«Gaztetan ez nekien zer ikasi, baina gauza bakarra nahi nuen: minbiziaren txertoa aurkitu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko urr. 18a, 08:02

Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da bihar, eta Olatz Leis tolosarrak zeresan handia izan lezake, egun hori noizbait ospatu beharrik ez izateko.

Gauza bakarra zekien, ikasketak aukeratzeko unea iritsi zitzaionean: minbiziaren aurkako sendagaia asmatu nahi zuela. Gaztetako amets hari eutsi, eta minbiziaren inguruko hainbat ikerketa lan-taldetan aritua da, Olatz Leis tolosarra. Krisiak zientziari ere gogor eragin dio, ordea, eta lankide batekin beren enpresa propioa sortu zuen, duela bi urte, minbiziaren aurkako botiken ikerketan jarraitzeko. Beste hainbat ikertzailerekin batera, eurak dira herritarren itxaropen, bularreko minbiziaren aurkako egunen antzekok azkenekoz ospatzeko.

Zertan aritzen zara lanean?

Urte askotan Donostian aritu izan naiz, Inbiomed fundazioak minbiziari begira duen ikerkuntza taldean. Askotan lan egiten genuen Onkologikoa fundazioarekin eta, gehienbat, bularreko minbizia aztertzen genuen. Duela hiruzpalau urte diru laguntzak jaitsi zitzaizkion fundazioari, lan erregulazio txostena martxan jarri zuten, eta minbizia ikertzeko saila itxi egin zuten. Ordurako, ikertzaile nagusiak eta biok ikusten genuen egoera gero eta kaskarragoa zela, eta bide berriak egiteko aukeren bila hasi ginen. Konturatu ginen industria farmazeutikoa gure atzetik zetorrela, guk ikerkuntza mailan egiten genuen entsegu kliniko mota bat, beren botikekin proban jartzeko. Ikertzen jarraitzeko negozio aukera bat iruditu zitzaigun, eta enpresa bat martxan jarri genuen, Zamudion. Minbizia mota guztiak ikertzen ditugu han.

StemTek Therapeutics da zuen enpresaren izena. Zein da zuen ikerketa-lerro espezifikoa?

Gaur egun onkologian erabiltzen diren tratamendu konbentzional gehienek, kimioterapiak eta erradioterapiak alegia, tumoreari bere osotasunean erasotzen diote. Eta, noski, horrek ezaugarri txarrak zein onak desagerrarazten ditu. Azken hamar urteotan minbiziaren inguruko ikerketek nahiko argi utzi dute tumoreetako zelula guztiak ez direla berdinak eta, gure ustez, bada ohiko tratamenduek saihesten duten zelula multzo bat: metastasiak sortzen dituzten zelulak. Ingelesez cancer stem cell deitzen zaie, hau da, minbizidun zelula amak. Terminoak zehaztea garrantzitsua da, izan ere, zelula amak asko erabiltzen dira medikuntzan, sendatzeko eta, atzerrira joaten garenean, izenak berak eztabaida sortzen du.

Zelula ama txarrak dira?

Berez ez dira zelula ama normalak. Nolabait, zelula amen gaitasunak jaso dituzten zelula helduak dira; okerreko atzerapauso bat egin dute. Baina ez dira sendatzeko erabiliko genituzkeen zelula amak. Eta guk, zelula multzo horiei eraso egiten dieten botikekin saiakerak egiten ditugu. Lerro zelularrekin lan egiten dugu, eta baita gizakien laginekin ere, proiektupean baldin bada.

Zein ikasketak eraman zaitu lanpostu horretara?

Biologia ikasi nuen. Ikastolan nenbilela, zientzien edo letren arteko aukeraketa egiteko eskatu zigutenean, ez nekien zer ikasi behar nuen, baina nik gauza bakarra nahi nuen: minbiziaren aurkako txertoa aurkitu. Iruñean egin nituen unibertsitate ikasketak, eta beste lau urte pasatu nituen laborategian. Tesia Bilbon egin nuen, EHUn, eta handik Donostiara joan nintzen. Europar beka bat jaso nuen Italiara joateko, eta handik Donostiara itzuli nintzen, StemTek Therapeutics sortu bitarte. Minbiziaren inguruan aritu izan naiz beti.

Gizarteak gehien eskertuko lukeen sendagaia izan liteke minbiziarena, akaso?

Baietz uste dut. Alzheimerra eta antzeko gaixotasunak, minbizia eta gaixotasun kardiobaskularrak dira jende gehienari eragiten diotenak.

Zenbat denbora behar da ikerketa batean, aurrerapauso bat lortzeko?

Askotan sekulako aurrerapausoak lortu ditugula kontatzen dute, eta jende askok pentsatzen du handik bi egunera sendagaia eskura izango dutela. Baina, laborategian oso emaitza onak lortu eta animalietara helduta ere, hamar urte behar dira entsegu klinikoak egiteko; oso luzea da. Gainera, askotan animaliek izaten duten erreakzioa eta gizakiek izaten dutena oso desberdina izaten da.

Zu hasi zinenetik hona, minbiziaren esparrua garatu da?

Gehienbat, prebentzioa eta diagnosia. Orain, adibidez, 35 urtera jaitsi nahi dute mamografiak egiteko adina. Horrek gaixotasuna lehenago hautematea dakar: minbizia ez dago hain garatuta, eta tratamenduaren emaitzak hobeak izaten dira. Baina, tratamenduei dagokienez, ez da aurrerapauso handiegirik eman. Onkologoek baieztapen hori ez dute gustuko izaten, baina hala da.

Bizi-ohitura osasuntsuak izanda ere, gaur egungo herritarrek zenbateraino egin dezakete ihes minbiziagandik?

Egia esan gutxi. Argi dago gure esku ez dagoenari ezin diogula ezer egin, baina gure elikadura, neurri batean, zaindu dezakegu. Prozesatutako elikagaiak jango ditugu, daramagun bizi erritmoagatik, baina zenbat eta gutxiago jan hobe. Azken finean, puntuak jasotzen joango bagina bezala da: kutsadura, estresa, elikadura,... Eta, gainera, genetikoki minbizia izateko erraztasuna baldin baduzu, okerrago.

 
Jendeak zientziaren aurrerapausoekin itxaropena duela iruditzen zaizu?

Gero eta gehiago. Tesia egiten ari nintzenean, adibidez, askok galdetzen zidaten lanean noiz hasiko ote nintzen; jada lanean ari nintzen. Orain ikerlarion lana gehiago ezagutzen du gizarteak. Zerbait lortzen den bakoitzean medikuak ateratzen dira prentsan, eta ez ikertzaile taldea, baina hor ere aldaketa bat sumatzen dut: medikuak konturatu dira elkarlana behar dela eta, azken finean, bata-bestearen hutsuneak betetzen dizkiogula elkarri.

Finantziazioa izan ohi da ikerketaren arazoetako bat. Euskal Herrian zein da egoera?

Espainiako egoerari begiratuz gero, Euskal Herrian askoz ere hobeto gaude, baina, Europa iparraldearekin alderatuta, gure errealitatea oso eskasa da. Diru-laguntzak badira, bai, baina akuilu modukoak dira, eta jasotako diru kopurua ez da nahikoa seriotasunez proiektu bat aurrera eramateko. Noski, erakundeek ere beren mugak dituzte, eta arrisku bat du zientzian inbertitzeak, baina beharrekoa da aldi berean.

Jende askok jotzen du atzerrira, lanera?

Bai, nik lagun asko ditut, baina itzulera ez da batere erraza. Kanpoan mundu profesional zoragarria ezagutu arren, hona itzuli eta lanpostu arrunt bat izatea da ohikoena. Zertarako balio du sekulako esfortzua egiteak, hemen geratuta egoera berean egoteko? Niretzat, adibidez, sekulako esfortzua litzateke atzerrira joatea, familiagandik urrun.

Une honetan, zein puntutan dago StemTek Therapeutics-en ikerketa lana?

Duela bi aste produktu bat merkaturatu dugu. Farmazeutika handiei asko kostatzen zaie beren molekulak beren etxetik ateratzea eta, beraz, guk alderantzizko bidea egin dugu: gure materialarekin kit bat osatu dugu, eta beraiek entsegu klinikoak egin ditzakete, molekulak guri eman beharrik izan gabe. Oraingoz oso harrera ona izan du. Botikei dagokienez, gauza askoz ere polikiago doa. Lehenengo enpresa egonkortu behar dugu, eta hori zerbitzu eta produktuekin lortzen dugu. Behin oreka ekonomiko hori lortzen dugunean, ikerkuntza proiektu bidez gure botika garatzen joango gara. Pare bat molekula animaliekin probak egiteko puntura iritsi dira, baina hurrengo pausora iristeko behar den inbertsioa izugarria da. Orain programetako diru laguntzak eskatu ditugu, eta sekulako bultzada litzateke. Borroka hori da, botikekin ikertzeak gastu handia baitakar. Proba egiteko, adibidez, 8 milioi euro behar dira, eta entseguen %90 baliogabeak izaten dira. Beraz, Eusko Jaurlaritza bezalako erakunde batentzat oso arriskutsua da inbertsio horiek egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!