Aldaba, sanmigeletarako prest

Tolosaldeko Ataria 2016ko ira. 28a, 11:54
Aldabako jaietako iazko herri bazkariaren une bat. ANDONI UZKUDUN

Bihar, San Migel egunean, botako dute txupinazoa, eta larunbatean eta igandean jarraituko dute ekitaldiekin.

Hiru egunetako jaiak antolatu dituzte Tolosako Aldaba auzoan. San Migel egunaren inguruan egiten dituzte festak, eta bihar arratsaldean hasiko da beraz egitaraua txupinazoarekin. Meza izango da ondoren eta jarraian herri afaria egingo dute. Joxe Ramon Emanalde festa batzordeko kideak azaldu duenez, «90 bat lagun bizi gara auzoan, baina festetan etortzen dira ere orain bertan bizi ez direnak, eta festetan denak elkartzen gara, jende talde polita biltzen gara».

Frontoia izaten da festagune nagusia, eta bertan egin ohi dituzte afari eta bazkariak. Orain urte pare bat frontoiaren bueltan toldoa jarri zuten eta ixteko aukera badute. «Horrek pixka bat salbatzen digu eguraldi txarra izanda ere, babes ona izatea», esan du Emanaldek.

Txirrindulari igoerarekin jarraituko dute larunbatean festa ekitaldiek. Klasiko bihurtu den kirol proba da. «Urte batean bertan behera utzi genuen, AHTaren obrak zirela-eta errepidea egoera txarrean zegoelako, eta jendea pixka bat haserretu zen», ekarri du gogora Emanaldek. Zahagiardoa egingo dute afaltzeko, norberak bere janaria eramanez eta festa batzordeak jarriko du edaria. Iaz 140 pertsona inguru elkartu ziren, eta espero dute aurten ere errepikatzea. Gauean trikitilariak ariko dira.

Igandean bukatuko dira festak eta egun osoko egitaraua izango dute. Goizean, meza, Sutarrikoen emanaldia eta toka txapelketa izango dute. Bazkaria catering bidez egiten dute, horrela antolatzaileek atseden pixka bat ere hartzeko. Herri kirolak izango dira arratsaldean, eta egun guztian zehar trikitilariek girotuko dituzte festak.

EGITARAUA

Irailak 29, osteguna

20:00. Txupinazoa. Ondoren, meza nagusia.

21:00. Herri afaria.

Urriak 1, larunbata

18:00. Aldabako VIII. Txirrindulari Igoera.

21:00. Zahagiardoa.

Ondoren. Izer eta Alabier trikitilariak.

Urriak 2, igandea

11:30. Meza nagusia.

12:30. Alegiako Sutarri dantza taldearen emanaldia. Ondoren, toka txapelketa.

14:00. Herri bazkaria.

18:00. Herri kirolak: Iñaki Kintana eta Asier Pellejero aizkolariak eta Idoia Etxeberria harri-jasotzailea ariko dira erakustaldiak eginez.

Egunean zehar, Ansorregi eta Larrañaga trikitilarien doinuek alaituko dute giroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!