen Iriarte, eta lerroak hiru: justizia soziala, bakegintza eta demokrazia.

"Herri duina eraikitzera" doazela aldarrikatuz ekin zion bere esku-hartzeari, Nerea Kortajarenak, Euskal Herriaren behar sozialak nabarmenduz: "Sinestarazi nahi digute gero eta hobeto bizi garela, baina horiek irudikeria hutsak dira, krisiak eragindako baztertzea gordina baita".

Baieztapenari zenbakiak jarriz, Kortajarenak Gipuzkoari begirako hainbat datu eskaini zituen: "110.000tik gora herritarrek aitortzen dute pobrezia erlatiboan bizi direla, eta beste 38.000 gizon-emakume pobrezia gordinenean daude gaur egun". Horrela, beraz, oinarrizko errenta unibertsala bermatzeko "gogor" lan egingo dutela baieztatu zuen.

Halaber, biziraun ahal izateko neurrien gainetik jarri zituen, Nerea Kortajarenak, afektibitate beharrak ere. Besteak beste, goxotasuna, maitasuna eta zaintza bezalako baloreak beren agenda politikoaren "erdigunean" daudela zehaztu zuen, EH Bilduk "gizarte inklusibo bat" eraiki nahi duela azalduz: "Euskal Herrian beti egin izan dugun moduan, erortzean berriro jaikiz".

"Atearekin muturrean ala urratsak aurrera?"

Xabier Lizardi poetaren hitzak irakurriz hasi zuen, Maddalen Iriartek, bere esku-hartzea, eta Nerea Kortajarena kidearen hariari tiraz, justizia sozialari heltzeko beste hainbat arrazoi jaurti zituen mikrofonotik: "Murrizketak izan ditugu Osakidetzan, murrizketak hezkuntzan, eta hortik zehar galdutako milioika euro ere izan ditugu". Horren guztiaren aurrean, "presio fiskala areagotzea" proposatu zuen hautagaiak, "askoz hobeto bizi diren herrialdeetara begiratzeko".

Bi aukera jarri zizkien mahai gainean, bertaratuei: "Espainiara begiratu dezakegu, murrizketen estatura, edo begira dezakegu Europara, herrialde aurreratuagoetara, eskubide gehiago dituztenetara". Koalizioak bigarren aukerari heldu nahi dio bozen ondoren, baina Espainiak "hainbat arlotan erabaki ahal izateko erremintak kentzen dizkio Euskal Herriari", Maddalen Iriarteren arabera.

Horrenbestez, justizia sozialetik abiatuta aldarrikatu zuen erabakitzeko eskubidea: "Hemen eta orain, estatu izateko bideari ekin behar diogu. Datozen lau urteotan eskubide hori gauzatzeko gehiengoak egon daitezke, eta herri honek prest egon behar du, gehiengo horiek osatu, eta hurrengo urratsa emateko. Hori da, hain zuzen, datozen egunotan pentsatu behar duguna: zer nahi dugu, atearekin muturrean hartu, ala urratsak aurrera eman?".

Estatu propio batera iristeko bidean, azkenik, Maddalen Iriartek bakegintza izan zuen hizpide: "Herri honek asko sufritu du, eta ezin dugu, sekula, iragan horretara itzuli". Horrela, gatazkak emandako biktima guztiak gogoan izan zituen, "faxismoa, Franco, ETA, GAL, Batallón Vasco Español eta zuzenbide estatuak babestutako tortura" zerrendatuz. Presoen aferari begiratuz biribildu zuen saioa, "gaixo eta urrun daudenak etxera ekartzeko beharra" aldarrikatuz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!